Barne antolaketa eta ikastolen izaera eta arlo didaktikoa jaso dituzte Plenarioak prestatutako dokumentuan. Horrekin batera, jarritako helburuak betetzeko plan estrategikoa ere (2014. urtera artekoa) jaso dute, lehentasunak zeintzuk diren ondo zehaztuz.
Barne antolaketan daude aldaketa nabarmenenak. Besteak beste, ikastola guztiak bildu eta ordezkatuko dituen nazio erakunde berria sortu nahi dute. Ikastolen izaera bereziak eta Euskal Herriko izaera administratibo zatikatuak behartuta, hainbat erakunde daude ikastolen kolektiboa ordezkatzeko. Erakunde saltsa horretan galdu egiten dira asko, kolektibokoak bertakoak zein kanpokoak; hau da, leihatila bakarra izango da. Ikastolen kolektiboa bera kudeatzeko eta zerbitzu komunak zuzentzeko ardura izango du erakunde nazional berriak, eta Elkargoa izena hartuko du oraingoz.
Izaerari eta arlo pedagogikoari dagokiena Ikastola 2020 atalean bildu du Plenarioak. Orain arteko izaerari eutsiko diote ikastolek: hau da, ikastola bakoitzak bere titularitatea izango du, eta horrek eragin zuzena izango du ikastetxe bakoitzaren autonomian. Hala ere, curriculum komuna izango dute guztiek. Ikasleari oinarrizko gaitasunak ematea izango da helburua: ikasten, pentsatzen eta komunikatzen ikastea, besteak beste. Hezkuntza euskalduna eta humanista eskainiko dute euskaldunek, eta euskaldun izaeratik ingurua eta ingurukoak errespetatuko dituen ikasleak izatea jarri dute helburu.
Hauek dira Ikastola. Orain eta gero txostenaren puntu nagusiak:
Antolaketa kolektiboa. Elkargoa
Ikastolek barne antolaketa nahasgarria dute egun, bai kolektiboaren kide direnentzat eta bai kanpokoentzat. Hainbat arrazoi historiko daude tartean, baina Euskal Herriaren egoera administratibo zatituak eta ikastola bakoitzaren izaera propioak zerikusi zuzena dute horretan.
Azkenengo urteetan, ikastolen kolektiboak hainbat urrats egin ditu barne antolaketa egokitze aldera. Hala, Ekonomia Intereseko Elkarte Europarra izaera juridikoa hartu zuten, ikastolek nahi duten egitura lortzera bideratuta.
Egun, zazpi dira ikastolen kolektiboa ordezkatzen duten erakundeak: Arabako Ikastolen Federazioa, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastolen elkarteak, Seaska, Euskal Autonomia Erkidegoko Partaide eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa (EHIK). Horiek guztiak jarraituko duten arren, ikastolen kolektiboa bilduko duen erakunde nazionala sortzea da helburua. Oraingoz, Elkargoa izena hartuko du erakunde berriak. Elkargoa sortuta, leihatila bakarra izango da, eta kanpokoek zein barrukoek nora jo jakingo dute.
Hauek izango dira Elkargoaren ezaugarriak:
EGITEKOA: Ikastolen kudeaketa eta ordezkaritza organoa izango da Euskal Herri osorako. Hau da, ildo estrategikoak definituko ditu eta ikastolen kolektiboa ordezkatuko du beste erakundeen aurrean. Ikastolek behar dituzten zerbitzu komunak kudeatzeaz arduratuko da, lurralde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz. Ipar Euskal Herrian, lege eta administrazio alorreko berezitasunengatik, Seaskaren esku jarraituko dute gestio propioa behar duten zerbitzuak edo programak.
ALDERDI SOZIETARIOA: Lurralde bakoitzeko erakundeek edo federazioek dinamizatuko dute ikastola mugimendua. Federazioek eurek erabakitako eginkizunak izango dituzte, baina horiek erabiltzeko orduan Elkargoarekin hitz egin beharko dute, erakunde nagusia izango delako koordinatzailea. Federazioek proposatuko dituzte Elkargoan izango diren lurralde bakoitzeko ordezkariak.
ORDEZKARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK: Euskal Herriko ikastola guztiek osatuko dute Elkargoaren batzar nagusia, eta horrek bere gobernu batzordea hautatuko du. Gobernu batzordean ordezkari kopuru bera izango dute lurraldeetako erakundeek, gutxienez hiru bakoitzeko. Gobernu batzordeko kideek aukeratuko dituzte Elkargoko lehendakaria eta zuzendaria. Zuzendariaren lana izango da Elkargoak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak kudeatzea.
BAZKIDEAK: Ikastola guztiak izango dira Elkargoko bazkide. Batzar nagusian botoa eman ahal izango dute, duten ikasle kopuruaren arabera.
Ikastola 2020
Orain arte ikastolek izan dituzten ezaugarrietatik abiatuta, 2020. urtean ikastolak zer izango diren definitzen da, gaur egunean eta etorkizunean gizarteak izango dituen ezaugarriak kontuan hartuta.
IKASTOLA BAKOITZAREN IZAERA: Ikastola bakoitzak bere izaera propioa izaten jarraituko du. Lege nortasun propioa duen eskola-entitatea izango da; hau da, ikastola bakoitzak bere titularitatea izaten jarraituko du. Ikastola kooperazio bidez kudeatutako erakundea da, eta beste ikastolen kolektiboarekin solidarioa izango da. Era berean, eta zentroari autonomia emate aldera, ikastola bakoitzak bere hezkuntza proiektua izango du. Curriculum eta hizkuntza oinarri bera izan arren, zentro bakoitza inguruko ezaugarrietara egokituko da, dauden beharrizanei hobeto erantzun nahian.
IKASTOLEN KOLEKTIBOAREN IZAERA: Ikastola titularren hezkuntza sareak osatzen du ikastolen kolektiboa. Era berean, kooperazio bidez kudeatutako erakundea da ikastolen kolektiboa, eta zerbitzu kolektiboak ditu. Betiere, ikastolen kolektiboak Euskal Herriarekin identifikatzen du bere esparrua.
OINARRIZKO CURRICULUM KOMUNA: Ikastolak 1990. urtean hasi ziren curriculum komunaren oinarrizko osagaiak zehazten. Curriculumaren oinarriak ondo zehaztuta dauzkate dagoeneko. Ikasleak bere biografia besteekin batera eraikitzen duen subjektu autonomo gisa ikusi behar du bere burua; gizartekide gisa, hau da, ikasle bakoitzak bere burua euskaldun gisa ikusi behar du kultura arteko mundu batean, eta ingurumena ezagutuz eta errespetatuz. Hori guztia lortzeko, hezkuntza gaitasun jakin batzuk eskainiko zaizkio ikasleari: ikasten eta pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten ikasiko du. Ikastolen hezkuntza humanista eta euskalduna eskainiko diete ikasleei, eta Euskal Herria euskararen herritzat hartzen du. Ikasleei oinarrizko gaitasunak emateko orduan, informaziorako eta komunikaziorako teknologietan trebakuntza egokia izateari garrantzi handia ematen diote.
ANTOLAKETARAKO IRIZPIDEAK: Ikastola bakoitzak autonomia duen arren, elkarlanaren eta interdependentziaren irizpidea errotua izango da ikastolen kolektiboan. Euskal Herrian hainbat administrazio egoera daudenez, aniztasun eta malgutasun irizpidea erabiliko dira horietara egokitzeko. Ikastola bakoitzak bere berezitasunak izango dituenez, aniztasun eta malgutasun irizpideak izango dira antolatzeko orduan.
############
Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria
«Jauzi kualitatiboa egingo dugugure barne antolaketa berriarekin»
a. iturriagaetxebarriaBilbo
2006ko azaroan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko (EHIK) lehendakari kargua hartu zuenean, ikastolen mugimenduari barne antolaketa eraginkorragoa egituratzeko konpromisoa hartu zuen Koldo Tellituk. Hori gauzatzeko, pauso sendoak ematen ari da, eta horren harira dator ikastolak egiten ari diren hausnarketa prozesua.
