Ikastolei buruzko txosten sekreturik ba ote da Frantziako Hezkuntza ministerioko apaletan? Galdera hori egin du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, Bretainiako Diwan eskolei buruzYves Bernabe ikuskariak egin zuen txostena argitara atera ondotik. Aurtengo ikasturteari hasiera emateko Seaskak egin duen prentsaurrekoan egin du galdera, Bardozen (Lapurdi) ireki duten ikastola berrian. Ikasturtea «mehatxupean» hasi badute ere, 4.100 ikasletik gora izanen dira aurten ikastoletan, urteroko emendatzeari eutsiz. Pozik agertu da Jorajuria, gero eta guraso gehiagok egiten dutelako ikastolen hautua: «Gure xedea ez da haurrek euskara ikas dezaten, baizik eta haurrek euskaraz ikas dezaten».
2019an Bretainian eta Euskal Herrian ibili zen Bernabe ikuskaria murgiltze ereduan diharduten eskolen errealitatea ezagutzen, baina, geroztik, ez zuten haren berririk ukan. Anonimo baten eskuetatik jaso dute Diwan sareko arduradunek ikuskariak garaian egin zuen lanaren emaitza: hamahiru orriko txostenean murgiltze ereduaren arrakasta azpimarratzen du, Diwanek dituzten biziki emaitza onak argitara emanez. Baina segidan dator alde iluna. Txostenak dio murgiltzea Frantziako konstituzioaren aurkakoa dela eta ezin dela onartu eskola batek bretoiera hutsez funtziona dezan. Hala, murgiltzean diharduten Diwan eskolak elebidun bilakatzeko beharra azpimarratzen du, bretoieraz astean gehienez ere hamabi orenez aritu beharko liratekeela erranez.
Txostenean agertzen den «tonu agresiboa» azpimarratu du Yann Uguen Diwanetako lehendakariak. «Bernabe ikuskariak murgiltze sistema suntsitzeko eta Diwan plegarazteko estrategia proposatzen ditu txosten horretan», Jorajuriaren hitzetan. Bera «segur» da, Diwanentzat bezala Seaskaren inguruan ere horrelako txosten bat bada, eta Hezkuntza ministerioari eskatu dio horren berri eman dezala, «euskal jendarteak jakin dezan zein diren Parisen benetako asmoak ikastolen geroari buruz, eta desagerrarazi nahi duten gure hizkuntzari buruz».Hala, baieztatu du Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen kontra hartutako erabakia ez dela momentukoa, Hezkuntza ministerioan diseinatutako plangintza baten jarraipena baizik.
Murgiltzearen orokortzea
Murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrako dela ebatzi zuten ekainean, alta, aurtengo ikasturtean hiru eskola elebidunetan euskara hutsezko esperimentazioak hastea onartu du Frantziako Gobernuak. Jorajuriaren ustez, horrela segituko dute oraingoz. «Borroka kolektibo» baten garaipena izan dela adierazi du. «Eskoletako guraso eta irakasleek, auzapezek, hautetsiek, elkarteek eta herritarrek lortu dugu Parisen erasoak gelditzea».
Hala ere, onartu du «arrisku« anitz hartu dituztela. «Gure praktika eskola publikoetara hedatzeko nahiak frantziar jakobinismoaren alderik ilunena iratzarri du». Jorajuriaren iritziz, irakaskuntza sare guzietan garatu beharko litzateke murgiltzea, lehen mailan, kolegioan eta lizeoan. «Murgiltze osoa baita bide bakarra haurrak egiazko elebidun izan daitezen, hain baita egoera diglosikoa eta frantsesaren presentzia gizartean hain da itogarria euskararentzat».
Gainerakoan, ez du uste Frantziako Konstituzioaren aldaketa proiekturik abiatuko denik aurten, Frantziako Gobernuak bere gain hartzen ez badu «ezinezkoa» delako. Hala ere, gainerako eragileekin batera heldu den urteko udaberria iraganen diren presidentzarako hauteskundeen agendan gaia integratzen entseatuko direla erran du. Kerlogot eta Euzet diputatuen txostenaren ondotik Jean Castex Frantziako lehen ministroarekin biltzekoak baziren ere, honek bilkuraren data etengabe gibelatu duela, eta oraingoz bere berririk ez dutela deitoratu du. «Murgiltze ereduaren babesa, eraikuntza publikoak izateko eskubidea, eta azterketak euskaraz izateko eskubidea dira Parisera eramanen ditugun aldarrikapenak».