Ikastolek kezka agertu dute planifikazioak izan ditzakeen ondorioekin

2022-2023ko ikasturterako ezartzen ari diren irizpideak mantenduz gero, lerro bateko hainbat ikastola desagertzeko zorian ikusten ditu

Tolosako Laskorain ikastolako irudi bat. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Kezkatuta, baina elkarrizketarako eskua luzatuta. Ikastolen Elkartetik atzo zabaldutako oharrak jarrera hori agertu du2022-2023ko ikasturterako eskola planifikazioa dela-eta, Eusko Jaurlaritzatik iritsi diren irizpideen inguruan. «2022-2023ko ikasturterako ezartzen ari direnirizpideak mantenduz gero, lerro bateko hainbat ikastola desagertzeko zorian ikusten ditugu, eta, horregatik, ez zaigu gustatu gaia arautzen duen agindua», adierazi dute. Egoera bideratzeko denbora dagoela uste dute, eta jardun horretan jarraituko dutela, elkarrizketa horiek egiten eta bideratzen.

Azken egunotan «hainbat hedabidetan eta sare sozialetan» sare itunduari buruz egin diren hainbat adierazpen ere argitu nahi izan ditu Ikastolen Elkarteak. «Nahasten» ari diren bi kontzeptu argitu nahi izan dituzte. Hurrengo sei ikasturtetarako ikasgelen plangintza dekretu baten bidez arautzen dena, batetik; eta 2022-2023ko ikasturterako ikasgela guztiak ituntzeko irizpideak —agindu baten bidez arautzen dena—, bestetik. Esan dutenez, haiek 2022-2023ko ikasturterako ikasgela guztiak ituntzeko Hezkuntza Sailean zehaztutako irizpideak bakarrik ezagutzen dituzte: «Plangintzak dagoeneko ezarrita egon behar bazuen ere, gaur-gaurkoz ez dugu ezagutzen hura ezartzen duen dokumenturik».

Sei urtetarako plangintzari dagokionez, adierazi dute «benetako plangintza» egin nahi bada,inplikatutako alde guztiek parte hartu behar dutela: «Ez dugu arazorik gure planifikazioa partekatzeko, baina ikastola dagoen herri bakoitzean zer-nolako plangintza dagoen jakin behar dugu. Benetako planifikazioa egin nahi badugu, herriz herri aztertu beharko genuke egoera», azaldu dute.

Bestalde, ratioak dituzte hizpide: «Haur Hezkuntzan, sare publikoan 21 ikaslerekin bigarren ikasgela martxan jartzen da, eta ikastoletan, berriz, 28 ikasle behar ditugu horretarako; Lehen Hezkuntzan, sare publikoan 24 eta ikastoletan, 28; DBH, sare publikoan 26, eta ikastoletan, 34; Batxilergoan, sare publikoan 28, eta ikastoletan, 36». Beste puntu batean jarri dute arreta: «Askoz kezkatuago egon beharko genuke (eta gaude) ikastoletan, ez delako aplikatzen Hezkuntza Akordioan ezartzen den oinarrizko puntua: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko garen ikastetxe guztiok eskubide eta betebehar berak izango ditugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.