Ikastolako ateak gasteiztar guztiei zabaltzeko xedez

Armentia ikastolak Araba Euskaraz festako egitaraua aurkeztu du. Bildutako diruarekin beka sistema bat jarri nahi dute martxan

Ikastolako arduradunak eta haurrak, atzoko aurkezpenean. J. FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ekainaren 16an izango da Araba Euskaraz, Gasteizko Armentia ikastolak antolatuta, eta atzo aurkeztu zuten egitaraua. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo leloarekin —Gertu— gasteiztar guztiei zabaldu nahi dizkiete ikastolako ateak. Festa «parte hartzailea, dibertigarria eta kulturaniztuna» iragarri dute. «Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat dakargu, gure gizarte gero eta askotarikoago honetan guztiok goza dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz» adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk. Armentia ikastolako kideek, berriz, jakinarazi dute egunean bilduko duten diruarekin, besteak beste, beka sistema bat sortuko dutela. «Horri esker, ikastolako ateak Gasteizko familia guztientzat zabalik egotea nahi dugu, haien egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko».

Jaialdia lau gunetan banatu dute, eta 11:00etan zabalduko dituzte. Aurreko aldietan ez bezala, guneak ez dira adinaren arabera banatuko, eta umeentzako jolasak guztietan egongo dira. Ikastola izango da erdigunea; han egingo da herri bazkaria, eta ekitaldi hauek izango dira: Gasteiz Kantuz, Ttek elektrotxaranga, Armentia dantza taldea, Big Band Berri jazz banda eta Imanol Ituiño magoa. Horrez gain, aurten ere egingo dute Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastoletako DBHko gazteentzako Erronka proba, eta gune horretan izango da.

Prado parkean, berriz, Dantza Plaza, bertsolariak, Potx eta Lotx pailazoak, swing dantza taldea eta O'Xabiren dantzaldia izango dira. Osakidetzak lehen laguntzei buruzko bi tailer antolatuko ditu 8 urteko umeentzat.

Mineral gunean, Eusko Label gunea izango da, eta artisau azoka bat jarriko dute. Horrekin batera, bertsolaria, trikitilariak eta Olatz Pagaldairen bakarrizketak izango dira, eta honako musika talde hauek: Ham sinfonia korporatiboa, Osterabe, Iont eta Wood Stringa.

Armentiako zelaietan, berriz, Araba Bizi Karpa jarriko dute. Zumba saioak, munduko musikak —Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin—, Dantza plaza, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia eta Skabidean & The Black Birds eta Ze Esatek! musika taldeak izango dira.

1981. urtean egin zen lehen aldiz Araba Euskaraz, eta Armentia ikastolak 2006an antolatu zuen. Ikastetxe horrek 25 urte bete ditu aurten, eta 1.200 ikasle baino gehiago ditu gaur egun. Jaialdiarekin «proiektua sendotu» nahi duela azaldu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.