Ikastolek esan dute Jaurlaritzak soldatak parekatzeko abiatutako bideak langile batzuei soilik eragingo diela

Ikastolen Elkartearen esanetan, Jaurlaritzak «urrats bat» egin du ikastoletako langile batzuen soldata sare publikokoenarekin parekatzeko, baina gainerakoen igoera ikastolek hartuko dute beren gain; «honek ez du doakotasunerako bidea errazten».

Ikasle batzuk Andoaingo ikastolan, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ikasle batzuk Andoaingo ikastolan, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 16a
14:16
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatuko du, itunpeko ikastetxeetako langileen soldatak publikoetakoen parekoak izan daitezen 2027rako. Atzo eman zuten egitasmoaren berri, eta erabakiak sortu du erreakziorik: kasurako, Ikastolen Elkartearena. «Urrats bat» iruditu zaie, «norabide onean», baina nabarmendu dute parekatzea ez dela langile guztientzat izango.

Hasteko, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. Azaldu dutenez, erabakiaren bidez, Jaurlaritzak diru kopuru bat bideratuko du, besteak beste ikastoletako langileei soldata igotzeko; zehaztu dute ez dela ikastolentzat izango, langileei emango dietela zuzenean. Alabaina, ez da langile guztientzat izango: «Urrats bat egin da, baina ez da parekatzea lortzen. Eusko Jaurlaritzak akordioan jasotako guztia epeen barruan betetzen badu, 2027an etorriko da zenbait langileren soldata parekatzea». Gainerako langileena, berriz, Ikastolen Elkartearen kontura izango da: «Hezkuntza Sailak irakasle batzuei ordainduko die zuzenean soldata igoera hori. Gainerako langile guztien soldata igoera ikastolok hartu dugu gure gain, horrek dakarren gainkostuarekin». Nabarmendu dute «gainkostu bat» izango dela ikastolentzat. Beraz: «Honek ez du doakotasunerako bidea errazten».

Eskaera gehiago

Halaber, Ikastolen Elkarteak soldatez harago begiratu du. Esan du «pozgarria» dela lansariak hobetzea, baina hezkuntza sistemak baduela diru gehiagoren beharrik, «ikasleei arreta egokia emateko. Adibide batzuk eman dituzte: «Geletako ratioak aldatzea, ikasle zaurgarriei arreta egokia emateko langileak kontratatzeko finantzaketa, euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko figura berriak finantzatzea, eraldaketa pedagogikorako baliabideak finantzatzea...».

Horrenbestez, oraindik badago egitekorik, Ikastolen Elkartearen irudiko: «Ezinbestekoa da berehala ekitea gainerako langileen soldata parekatzea eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantzaketa ekarriko dituzten neurriei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.