Zentroetako familia eta langileen artean zabaltzeko ohar bat idatzi du Ikastolen Elkarteak. LAB sindikatuari emandako erantzun bat da. Asteon Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Aurrekontu Legea aldatuko duela, itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatak publikoetakoen parekoak izan daitezen 2027rako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abuztuan aurreratu zuen asmoa, eta astearte honetan berretsi du gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan aldaketa hori Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak. Albiste horren harira LABek asteartean bertan hedabideetan zabaldu zuen oharrari erantzun nahi izan dio orain Ikastolen Elkarteak. Ohartarazi nahi izan dute «gezurra» direla bertan esandako hainbat kontu. «Kezka handiz» hartu dute, halaber, ikastolak gainerako itunpeko eskolekin parekatu izana: «Zaku berean sartzen gaitu eta modu berean tratatzen gaitu».
Kritikatu egin dute LABen oharraren «tonu bortitza» ere. «Harrigarria egin zaigu ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko ordezkari sindikalekin (guztiak LABekoak) daukagun lan dinamika ikusita, honelako prentsa ohar bat irakurtzea», adierazi dute. Bi adjektiborekin deskribatu dute: «Iraingarria eta mingarria». Egoera bideratzen ahalegintze aldera, «presazko» bilera bat eskatu dute sindikatuarekin.
Aurrekontu moldaketa LABek bultzatutako «langile borrokaren» emaitza dela gogoratu nahi izan zuen sindikatuak astearte arratsaldean zabaldu oharrean, hain justu ere, 2023an Hezkuntza Sailarekin onartutako akordioan oinarrituta, haiek egin zutela argien helburu horren alde. «LAB sindikatua izan zen akordio laboralean jasota zegoen soldata ekiparazioa ikastoletako eta gizarte ekimeneko lan hitzarmen mahaietan jarri zuen sindikatu bakarra». Behin helburu hori lortuta, ordea, itunpeko eskolek beren funtzionamenduetan hainbat moldaketa egin beharko dituztela nabarmendu zuten: «Orain kuoten kontrol publiko eta zorrotza ezarri behar da, eta langileen kontrataziorako sarbide gardena».
LABek «auditoretza unitate bat» askotan eskatu duela gogoratu zuten, eta orain dela berriz horren alde egiteko unea. Helburua argia da: «Ikastetxeen diruaren kontrol publiko zorrotza eta gardentasuna». Beren-beregi aipatu zituzten itunpeko eskola askotan gurasoek egin behar izaten dituzten ordainketak, behin betiko desager daitezen, «doakotasunean» jarrita helburua, eta horretarako neurri irmoak hartuta: «Ordua da behingoz legez ezin diren eta itunpeko ikastetxe askok kobratzen dituzten kuotak debekatzeko eta zigorrak ezartzeko».
Ikastolen hitza
Ikastolek zabaldu duten oharrean «gezurtatu» nahi izan dituztenen artean, honako hauek. Batetik, esan dute aurrez aste honetan bertan agerian utzi duten kezka bat: langile guztientzat ez da lortu parekatzea, eta soldata igoera honek ikastoletako langile batzuengan «bakarrik» izango du eragina, gainerakoen igoerak ikastolek hartu beharko dituzte beren gain. LABi gogorarazi nahi izan diote, halaber, gobernuak onartutako igoera ez dutela ikastolek jasoko: «zuzenean» ordainduko die igoera irakasleei.
Horiek horrela, irmo kritikatu nahi izan dute sindikatuaren oharrean jasotako esaldi hau ere: «Aurrekontu partida hau langileen soldatak finantzatzeko da soilik». Biziki mindu ditu Ikastolen Elkarteko arduradunak: «Iraingarria iruditu zaigu Jaurlaritzaren dirua soldatak igotzea ez den beste zerbaitetarako erabiliko dugula iradokitzea. Batetik, LABek ondo daki diru hori zuzenean jasoko dutela langileek eta, bestetik, ez dakigu zertara datorren dirua ondo ez erabiltzearen salaketa iradokizuna egitea».
Ikastolen Elkartean ez dute «ulertzen» LABek, egoeraren ertz guztiei erreparatu gabe, zergatik jarri duen «lehentasuna» orain «doakotasunean». Bidegabea dela uste dute: «Ondotxo daki sindikatuak gure finantzaketak ez duela doakotasunerako aukerarik ematen gaur-gaurkoz, eta kuotak ezinbestekoak ditugula bizirauteko». Ez dute onartzen LABek «zigorra eta kontrola» aipatu izana ere. Hitz horiek erabili izana bera kritikatu nahi izan dute: «Kontrola eta zigorra hitzak erabiltzean gaizkiletzat tratatatzen gaitu sindikatuak».
Ikastolen Elkarteak «arbuiagarritzat» jo du, halaber, sindikatuak kontratazioen «gardentasun falta» aipatu izana. «Gure kontratazioak gardenak dira eta irakaslegoaren ordezkariek parte hartzen dute hautaketa prozesuetan», zehaztu dute.
Elkarrizketa egin diote gaur Euskadi Irratian LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururi. Gogora ekarri du «positiboa» dela soldaten parekatzea. Dena dela, oharrean jasotako mezuetan indarra jarri du berriro eta nabarmendu du «Euskal Eskola Publiko komunitario bat» lortzeko «trantsizioan» zentro itunpekoen «doakotasuna» betearazi egin behar dela eta «kontrolatu» egin behar dela haien jarduna.