Ikastolen Elkarteak Ikastolak Herriari jaialdia antolatu du azaroaren 27rako

Ikastolen aldeko jaiak «ohiko formatuan» egin ezin dituztenez, haien «lagin bat» eraman asmo dute azaroaren 27an Bilbon egingo duten jaialdira. Sarrerak salgai daude, Euskalduna jauregiaren webgunean.

'Ikastolak herriari' jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 25a
13:11
Entzun

Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi dira ikastolen aldeko jaiak. Aurten, iaz bezala, ezin izan dituzte «ohiko formatuan» egin, pandemia tarteko. Horregatik, «plaza horietako lagin bat» eramango dute Ikastolak Herriari jaialdira. Azaroaren 27an egingo dute, Bilboko Euskalduna jauregian.

Gaur eman dute jaialdiaren nondik norakoen berri, Donostian egindako prentsaurreko batean. Zehaztu dutenez, Ikastolak Herriari jaialdia Bilboko Euskalduna jauregian egingo dute, azaroaren 27an, 20:00etan. Anje Duhaldek eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatzak, Julen Alonsok, Amak taldeak eta Eñaut Elorrietak parte hartuko dute, eta Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga arduratuko dira aurkezteaz. Sarrerak salgai daude, Euskalduna Jauregiaren webgunean, hamabost euroan. Zuzenean bertan egon ezin direnek ere jaialdia ikusteko aukera izango dute, EITBk egun batzuk beranduago emango baitu.

Azaldu dutenez, COVID-19aren eraginez aurten ere «formatu txikian» egin dituzte Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. «Une batzuetan, pandemiak ezartzen zizkigun mugen ondorioz, gure-gureak ditugun ezaugarrietako batzuei uko egin behar izan diegu: parte hartzeari, herrigintzari, auzolanari... Oso gogorra izan da hainbatetan». Ekonomikoki ere «helburuetatik urruti» geratu direla nabarmendu dute.

Jaialdiarekin, «itxiera orokor bat» eman nahi diote pandemiaren bigarren urteari. Urtero ikastolen jaietan parte hartzen duten artistei eta herritarrei eskerrak emateko baliatu nahi dute, azaldu dutenez. Aldi berean, plaza bat eskaini nahi diote euskal kulturari, «bi urte gogor hauetan sektorea bortitz jo baitu pandemiak». Antolatzaileen hitzetan, aintzat hartu dituzte urtero jaietan dituzten babesleak, baita «jaiak antolatzen ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten ikastolen komunitateko kideak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.