Ikastolen Elkarteak nabarmendu du «buru-belarri lanean» ari direla VII. batzarrera begira

Ikastolen Elkarteak hilaren 22an egingo du VII. batzarra, Iruñean. Ikastoletatik mila ekarpen eta zuzenketa baino gehiago jaso dituzte.

Ikastolen Elkartea
Ikastolen Elkartearen VII. batzarraren aurkezpena, artxiboko irudi batean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko ekainaren 3a
11:05
Entzun

Ikastolek badute egun bat ortzi mugan: Ikastolen Elkarteak ekainaren 22an egingo du VII. batzarra, Iruñeko Baluarten. Hara begira lanean ari dira «buru-belarri», ohar batean adierazi dutenez: «Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar biharko hezkuntzari, biharko ikastolei eta biharko Euskal Herriari egin nahi diogun ekarpenaz hausnartzen eta erabakitzen ari gara». Jada mila ekarpen eta zuzenketa baino gehiago jaso dituzte.

Ikastolen Elkarteak otsailean aurkeztu zuen VII. batzarra. Hara begira, hiru txostenen bueltan aritu dira lanean: ikastolen VI. batzarretik hona egindako ibilbidea jasotzen duena, ikastolei eta hezkuntza sektoreari eragiten dieten zenbait parametroren egungo egoeraren diagnosia jasotzen duena eta zortzi-hamar uste barru ikastolak non eta nola nahi dituzten eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituena.

Azaldu dutenez, ildo horietan bildu dituzte gizarteak egin dizkien eskaerak eta gaur egun dituzten erronka nagusiei erantzuteko proposamenak: «Erronka demografikoari —jaiotzen gutxitzea eta kanpotik gero eta jende gehiago etortzea—, erronka sozioekonomikoei, euskararen biziberritzeari eta abarri erantzuten diegu». Baina: «Erronka horiei guztiei gure eredutik erantzun nahi diegu, ikastola eredutik». Horregatik, lehenik, beren ereduaren oinarriak sendotu eta gaurkotu asmo dituzte: «Gure hezkuntza proiektuak pertsonak izango ditu erdigunean, eta Hezkuntza Marko Orokorrean definitu dugun pertsona eredua izango du ipar, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ardatz izango duen estrategia ideologiko pedagogikoarekin».

Bidea urratzen

Ikastoletan hasita daude ekainaren 22rako bidea urratzen. Otsailaren 26an hasi ziren eskualdeka bilerak egiten, Agurne Barruso Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak azaldu duenez: «Ikusi genuen ikastolek interes handia erakutsi zutela gure VII. batzarrari begira. Bilera horietan luze hitz egin genuen etorkizunaz eta planteatzen ditugun proposamenez». Nabarmendu du horietan «gogoeta interesgarriak eta mamitsuak» bildu zituztela. Batzarretan «kezka sakonak» eragiten dituzten gaiak ere agertu direla adierazi du: hizkuntz normalizazioari dagozkionak, pedagogia alorrekoak, demografiaren bilakaerari eta egoera sozioekonomikoaren ondorioak...

Orotara, mila ekarpen eta zuzenketa baino gehiago jaso dituzte ikastoletatik. Zuzenketa batzuk bere horretan onartu dituzte; beste batzuk, partzialki; eta onartu ez dituzten zuzenketak ikastolei itzuli dizkiete, zergatik ez dituzten onartu adierazita. Orain, haien esku dago zuzenketa horiek baztertzea edo batzarrera eramatea, bertan bozkatu ahal izateko. Pozik daude orain arteko bidearekin: «Erronka handiak ditugu etorkizunari erantzuteko, baina prozesu honek erakutsi digu ikastolak sendo eta indartsu gaudela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.