Eusko Legebiltzarrak plazaratua du Hezkuntza Batzordeak onartutako irizpena: hor jasota daude EAEko Hezkuntza Legea izango denaren azken xehetasunak, eta, itxura batean, heldu den astean onartuko da Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Legeak izan duen ibilbidera begira, meharra da babes hori; hain justu ere, 2022ko martxoan Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienek bat egin zuten legearen ernamuin izan behar zuen akordioan, eta PP eta Vox bakarrik geratu ziren kanpo, baina desadostasunak gailenduz joan dira ordutik. Gaur, Ikastolen Elkarteak agerraldia egin du legearen gaineko balorazioa egiteko; Nekane Artola lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak esan dute «aukera galdu bat» izango dela.
Euskal Herriko hezkuntza sistemek «errotiko aldaketak» behar dituztela onartu du Artolak, eta lege hau bide horretan tresna ahaltsua izango zen esperantza zutela: «oinarri sendo bat» ezartzeko balioko zuela uste zuten. Horregatik, gogoratu du ekarpenak egiten ahalegindu direla legea ontzeko prozesuan, eta «eragile aktibo» izan direla, «galdu ezinezko aukera» zen ustean. «Irakurketa kritiko eraikitzaileak egin ditugu».
Legearen gainean hasieran talde politiko gehienek lortu zuten akordioak Ikastolen Elkarteari ere «itxaropenerako bidea» irudikatzen lagundu ziola azaldu du. Eta gogoratu du itun hartan bazirela aintzat hartu beharreko elementuak: «Iruditzen zaigu ausardia erakutsi zutela publikotasun berri baten definizioan eta euskararen normalizaziorako bidean».
«Ausardiak indarra galdu duela uste dugu. Aurrerapausoak eman beharrean, gainera, zenbait gaitan geldirik geratu edo atzeraka joan garela uste dugu». NEKANE ARTOLA
Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Testu horretan oinarrituta Eusko Jaurlaritzak egin zuen lege aurreproiektuan ere ikusi zituzten esperantzarako arrazoiak. Esaterako, zehaztu zen ikasleek zer gaitasun mailak eskuratu beharko duten hizkuntza komunikazioan, eta oinarriak jarri ziren Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrerarako. «Aukera esanguratsuak» iruditu zitzaizkien. «Gabeziak» ere ikusi zituzten, ordea. Eta ordutik hona egin den bidean, horiek gero eta agerikoagoak iruditu zaizkie. «Bidea luzea izan da, eta ausardiak indarra galdu duela uste dugu. Aurrerapausoak eman beharrean, gainera, zenbait gaitan geldirik geratu edo atzeraka joan garela uste dugu», esan du Artolak.
Hain justu ere, testuari zuzenketak egiteko fasean, bereziki, gero eta agerikoagoa izan da ados jarri ezina. PSE-EEk eta EAJk urrian hizkuntzen trataeraren inguruan adostutako zuzenketen harira, bereziki, kritikak ozenak izan dira; hizkuntza ereduei eustea erabaki dute, eta hizkuntza guztiak irakats-hizkuntza izateko bidea ere ireki dute. Negoziazioak egin dira horien gainean adostasuna lortzeko, baina, azkenean, azaro amaieran EH Bilduk erabaki zuen legearen kontrako botoa emango zuela. Elkarrekin Podemos-IUk ordurako argi azaldua zuen aurkako jarrera.
Eta talde politikoak ez dira ados ez dauden bakarrak. Euskalgintzak ere kritika ugari egin dizkio legeari. Eta eskola publikoaren aldeko eragileek ere bai.
«Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Horrek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du». JOSE LUIS SUKIA
Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusia
«Aukera galdua» dela esaten dute orain Ikastolen Elkartean, hiru motibo nagusirengatik. Sukiak ekarri ditu gogora. Batetik, «murgiltze eredu orokortua lortzeko zehaztasunik eza» ikusten dute testuan. Era berean, legean «hizkuntza ereduak» jaso izana ere atzerapausotzat daukate.
Kuoten korapiloa
Kritikoak dira proposatzen den «gobernantza ereduarekin» ere. Sukiaren ustez, «ausardia» falta da testuan. «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Horrek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du». Esan duenez, finantzaketarik gabe ezin dira landu «doakotasunerako» bideak, eta azaldu du legean ez dela jaso «aurrekontuak eta baliabideak zehazteko biderik».
Eta horrek zaildu egiten du hainbat korapilo askatzea. Itunpeko eskolek familiei kobratzen dizkieten kuotak hartu ditu hizpide, adibidez. Heldu den urterako aurrekontuei erreparatu diete, eta ez dute propio finantzaketa handitzeko dirurik ikusi. Horiek horrela, kuotak kobratzen jarraitu beharko dutela esan du, gainerakoan kontuak ez zaizkiela ateratzen: «Egunero ireki behar da pertsiana». Eta esan du egun ez dutela beste biderik jarduteko: «Doakotasuna noiz etorriko da? Baliabideak jartzen direnean».
Azkenik, «Euskal Herria bere osotasunean ahalbidetzeko» politikak sustatzeko tresna gisara ere herrena dela iruditzen zaie.