Ikastolek diote familiek ez dutela ordainduko soldaten auziagatik

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki kaleratutako epaiari helegitea jarriko diote ikastolek Gorenean

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bi mezu azpimarratu dituzte ikastolek, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak soldaten auzian berriki emandako azken epaiarekin lotuta: batetik, ez dutela onartuko soldata osoa ordaindu beharraren gainkostua gurasoen gain uztea; eta, bestetik, Jaurlaritzak duela erantzukizuna, auzi hori berak sortu duelako eta hori nabarmenduko duela Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztuko duten helegitean.

Aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren arabera, Partaide eta EIBko ikastolek langileen soldata osoa ordaindu beharko dute, eta ezin izango dute ezarri murrizketarik, nahiz eta Jaurlaritzak ikastolei diru murrizketa ezarri dien soldata horiek ordaintzeko diru sailetan. Hala, ELA eta LAB sindikatuei arrazoia eman zien auzitegiak.

Ikastolek prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, aldeei oraindik ez diete ebazpenaren berri ofizialik eman. Hala ere, hurrengo egunetan ikastolek bilerak egingo dituztela iragarri dute, irizpideak finkatzeko.

Kontu bat garbi utzi nahi izan dute: «Ez epaiaren ondorioek, ez eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeriak ere ez diote eragingo ikastolen mugimenduaren osasun onari».

Esan dute gizarteak ikastoletan jarritako konfiantzaren neurrian egongo direla eta ez dutela atzera egingo buru-belarri sartuta dauden curriculumaren garapenean «jarritako kemenean».

Egoeraren «erantzule nagusia» Eusko Jaurlaritza bera dela ohartarazi dute ikastolek, eta ez dutela onartuko hura erantzukizunik gabe geratzea. Izan ere, ikastolen aburuz, alde bakarreko erabakiz, Jaurlaritzak murrizketa ezarri zion itunpeko ikastetxeen irakasleen soldatak ordaintzeko diru sailari. Ikastolek diotenez, horrek behartu ditu lan hitzarmena ez betetzera. Ikastolen ustez, halaber, hezkuntza eragileetan inolako iritzirik eskatu gabe hartutako erabakiak eraman ditu sindikatuak liskarrera eta epaileak «zalantzazko zilegitasuna» duten epaiak ematera.

Hurrengo egunetan Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela adierazi dute, eta horren eduki batzuk argitu dituzte: aldi batetik, epaile batek boto partikularrean nabarmendutako ideia bat ekarri dute gogora: administrazioa solidarioki zigortu egin behar dela, langileen enplegatzaile ez izanagatik ere, itun baten bitartez, haien soldaten ardura bere gain hartzenduelako.

Bestetik, epaian azaltzen den beste ideia bati ere erantzungo diote: hain zuzen ere, epaileek iradoki dute ikastolek kuotak jasotzera jo dezaketela soldatak ordaintzeko. «Horrek kontraesan larriak sortzen ditu hezkuntza itunean bertan, haren arabera ezin baita kuotarikjaso hezkuntza zerbitzua ordaintzeko,legez doanekoa izan behar baitu».

Zelaak bereari eutsi dio

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak bereari eutsi dio. Atzo egindako adierazpenetan itunpeko ikastetxeei egoera berrira «moldatzeko» eskatu zien. EAk Legebiltzarrean egindako kritikei erantzun die Zelaak: «Nondik aterako dut dirua? Uste duzu dirua egiteko makina bat dudala Ogasunean %20ko ekarpen txikiagoa dagoenean?», esan zuen sailburuak. Zelaaren arabera, itunpeko ikastetxeei egindako soldata murrizketa proportzionala izan da sare publikoan egindakoarekin. Hala, batez beste %1,95eko jaitsiera egon da itunpeko ikastetxeen sarean, Zelaak emandako datuen arabera. «Arazo ekonomikoa» sortu ondoren «eskuak garbitzea» leporatu zion Juanjo Agirrezabalak, EAko legebiltzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.