Ikastola berria, Euskal Herriaren eskutik

Askotariko eskaintza izango da gaur, Senperen, Herri Urratsen eskutik. «Euskararen aldeko mobilizazio nazionala» izan nahi du, jai giroan. Bildutako dirua Beskoitzeko ikastola eraikitzeko izango da.

Pello Reparazen kontzertua iaz, Senperen. PATXI BELTZAIZ
Pello Reparazen kontzertua iaz, Senperen. PATXI BELTZAIZ
gurutze izagirre intxauspe
2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

«Euskal Herriak eraikiko du Beskoitzen ikastola berria», adierazi du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. Izan ere, gaur Senpereko lakuaren ingurura gerturatu eta jai giro apartean egunpasa egiteaz bat, egin litekeen diru ekarpenari esker eraiki ahal izango da toki duin bat eraikin prefabrikatuetan ikasten duten haurrentzat, Beskoitzen, Lapurdin. Seaskak eskainitako toki hori da bakarra haurrek euskaraz ikasi ahal izan dezaten.

Aurtengo Herri Urratsen leloa Ortzadarra da. Ez dute ahazteko iazko Herri Urrats festa. Iaz maiatzaren 14an izan zen euskararen aldeko jai handia, eta bezperan uholdeak izan ziren Senpereko aintziraren inguruetan, euri jasen ondorioz. Bi urtez jaia etenda egon ostean, aurrera egin edo ez ebatzi behar izan zuten. Azkenean aurrera egitea erabaki zuten, eta eguna ospatu zen. Giroak askorik lagundu ez bazuen ere, joan zen jendea. Galera handiak izan ziren, halere, baina biharamuneko elkartasun uholdeari esker kontuak berdindu zituzten, eta Herri Urrats egunak berak ere eguzkitsu amaitu zuen. Euriaren osteko eguzkiarekin sortzen den ortzadarra ekarri dute gogora aurten jaiari lelo hori jarrita.

Bestetik, ortzadarrak zubi bat irudikatzen du, eta, Rodriguezen esanetan, Herri Urratsen funtzioa zubiarena izan da, harremanak sortu dituztelako Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean, eta baita herri ikastolekin ere.

Hirugarrenik, ortzadarrak aniztasuna irudikatzen du. Seaskak ere aniztasun hori jorratzen du komunitatean, ikastetxeetan, eta hori ere irudikatu nahi dute.

Euskara erdira

Euskararen aldeko aldarrikapenak zeharkatuko du, baina, egun osoa. Euskararen kontrako oldarraldiaren markoan kokatu dute jai egun hau ere, modu erreibindikatzailean egin ere: «Mobilizazio egun nazional baten gisan planteatzen dugu Herri Urrats», adierazi du Rodriguezek. Euskaraz bizitzeko hautua egiten duen herri bat badagoela ikusarazi nahi dute, eta hori aldarrikatzeko bidea eman nahi du Herri Urratsek, Senperen elkartzeko deia eginda. «Euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakutsi dugu».

«Mobilizazio egun nazional baten gisan planteatzen dugu Herri Urrats. Euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakutsi nahi dugu». KOLDO RODRIGUEZHerri Urratseko koordinatzailea

Bereziki gogoan hartu ditu Azterketak Euskaraz aldarrikatzen dituen kolektiboa. Eta Beskoitzen haurrek euskaraz ikasi ahal izan dezaten gurasoek eta euskaltzaleek egindako lana. Ekitaldi, jardunaldi eta mobilizazio ugari egin dituzte gatazka haien berri izateko, eta jaso dituzten elkartasun eta babes mezuak izan dira lagungarri gatazka horiek konpontzen hasteko.

Beskoitzeren kasuan, herriko etxearekin izandako afera ekarri du gogora. Herriko kontseiluaren gehiengoak beste urtebetez aukera eman die lurrak erabiltzeko, haurrek euskaraz ikasten segitu ahal izateko. Fabienne Aiensa auzapeza ez zen ados, eta dimisioa eman zuen. Ekainaren 16an egitekoak dira herriko bozak, auzapez berria hautatzeko. Rodriguez itxaropentsu agertu da aurrera begira. Izan ere, haurrek egitura prefabrikatuetan hartu dituzte eskolak, baldintza txarretan, «ikastolak egun duen egoera prekarioarekin du lotura egoera horrek, eta egoera duindu behar da», adierazi du Rodriguezek, «Beskoitzeko haurrei eta gurasoei duintasuna ematea da asmoa». Aterako den herriko etxe berriari elkarlanerako deia egin dio.

Egitarau oparoa

Gustu guztietarako egitaraua ondu dute gaurko, baina hori azaltzerako, Rodriguezek ez du aukera galdu nahi izan Herri Urrats egunean oholtzara igoko diren guztiei eskerrak emateko, sortzaile eta artista guztiak eskuzabalak izan direlako; bestela ezinezkoa zatekeelako bihar Senperen izango diren zenbait talde programatzea.

Indar berezia egiten saiatu dira emakumeak eszenan izateko; oholtzara igoko diren %70 izango dira, «eta horrek pozez betetzen gaitu».

Esne Beltza taldea agur biran dago, eta iaz taldekideek Herri Urratseko antolatzaileei esan zieten bira horren barruan sartu nahiko luketela Senpereko festa. Bertan izango dira gaur. Leihotikan taldea ere bai, 1990eko hamarkadatik jo gabea da, eta Herri Urratsen izango da entzungai. Baita Delirium Tremens ere. Horiek Nafarroa Badok gunean izango dira, beste hainbat talderekin batera.

Gaur egun bogan dauden beste hainbat talde ere izango dira, besteak beste, Nogen. Araba Berria gunean izango dira. Nogenez gain, gune horretan entzun ahal izango dira Neomak eta Niko Etxart ere. Mutxikoak ere hor izango dira.

Gipuzkoan eszena berri bat izango da, sormen gazteari lekua egiteko. Munduan entzuten den musika euskaraz egiteko ahalegina egiten ari direnei aitortza bat da, eta, era berean, plaza bat bertaratuek ezagutu ditzaten. Hor izango dira, besteak beste, Eire eta Pisso & OPH. Baita bertsolariak ere: Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre. Gaiak jartzen Xalbat Alzugarai izango da.

Lapurdi gunean Mantangorri eszena tokia egongo da. Gurasohw, Pontx eta Gora Bihotzak izango dira bertan. Sagardotegi menua bertan dastatzeko aukera egongo da.

Ibilbidean zehar ibiliko dira elektrotxarangak, gaiteroak eta bestelako musikariak. Gune guztietan egongo da jan-edana aukeran, eta, Xiberua gunean izan ezik, gainerako guztietan txartelarekin ordaindu ahal izango da.

Horrenbestez, askotariko egitarau oparoa, ortzadarraren moduan, askotariko  kolorez osatua, jai giroan euskarazko hezkuntza sustatzeko Ipar Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.