Ikasturte berrian D ereduan ikasiko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %70ek

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak 2024-2025eko ikasturterako helburuen berri eman du: besteak beste, «euskal eskola publikoa eraldatzeko eta hobetzeko» I. plan estrategikoa garatzen hasiko dira.

Ikasturte hasiera
Pedrosa, Pradales eta Txurruka, Orokieta herri eskola bisitatzen, gaur goizean. JON URBE/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Zarautz
2024ko irailaren 6a
12:22
Entzun

Iritsi zaie eguna Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleei ere: gaur hasi dira unibertsitatez kanpoko 358.463 ikasleak ikasgeletara itzultzen.

Hizkuntza ereduari dagokionez, euskara hutsezko ereduan ikasiko dute gehienek: %70 D eredura joango dira; %16, B eredura; eta gainerako %13a, A eredura. Sare publikoan, alabaina, euskarazko eredua izango da nagusi: %94 D eredura joango dira. Sare horrek itunpekoak baino ikasle gehiago hartuko ditu: ikasleen %51,6k eskola publikoetan eman dute izena. Matrikulazio orokorrean badago aldea maila batzuetatik besteetara: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulazioak %3 inguru jatsi dira; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan «gutxi» aldatu dira; eta Lanbide Heziketan %6,18 igo da ikasle kopurua.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Zarauzko Orokieta herri eskolara (Gipuzkoa) egindako bisitan eman dituzte datuok. Hain zuzen, bertan egin dute ikasturte hasierako ekitaldia.

Pedrosak zehaztu du hasi berri den ikasturtean zein lan ildo izango dituzten: lidergo pedagogikoan eta ikaskuntza eta ebaluazio eredu «eraginkorretan» aurrera egiten jarraitzea, «ikerketa aplikatuaren eskutik eta maila guztietan»; ekitatean aurrera egitea; eta bizikidetzaren eta ongizatearen esparrua lantzen jarraitzea.

Halaber, garatu asmo dituzten proiektu zehatzen berri ere eman du. Esaterako: «2024-2025eko ikasturtean euskal eskola publikoa eraldatzeko eta hobetzeko lehen plan estrategikoa garatzeari ekingo zaio, sistemako ikastetxeen hezkuntza kalitatea hobetzeko, hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatzeko eta erronka berriei eraginkortasunez erantzungo dien ibilbide orri argi eta egituratu bat izateko». Ziurtatu du «curriculumean sakontzen» jarraituko dutela ikastetxeetan, «hobetzeko estrategia integral batekin, digitalizazio planaren jarraipena eginez eta hezkuntza orientazioa indartuz».

Pedrosak ez ezik, Pradalesek ere hartu du hitza. Iaz onartu zuten EAEko Hezkuntza Legea izan du hizpide, ikasturte honetarako baliagarria izango delakoan: «Ziur nago Hezkuntza Lege berria funtsezko tresna izango dela, ikasleei hainbat konpetentzia eta ezagutza eskuratzen lagunduko dien tresna». Gainera, adierazi du beharrezkoa dela eskola segregazioari aurre egitea, «segregazioaren aurkako itun sozialaren bidez».

Baliabide gehiago

Horiek horrela, Hezkuntza Sailak 2024-2025eko ikasturterako baliabide gehiago jartzea erabaki du. «Inoiz baino irakasle gehiago daude». Hain zuzen, sare publikoan lanaldi osoko 756 lanpostu gehiago jarri dituzte. Horietaz gainera, pedagogia terapeutikoko 69,5 lanpostu gehiago ere egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.