Ikastolen Elkartearen VII. batzarra egingo dute ekainaren 22an, «hurrengo urteetako helburuak ezartzeko»

Euskal Herriko ikastolen ordezkariak Iruñean bilduko dira. Nabarmendu dute ikastolen ekarpena «ezinbestekoa» dela gaur egun ere.

Ikastolen Elkartea
Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaur, Albaolan. IKASTOLEN ELKARTEA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 26a
14:23
Entzun

«Gaurtik begiratuta, biharko ikastolak irudikatzeko ordua dugu». Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolaren hitzak dira, gaur esanak. Hain zuzen, Ikastolen Elkartea gogoeta prozesu batean murgilduta dago; «datozen zortzi-hamar urteetako erronkei aurre egiteko eta helburu nagusiak ezartzeko», Ikastolen Elkartearen VII. batzarra egingo dute ekainaren 22an, Iruñean. Gaur aurkeztu dute hara iristeko prozesua, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian (Gipuzkoa).

Ikastolen Elkarteak hurrengo bideari, zortzi-hamar urtekoari, «sendo eta trinko» ekin asmo dio, Artolaren esanetan. «Helburu jakin batzuekin sortu ziren ikastolak, eta helburu horiek beraiek eta berriak ditugu ipar». Eta zer du emateko Ikastolen Elkarteak? «Uste dugu euskararen biziberritzerako eta hezkuntzaren eraldaketarako ikastolen ekarpena ezinbestekoa dela oraindik ere». Izan ere, Artolak nabarmendu duenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan «hedatuta eta egonkortuta» dagoen hezkuntza sare bakarra dira, murgiltze eredua oinarri dutena eta berrikuntza pedagogikoan «aitzindariak» direnak.

Halere, azken urteotako aldaketak direla eta, egokitzeko beharra ikusten dute. Eta hor kokatu dute VII. batzarra. Elena Zabaleta Nafarroako ikastolen lehendakariak zehaztu du helburua: «Ikastolen eta ikastolen mugimenduaren beharrezkotasuna berretsiko dugu, eta euskal gizarteari guztion artean egingo diogun ekarpena erabakiko dugu ikastolen VII. batzarrean». Beste helburu batzuk ere badituzte: ikastolen arteko kohesioa eta saretzea handitzea, ikastolen mugimendua indartzea, partaideek inplikazio handiagoa edukitzea eta erreferentzialtasuna irabaztea.

VII. batzarrerako bidea ez dute hutsetik hasiko. Dagoeneko Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua eta Zuzendaritza Taldea murgilduta daude eztabaida prozesuaren inguruko lanketan. Gogoeta horrek izan ditu emaitzak, eta ikastolen esku utzi dituzte hiru dokumentu: VI. batzarretik ikastolek egindako ibilbidea jasotzen duena, ikastolei eta hezkuntzari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnostikoa egiten duen txostena eta zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusten dituzten eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituen dokumentua.

ildo nagusiak

  1. Asmoa dute «ikastola eredua» indartzeko, hedatzeko eta sorreran zituzten balioak «eguneratzeko eta gaurkotzeko».

  2. Ikastolen Elkarteak jarraitu nahi du izaten Euskal Herriko ikastola guztientzako «aterpea» eta «erreferentziazkoa» den nazio mailako erakundea, eta ildo horretan sakontzeko urratsak proposatu dituzte.

  3. Haien hitzetan, gobernantza demokratikoarekin antolatuak daude, eta hezkuntza komunitateko kide diren guztien erantzukizun partekatutik bideratuta daude. «Horrela jardun nahi dugu ere etorkizunean, erabaki komunetan eta erantzukizun banaketan oinarrituz».

  4. Ikastolen autonomia bermatzen jarraitu nahi dute, «ikastola bakoitzak bere proiektua eraginkortasunez garatu ahal izateko».

  5. Diotenez, Ikastolen Elkarteak Euskal Herria bere osotasunean landuko du, «lurraldeen errealitate desberdinei eta aniztasunari zentzu komuna emanez».

  6. Nabarmendu dute ikastolek euskal herritar orori bermatzen dietela hezkuntza eskubidea, eta, ildo horretan, pertsonen aukera berdintasunean sakondu asmo dute. 

  7. Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta «euskal herritar izateko baliabideak» eskaini nahi dizkiete, «euren beharrak erdigunean jarrita».

  8. Ziurtatu dute ikastolon hezkuntza proiektua euskal curriculuma oinarri izanda eraikiko dutela.

  9. Euskarari ere aparteko arreta jarriko diotela jaso dute: «Ikastolen sorreratik helburu nagusia izan den euskara eta euskal kulturaren transmisioan jauzia eman nahi dugu, eta ardatz izango ditugu aurrerantzean ere. Benetako murgiltze eredua gauzatuko dugu, oraingo hizkuntza ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak eta euskararen ez-ofizialtasunak dakartzan oztopoak gaindituta».

Orain, txosten horiek ikastolen esku daude, eta VII. batzarrerako bidea ere marraztu dute. Martxoaren 7ra arte eskualdeka batuko dira ikastolekin, txostenak aurkezteko; ikastolek apirilaren 12ra arte izango dute aukera txostenei ekarpenak eta zuzenketak egiteko; apirilaren 15etik maiatzaren 14ra Artezkaritza Kontseiluak ikastoletatik jasotako ekarpenak eta zuzenketak aztertuko ditu, eta ebatziko du zein onartu eta zein ez; maiatzaren 15ean ebazpen horiek igorriko dizkiete ikastolei, eta ekainaren 21erako erabaki beharko dute beren botoa; azkenik, VII. batzarra egingo dute ekainaren 22an.

Azken batzarra, 2009an

2009tik dago Ikastolen Elkartea batzarrik egin gabe. «Gure estrategia eta ildo nagusiak berritu gabe ditugu ordutik», azaldu du Zabaletak. Uste du 2009tik aldatu dela gizartea, aldatu direla kezkak, erronkak eta eskakizunak. Ikastolek ere egin dituzte aldaketak, eta egokitzen jarraitzeko asmoa dute: «Ikastoletan ere aldaketak egin ditugu. Batzuk berariaz hartutako erabakiak izan dira; beste batzuk egoerari aurre egiteko edo egoerara moldatzeko hartutakoak. Hartuko ditugun erabakiak berariazkoak eta gogoetatuak izateko parada eskaintzen digu VII. batzarrak, eta horretarako egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.