Koronabirusa

Ikasturtea amaitzeko erari, babesa eta kritikak

Hezkuntzako eragileek ez daukate iritzi bera Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ikasturtea amaitzeko eman dituzten jarraibideen inguruan. Orokorrean, sindikatuek egin dizkiete kritika gogorrenak instituzioei.

Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Hezkuntzako eragileen artean askotariko iritziak sortu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ikasturte amaierara begira zehaztu dituzten jarraibideek. Hala ere, gehienak ados daude hirugarren ebaluazioko curriculuma eta ebalutzeko moduak aldatzeko eraba- kiarekin.

AITOR IDIGORAS Steilas sindikatuko kidea
«Ez dira baztertu behar instrumentaltzatez dauzkaten ikasgaiak»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarritako neurriek «zentzua» izan dezaten, eragileen arteko adostasunak «ezinbestekoak» iruditzen zaizkio Aitor Idigorasi. Jaurlaritzari eskatu dio ez baztertzeko instrumentaltzat ez dauzkaten ikasgaiak: «Ulertu dezakegu ikasgai instrumentalen lehentasuna, baina horrek ez du esan nahi instrumentaltzat ez dauzkatenak baztertu behar direnik». Aldiz, Gasteizko gobernuarekin ados agertu da irakasleen eta ikasleen lana baloratzeko daukaten asmoarekin eta uztailean ikastetxeak ez irekitzearekin. Errepikatzeko jarritako irizpideekin ere bat egin du, «oso-oso salbuespenezkoa» izan behar duelakoan.

KOLDO TELLITU Ikastolen Elkarteko zuzendaria
«Positiboa da ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea»

Administrazioen jarraibideak baloratu aurretik, Koldo Tellituk zehaztapen bat egin du: «Egokia iruditzen zaigu gure hezkuntza sistemari buruzko erabakiak Madrilen eta Parisen ez hartzea». Ikasturte amaierarako jarraibideei dagokienez, egokia iruditzen zaio inork ez errepikatzea itxialdiaren ondorioz. Era berean, uste du garrantzitsua dela planean aurreikusita egotea errefortzuak, norbanako planak eta curriculum egokitzapenak. «Positiboa da ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea».

MIKEL ORMAZABAL Kristau Eskolako zuzendari orokorra
«Hezkuntza sailburuak aurkeztutakoa proposamen ona da»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurkeztutako plangintza ontzat jo du Mikel Ormazabalek. Curriculuma eta ebaluazio irizpideak egokitzea «garrantzitsua»iruditzen zaio, eta udan errefortzu ariketak egiteari «intentzio ona» ikusten dio. Uda pasatu eta datorren ikasturteari begira jarrita, berriz, eskaera bat egin du: «Proposamen ona da. Hirugarren ebaluazioko curriculuma aldatuko den bezala, aurreikusi beharko da hurrengo ikasturteko lehen ebaluazioko curriculumaren egokitzapena ere».

LURDES IMAZ EHIGEko koordinatzailea
«Ez dugu ulertzen udan etxean errefortzua egitea planteatzea»

Lurdes Imazek hainbat alde positibo ikusi dizkie Jaurlaritzaren jarraibideei, batez ere curriculuma eta ebaluazioa egokituko direlako eta errepikatzeak «salbuespena» izango direla berretsi duelako.Aldiz, ez du begi onez ikusten udako planteamendua: «Ez dugu ulertzen nola planteatu daitekeen udan ikasleek etxean errefortzua egitea». Segurtasuna bermatuta egonez gero, errefortzu hori ikastetxeanegitearen aldekoa da.

MARIA RODRIGUEZ Herrikoaren presidentea
«Hezkuntza Departamentuari eskatu genionaren ildotik doa»

Nafarroako Hezkuntza kontseilariak emandako jarraibideak Hezkuntza Departamentuari eskatu ziotenaren ildotik doazela esan du Maria Rodriguezek: hirugarren ebaluazioa egungo egoerara egokitzea, ikastetxe guztietarako jarraibideak zehaztea eta egoera honek inor ez kaltetzea.

IÑIGO SALABERRIA HEIZEren presidentea
«Potentzialak ditu zenbaitetan; besteetan, motz geratzen da»

Ikasturte amaiera zehazten duen dokumentuaren beharra azpimarratu du Iñigo Salaberriak. «Ikusten diogun gaitasunetako bat da ikastetxeek hartutako erabakien babes normatibo bat dela». Zentroei «autonomia handia» utzi zaiela uste du, eta orain autonomia hori gauzatu egin behar dela. «Zenbait gauzatan potentzialak ditu dokumentuak; beste batzuetan, motz geratzen da, baina moztasun hori egoerak baldintzatua da».

IRATI TOBAR LABeko irakaskuntza arduraduna
«Hezkuntza komunitateari bizkarra emanda egin da»

Irati Tobarren iritziz, berandu dator atzo aurkeztutako plana, eta, gainera, Espainiako Gobernuak ezarritako jarraibideei «segidismoa» egitea egotzi die.«Hezkuntza komunitateari bizkarra emanda egin da plangintza».

ELA
«Ziurgabetasunean utzi dituzte milaka hezkuntza langile eta familia»

ELAk salatu du ikasturtea amaitzeko planak ez duela zehazten aurrez aurreko eskoletara itzultzeari buruzko «erabaki irmorik». «Beraz, beste behin ere, ziurgabetasunean uzten ditu milaka hezkuntza langile eta familia». Hala ere, sindikatuak esan du «nahiko argi» geratu delaJaurlaritzaren asmoa dela ikasturtea amaitu aurretik zenbait ikasle eskola presentzialetara itzultzea, eta ELA ez dago ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.