Zigor Ibarzabal. Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna

«Ikastola ereduak eta proiektuak zentzua dute oraindik ere»

Ikastolen Elkarteak beste hezkuntza marko orokor bat ondu du, eta Ibarzabal da egileetako bat. Euskalduntzeari aparteko arreta jarri asmo diote: «Euskal hiztun kontzienteak hezi nahi ditugu».

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Ikastolen ibilbidea eta dituzten erronkak eta hautu pedagogikoak zehaztu ditu Ikastolen Elkarteak Ikastolen hezkuntza marko orokorra liburuan. Zigor Ibarzabal (Oñati, Gipuzkoa, 1979) Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna da, eta lanaren egileetako bat. Azaldu du bost bereizgarri dituzten pertsonak hezi nahi dituztela: euskaldunak, barne sendotasuna dutenak, kooperatiboak, erabakitzaile-ekintzaileak eta eraldatzaileak. Markoa gaur eta bihar aurkeztuko dute, Donostian egingo dituzten jardunaldietan.

Zer da marko orokorra?

Ikastolek hezkuntza ulertzeko daukagun modua jasotzen du. Ikastola guztientzat joko eremu bat markatu nahi izan dugu, bakoitzak bere testuingurura egokitu eta beretik eraikiko duen hezkuntza proiektuaren oinarria izango dena.

2009koa da aurreko markoa. Zer desberdintasun dauzka berriak?

Aurrekoan, esaten genuen edukiak behar ditugula, eta konpetentzien zerbitzura egon behar direla. Orain, esaten dugu konpetentziak behar ditugula, baina konpetentziak eta izatea lotzen ditugu, hau da, konpetentzia horiek ipar baterantz garatzen ditugu. Horrek eraman gaitu pertsona eredua definitzera, eta hezkuntza proiektuaren bidez izan nahi dugun eragina edo inpaktua definitu dugu. Horrez gain, ebidentzia zientifikoak egin dizkigun ekarpenak jaso ditugu.

Nolako pertsona eredua lortu asmo duzue?

Bost bereizgarri markatu ditugu: euskalduna, barne sendotasuna duena, kooperatiboa, erabakitzaile-ekintzailea eta eraldatzailea. Eta hemezortzi ezaugarritan xehatzen dira. Ez gara ari esaten molde bereko pertsonak hezi nahi ditugula. Pertsonen gaitasunak ahalik eta gehien garatu nahi ditugu. Euskaldun izatean, esaterako, euskal hiztun kontzienteak hezi nahi ditugu. Gainera, bereizgarrien eta ezaugarrien inpaktuen neurketa sistema bat diseinatzeko, doktoretza tesi bat abian jarri dugu. Ebaluazioa DBH4n egingo litzateke, Ikastolen Elkartetik bideratuta. Lortu nahi dugunaz eta gauden lekuaz gogoeta egiten lagunduko digu.

Nola islatuko da marko berria ikastoletan?

Zabalkundea eta ezarpena erronka bat izango da. Zenbait sozializazio bide eta hartzaile kontuan hartu ditugu. Gero, tokian tokiko hezkuntza proiektuen irakurketa egin beharko da, eta etxe honetatik eskaintzen ditugun proiektuak eta ikasmateriala pertsona ereduari begira jarri beharko ditugu.

Ikastolen funtzioez ere ari zarete markoan. Zein dira? Azken urteetan aldatu al dira?

Sortu ginenean zeuden egitekoei jarraiki, ikastola ereduak eta proiektuak zentzua dute oraindik ere. Dagoen hutsune bat betetzen dugu, ekimen sozial antolatuaren bidez, hezkuntzan autoeraketan eta autogestioan oinarritutako eredu bat garelako. Hegoaldeko ikastoletan, egitura kooperatiboa hautatu dugu. Administrazioak kudeatutako ikastetxeez harago, beste eredu bat eskaintzen dugu, eta oraindik ere zentzua du behin eta berriz aldarrikatu izan dugunak, ikastolen hirugarren sare egiturak. Euskal hezkuntza sistemari ekarpen handia egiten diogu. Azpimarratu nahiko nuke Euskal Herri mailako egitura daukan hezkuntza proiektu bat dela lantzen duguna. Hobetzekoak izango ditugu, noski, baina egindako ibilbidea aitortu behar zaio ikastola ereduari.

Zer erronka dituzue?

Markoan hezkuntza ildoak aipatzen ditugunean, erronka pedagogiko nagusiak jasotzen ditugu. Euskalgintzako eta hezkuntzako erakunde guztiak kezkatuta gaude ikasleen euskara mailarekin eta hizkuntza erabileraz egiten duten hautuarekin. Gogoeta egin behar dugu, baina, gogoetaz gain, estrategia berriak behar ditugu, eta, horretarako, ekintza plan partekatuak behar ditugu. Ikusiko dugu EAEko Hezkuntza Lege proiektua nola amaitzen den ere, zer garapen duen, eta ikastolei zer aukera eta erronka ekarriko dizkien. Ikastoletan baditugu erronka esanguratsuak, izan familia zaurgarrien inguruan, izan hezkuntza sistemaren elkarlan sanoago baten bila.

Markoan jasoa duzue ikastolak sortu zirenean baino atxikimendu txikiagoa dagoela euskararen inguruan. Buelta emateko errezetarik ba al dago liburuan?

Errezeta magikorik ez dago, baina pertsona euskalduna esaten dugunean, zein inpaktu lortu nahi ditugun argi jasota dago gure pertsona ereduan. Gainera, hezkuntza arautuak zeresana eta zeregina badauka, aisialdiak edo hezkuntza ez-formaletik ere badaukagu zer eragin, baina herri erronka bat da, herri itun bat behar da honi buruz.

Aipatzen duzue ikastolek pedagogia berrikuntzarako grina duzuela. Berrikuntzarik proposatu al duzue markoan?

Bai. Jasotzen dira irakaskidetza, berdinen arteko ikaskuntza, ikasle guztiei arrakasta bermatu beharra, estrategia inklusiboak aintzat hartu eta praktikara eraman beharra... Ikastola batzuetan urrats batzuk eginda egongo dira; beste batzuetan, beste egoera batean egon daitezke. Baina ipar bat markatu dugu guztientzat.

Irakasleek zer eginbehar dituzte, eta zein izango dituzte?

Honek irakaslearentzat ipar berri bat izan nahi luke. Kontziente izan behar du, esaterako, inpaktua izaten ari dela pertsona ereduan jasota dagoen euskaldunaren bereizgarrian eta euskal identitatea eta kultura ezagutzearen ezaugarrian. Ikasleekin gogoeta egiten dugunean edo feedbacka ematen diegunean, ez diegu bakarrik maila akademikoan egiten ari denaz gogoeta egitera gonbidatu behar: pertsona ereduari ere erreferentzia egin beharko diogu.

Ebaluazio hezitzailea aukeratu duzue. Zer da?

Orain arte egin dugun hautuan sakontzen eta urratsak egiten jarraitu behar dugula. Abiatuta gaude ebaluazio hezitzailea egiten, hau da, ikasleekin autoerregulazioa, koebaluazioa lantzen, feedbacka ematen, gogoeta egiten... Honek beste urrats bat eskatzen digu: ezagutzak eta konpetentziak behar ditugu, baina horiek pertsona ereduaren zerbitzura daude. Horren kontzientzia hartu, eta ebaluazio hezitzailean kokatu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.