«Hezkuntza sistema propio bat nahi dugu, herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin, eta hori [hezkuntza] legean ikusi nahi dugu». Horrela erantzun dio Ikastolen Elkarteak Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneari, «beste publifikazio prozesu bat abiarazteko eskatu diotelako egungo Eusko Jaurlaritzari». Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak eskatu zuen euskal eskola publikoa sistemaren «ardatzean» jartzea; harentzako baliabideak bermatzeko; hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka egitea, «gaur egungo sistema duala eta sistema horren atzean dauden itunak salatuz»; eta, «pribatizazio dinamika» eteteko, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak publifikatzeko araudia sortzea, besteak beste.
Zenbait eragilek hori egin izanak ez du harritu Ikastolen Elkartea; bai, ordea, beste batzuek bide hori hartu izanak, «bakarka beste planteamendu batzuk egiten dituztelako». Salatu dute publifikazio hori «errezeta magikoa» balitz bezala aurkezten dutela gainera: «Publifikazioa aipatzen dute gainera, errezeta magikoa izango balitz bezala, horren bitartez, eta horren bitartez soilik lortu ei delako murgiltze sistema ezartzea, segregazioa amaitzea eta hezkuntza sistemak egun dituen gabezia guztiak konpontzea».
Ikastolen Elkarteak, berriz, «hemen garatutako» eztabaida beharrezko ikusten du: «Eztabaida zabal eta sakon bat behar da, guztion artean eginikoa, baita gure mugimendua eraitsi nahi dutenekin ere». Argi esan dute ikastolak ez daudela prest proiektua administrazioen esku uzteko: «Ikastolok ez gaude prest herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko, eta ez ditugu utziko».
Eztabaida berriz bizitu den arren, ez da atzo goizekoa. Ikastolen elkarteak azaldu duenez, gogoan dute 1993an, Hezkuntza Publikoaren Legea onartu berritan, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan zuela aurrerantzean ez zela gehiago ikastolez hitz egingo. «Iltzatuta daude oraindik hitz horiek ikastolen mugimendua osatzen dugun kide askoren artean, urte gogorrak izan baitziren ikastolentzat». Haien mugimendua «haustera» zetorrela ziurtatu dute, eta nabarmendu orduko orbainek oraindik «erresumina» eragiten dietela. «Oraindik, ziklikoki, zaurietan gatza botatzen digute, ordea, eta orduan amaitu ez zen eraiste prozesua akaberaraino eraman behar dela aldarrikatzen duten ahotsak altxatzen dira noizean behin».
Talde sendoa
Halere, harro daude hartu zuten bidearekin, «herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektuei herriarentzat eutsi zietelako». «Bide propioa» egin dutela azpimarratu dute, eta egun «talde sendoa» osatzen dutela: 111 ikastola dira, 57.000 ikasle baino gehiago, milaka familia eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle.
«Euskal Herri mailako ikuspegiarekin ari gara, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta eta begirada etorkizunean jarrita». Azken urteetan pedagogikoki egindako «jauzi handia» ere aipatu dute. Pedagogiak ez ezik, esan dute hezkuntza sistemak berak ere aldatzeko beharra duela: «Pandemia garai honetatik ondorio argirik atera baldin badugu, zera izan da, aldaketarik gabe gure sistema porrotera doala». Uste dute aldaketa hori Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berriarekin irits daitekeela, eta horren beharra azpimarratu dute: «Urteetan ari gara aldarrikatzen hezkuntza sistema osoarentzako lege berri bat hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, eta, Euskal Herri osoa hartuko ez badu ere, abiatu dadin nahi dugu».