Zergatik zabaldu da orain ikastolen barruan hausnarketarako prozesua?
Hainbat aldagai batu dira. Ikastolen kopuru handi batek eskatzen zuen egitura eraginkorragoa izatea eta ikastoletatik gertuago egongo zena. Euskal Herri osorako egitura bateratu bat behar dugu, eta horixe proposatzen dugu. Egun, ikastolak federazioetan daude bazkidetuta, federazioak dira Konfederazioko bazkideak, eta guk proposatzen dugu ikastolak zuzenean bazkidetuta egotea eratuko dugun erakunde berri horretan. Zertarako? Eskaintzen ditugun zerbitzuetan eta kanpora begirako ordezkaritza mailan eraginkorragoak izateko.
Hainbeste federazio eta erakunde... Ikastolen barruan zein kanpoan horrek nahasmena eragiten zuen, ezta?
Bai. Gure barne egitura zail samarra zen. Gainera, ordezkaritza banaketa nahiko handia zegoen. Ordezkaritza instituzionala eta herri eragileekikoa argi eta garbi egotea nahi dugu.
Noizko egongo da oraingoz Elkargoa izena jarri diozuen erakunde hori?
Elkargoa izena barne eztabaida prozesuan erabiliko dugu, baina ez da hori erabakita daukagun izena, oraindik erabaki gabe daukagulako. Eztabaida errazteko jarri diogu izen hori.
Eta noizko egongo da?
Eztabaida hauek badakizu noiz hasten dituzun, baina inoiz ez noiz amaituko dituzun. Kronograma jarri dugu, eta gure asmoa da ekainean Ikastolen VI. Batzar Nagusia egitea, hor gure Euskal Curriculuma erabakitzea eta txostenean aipatzen den antolaketa berria ere onartzea. Era berean, denbora gehiago behar izanez gero, erabiliko dugu. Guretzat oso urrats garrantzitsua da, eta epe horretarako ezin badugu lortu, ez da arazorik izango. Urratsa ondo egitea nahi dugu. Oraingoz, aldez aurretik jarrita geneukan kronograma betetzen ari gara, eta ekainean proposamena VI. Batzar Nagusira eramatea espero dugu. Hurrengo ikasturtea erakundetze berri batekin, plan integral berri batekin eta ikastola eredu definizio berri batekin abiatuko dugula uste dut.
Zein zailtasun izan dira orain arte erakunde nazional bateraturik ez egoteko?
Euskal Herriko zatiketa administratiboak eragina izan du. Logikoa den moduan, lehentasunak ez dira berak EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, eta horrek guztia baldintzatu du, batzuek ez ziotelako lehentasunik ematen kontu honi. Dena den, ikastolek argi daukagu antolaketa berri horretarantz joan behar garela.
Erakunde nazional berria sortzen denean, zein funtzio beteko dute lurraldeetako federazioek edo erakundeek?
Lehentasunak ezberdinak direnez, lurralde bakoitzak erabakiko du bere federazioarekin zer egin. Batzuek aurrera egitea erabakitzen badute, guztia erakunde berriaren esku uztea erabakitzen badute, herrialdetako egiturak mantentzea egokia izango da, lurraldetako federazioetatik Elkargoa edo erakunde berrira transmisioa egiteko bide luzea aurreikusten dugulako. Lurraldeko federazioek garrantzi handia izan dezakete eztabaidetan edo ekarpenetan.
Antolaketa berriak ikastolei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko aukera emango al die?
Bai. Eragingarriagoak izango gara. Zerbitzu batzuk errepikatu egiten ditugu lurraldetako federazioetan, Konfederazioan eta Partaiden. Horregatik, era sistematizatuagoan egin nahi ditugu gauzak. Ikastolek jasotzen dituzten zerbitzuetan eta laguntzetan jauzi kualitatiboa egin nahi dugu.
