Ikastolek hezkuntza euskalduna eta integratzailea eskatu dute

Ikastolen Elkarteak azken hilabeteetan eginiko eztabaidaren ondorioak aurkeztu ditu Donostian. Eskatu dute zehaztu ditzatela Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaide izateko baldintzak

Euskal Herriko 113 ikastoletako ordezkariak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herri luze-zabaleko 113 ikastolak. Agerraldi bat. Eta hiru eskaera: zehaztea zer baldintza, betebehar eta eskubide izango dituzten ikastetxeek Hezkuntza Itunean eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuan ageri den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko; hezkuntza sistema «euskalduna, integratzailea eta ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena» bultzatzea; eta, horretarako, «orain arte egon diren esperientzia eta errealitate desberdinak batzea». Ikastolen Elkarteko ikastola guztietako ordezkariek prentsaurreko bat egin zuten atzo, Donostian, eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Nekane Artola lehendakariordeak, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak egungo egoeraren eta hurrengo urteetako erronken berri eman zuten.

Atzera eginez hasi dira. Gogorarazi dute begi onez ikusi zituztela EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortu zituzten hezkuntza akordioaren ideia batzuk: besteak beste, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza mailak zehaztea; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, hura definitzea eta parte izateko betekizunak zehaztea; eta segregazioari aurre egiteko neurriak jartzea.

Ordea, Ikastolen Elkartearen esanetan, bazituzten «kezka edo ardura» sortzen zieten beste hainbat puntu ere, hala nola Euskal Herria ez aipatzea, eskolatze batzordeak nola sortuko dituzten ez zehaztea, euskal curriculuma, hizkuntzen trataera ez zehaztea, eta 0-3 zikloaz egindako proposamena. «Azpimarratzen genuen hitzarmenak jasotzen zuen legeak zehaztapen handiagoa izan beharko zuela eta idazketa prozesuan gorabeherak egongo zirela». Eta uste dute garai hori heldu dela: «Momentu gorabeheratsu horiek iritsi dira, baina ziur gaude orain arte erakutsitako jarrera eraikitzaileari eusteko gai bagara aukera dugula abagune historiko hau arrakastaz gauzatzeko».

Akordioaz geroztik, argitara atera dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa ere. Elkartearen esanetan, dokumentu hori irakurrita beren iritzia berretsi zuten; hau da, legearen zehaztapenetan «desadostasunak eta, ondorioz, gorabeherak» izango zituztela.

Eztabaidaren emaitzak

Bidean, eztabaida prozesu bat ere zabaldu dute ikastoletan, zirriborroa aztertzeko eta ikastolen premiak eta nahiak biltzeko. Prentsaurrekoan, prozesu horren emaitza aurkeztu dute.

Lehenik eta behin, iruditzen zaie Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak «Euskal Herriko hezkuntza sistema eraldatzen» lagundu behar duela. Nabarmendu dutenez, «euskal lurralde» osorako proiektu bakarra da ikastolena: «Administrazioek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen ditugu ikastolok gure jardunarekin». Eta lan horretan segitzeko ideia dute: «Euskal hezkuntzari egin diogun ekarpena egiten jarraitzeko asmoa dugu».

Ikusten dute, baina, aldaketen beharra dagoela. Hortaz, «publiko-pribatu dikotomia» gainditzea eta «Euskal Hezkuntza Zerbitzua ardaztuko duen sistema arautzea» nahi dute. Ikastolek «eredu herritar bat» defendatu dute: «Zerbitzu publikoa ardatz, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Eta erabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu». «Sistema propio bat» dute xede: «Gure helburua hezkuntza sistema propioa da, eta horretarako urratsak egin ditugu azken hamarkadetan. Eta orain ere badagokigu urratsak egitea, eskuzabal, baina sendo».

Salatu dutenez, orain arte erakundeek ez diete eskaini «lege esparru egokirik», eta, ondorioz, «Espainiako eta Frantziako eskema dualean» sartu behar izan dute. Alabaina, Ikastolen Elkartea ez dago konforme: «Beste eredu bat izan nahi dugu, eta gogor egin dugu lan horretarako. Gaur egun, garaiak erabat aldatu diren arren, Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari eskaini nahi dizkiogu». Bereziki aipatu dute euskara dutela ardatz, euskal kulturaren transmisioan aritzen direla, euskal curriculuma lantzen dutela eta material propioa egiten dutela.

«Lege esparru berria» xede

Baina harago jo nahi dute: «Gure indargune diren ezaugarri hauek mantentzeko eta zabaltzeko, lege esparru berri bat aldarrikatzen dugu». Orain, prestatzen ari diren Hezkuntza Legearekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aukera ikusten dute «esparru dual hori» apurtzeko, baita Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektuak lantzeko ere. Halere: «Argi adierazi nahi dugu ez dugula inolaz ere alde batera utziko Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa».

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioaren eta segregazioaren erronkei «herri moduan» erantzutera ere deitu dute: «Denok gara beharrezkoak; ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisa pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik». Gainera, gai horietan «handira» jokatzeko eskatu dute.

Orokorrean ere bide beretik egin dituzte eskaerak. Batasuna: «Euskal hezkuntza sistema berri, desberdin eta eraldatzaile batean sinisten badugu, batu gaitezen denok, hartu dezagun esperientzia desberdinetatik bakoitzaren onena». Eta zehaztasuna: «Uler dezagun legea euskal hezkuntza sistema propio baterako bidean egiteko urrats garrantzitsu moduan. Ezar diezaiogun zoru sendoa, zehaztasun handienarekin. Eta trantsizio horretan, bide horretan, ikastolok hor egongo gara, laguntzeko eta eztabaidatzeko prest, zintzo eta leial».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.