############
Iñaki Etxezarreta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko zuzendaria
«Gizartean ondo moldatuko den belaunaldi euskalduna nahi dugu»
a.i.Bilbo
Ikastolak. Orain eta gero txostenaren prestaketan gogor parte hartu du Iñaki Etxezarreta EHIK Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko zuzendariak; hain zuzen, berak koordinatu du ikastolen izaera eta arlo pedagogikoa definitzen duen txostenaren zatia.
Ikastola 2020 txostenean ez da jauzi handirik ikusten ikastolen izaera historikoari dagokionez, ezta?
Etorkizunerako gogoeta gisa planteatzen dugu hau guztia. Euskal gizartean ikusten den aldaketaz eta ikastoletan ikusten den belaunaldi aldaketaz ohartuta, izan garen eta izan nahi dugun horretara transmisioa egiteko eztabaida edo gogoeta prozesua izan behar zela konturatu ginen. Hezkuntzarako Europako estrategiaren barruan ikusten genuen beharrezkoa zela gure betiko izaera tinkotzea eta barne eztabaida bat egitea. Era berean, urte askotarako estrategia markatu nahi dugunez, gerora egongo liratekeen gidariak edo arduradunak belaunaldi berrietakoak izango direnez, horiek ere prestatu nahi ditugu. Txostenean izan garenaren ezaugarri asko jasotzen dira, baina beti etorkizunean izango den gizartera egokituta.
Ikastola 2020 txostenean sarritan aipatzen da Euskal Curriculuma eta zer-nolako ikasleak izan nahi dituzuen. Nolako ikasleak izan nahi dituzue?
Ikasleak, irakasleak eta familiak kontuan hartzen ditugu, guztiak izan behar dira heziketa prozesuko kideak edo eragileak curriculum berri horretan. Alde horretatik, eskolak berak inguruko esparruan ere jokatu behar du, inguruan dituen gizarte edo kultur eragileekin batera jokatuz. Hor badago ikastolen sorrerako iturrirako bueltatze bat, baina gaur gizartea bilatzen ari da gizarte parte-hartzea garrantzitsua izango den eredu bat. Gainera, etorkizuneko hezkuntza bizitza osorako prozesu bat izango da maila pertsonalean, profesionalean zein kolektiboan. Hala, guk planteatzen dugu ikasleak testuinguru batean hezitakoak izan behar direla eta hainbat gaitasun landuta eduki beharko dituztela. Gaitasun horiek hezkuntza prozesu guztian jaso beharko dituzte, eta hori da gure berrikuntza nagusia. Hau da, matematikako irakaslea ez da matematikakoa bakarrik izango, hizkuntza irakaslea ere izan beharko da, adibidez. Eta betiere hezitzailea izan beharko da.
Horrek ahalegin berezia eskatuko die ikastolei eta irakasleei.
Bai. Horrek aldaketa handia exijitzen du. Horregatik zabaldu dugu eztabaida, aldaketa horiek ikasgeletara nora eraman erabakitzeko.
Eta nola prestatuko dituzue irakasleak?
Bistakoa da aldaketa sakon horiekin irakasleen prestakuntza ere aldatu beharko dela. Material eta estrategia propioak sortu beharko ditugu arlo komunikatiboan, ikasgelen dinamizazioan... Baliabide horiek beharko ditugu irakasleen prestakuntzan jarduteko.
Gizartera ondo egokitutako ikasleak nahi dituzue, baina euskal identitateari garrantzi handia emanez.
Mundu globalean Euskal Herriak etorkizuna izango badu izango du sustarrean identitate euskalduna duten herritarrak dituelako eta beste mundu guztietara irekita egongo delako. Ondo moldatuko den eta ausarta izango den belaunaldi euskalduna izan nahi dugu.
############
Erakunde nazional berrian ikastolak izango dira bazkide zuzenak, federazioak izan beharrean
Antolaketa arindu eta leihatila eta ordezkaritza bakarra sortu nahi dute, eraginkorragoak izateko
Ikastolek betiko izaerari eutsiko diote, baina garai berrietara egokitutako irakaskuntza eskainiz
############