Ainhoa Larrabe. Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimeneko kidea

«Ikastetxez ikastetxe landu behar da hezkuntza propio eta euskalduna»

Hezkuntza mugimendua «gorpuztu eta aktibatzeko», batzar irekira deitu du larunbaterako, Bilbon, Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak. Hitzetatik ekintzetara igaro nahi dute.

JUANAN RUIZ /ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Euskal Herrikoa eta euskalduna izatearen nortasun eta balioak zapuztu nahi dituzte». EHBE Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimeneko Ainhoa Larrabek hala azaldu du Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hezkuntza alorrean onartzen ari diren ekimen eta dekretuen xedea. Larunbatean beste hezkuntza eragileen ordezkariekin bilduko dira Bilboko La Bolsa aretoan, egoera aztertu, eta etorkizunera begira egin beharreko urratsak erabakitzeko. Larraberen ustez, Sarasateko Adierazpenetik abiatu beharko dute urrats horiek.

Zein helbururekin antolatu duzue datorren asteburuko batzar irekia?

Azken urte eta erdi honetan hezkuntza alorreko eragile eta norbanakoek egindako hausnarketak plazaratzeko eta herritarrekin horiek partekatzeko deitu dugu batzarrera.

Hezkuntzak Euskal Herrian duen egoerarekin kezkatuta zaudete, ezta?

Bai. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza alorrean onartutako dekretu, neurri eta legeek aldaketa nabarmenak eragin ditu curriculumean. Nafarroan ere hala izan da. Dekretu eta lege horiek, gainera, hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe onartu dira. Ez digute iritzia ere eskatu. Neurri horiekin Euskal Herrikoa eta euskalduna izatearen nortasun eta balioak zapuztu nahi dituzte, eta hurrengo belaunaldietara ez igarotzea. Herri gisa dugun izaera zapuztu nahi dute. Aspalditik ari gara hori salatzen. Baina uste dugu beste urrats bat egiteko unea dela. Izan ere, jartzen dizkiguten trabak ikusita, guk egin beharko dugu hezkuntza nazional, propio eta euskalduna lortzeko bidea. Guk landu eta garatu beharko dugu bide hori.

Nola lor daiteke hori? Baikor al zaudete?

Gu baikor gaude. Uste dugu maila nazionalean baino gehiago ikastetxez ikastetxe landu behar dela hezkuntza propio eta euskalduna. Gaur egun proiektu eraikitzaile txiki ugari lantzen ari dira, eta pixkanaka emaitzak lortzen doaz. Uste dugu hor egin behar dugula indarra. Herri guztietan hezkuntza sistema indartsu eta sendoa artikulatu behar dugu. Proiektu horien bidez helburu handiak lor daitezke, eta erakundeek atzera egitea. Betiere kontuan hartuta Sarasateko Adierazpenean jasotzen diren zazpi puntuak oinarria direla. Horietan, hezkuntza sistema propio baten alde borrokatzera deia egiten da.

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza alorrean abiatutako ekimenen artean,kezka eragin dizuenetako bat hiru eleko irakats eredua izan da. Zergatik?

Bai, halaxe da. Gu ikasleak eleaniztunak izatearen alde gaude, baina betiere euskara kaltetu gabe. Euskarak izan behar du abiapuntua. Baina, kasu horretan, eredu horrekin egin dutena zera da: ingelesa ikastearen aitzakian, euskara orduak gutxitu. Egungo D eredua B eredu bihurtu nahi dute. Hori guztia ikusirik, Gizarte Erakundeen Kontseiluak ikasle eleaniztunak sortzeko egindako proiektua da gure apustua. Izan ere, proposamenik egokiena da ikasle euskaldunak eleaniztun bihurtzeko. Proposamen hori lantzeko, euskarari eta hezkuntzari lotutako eragileak bildu ziren, eta guztien babesa lortu zuen.

Bakerako hezkuntza planak ere eztabaida sortu du. Ekimen hori ere kezkaz ikusten duzue, ezta?

Bai. Hasteko, plana hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe egin da. Ikastetxeei inposatu egin zaie. Oso gai konplexua da bertan lantzen dena. Hezkuntza mugimendu bat garen aldetik, guk ez dugu Euskal Herrian bizi den gatazkaren inguruko irakurketarik egingo. Hori ez da gure lana. Baina gaia landu behar bada, uste dugu planean erabiltzen diren terminoak ez direla egokiak. Planean erabiltzen den material didaktikoak eta testigantzek gorrotoa eta mespretxua transmititzen dute, elkarbizitza baino gehiago. Onen eta txarren arteko banaketa bat egiten da, eta hori ezin da egin. Guztiz antipedagogikoa da planteamendu hori. Gainera, jasotzen diren testigantzak alde bakarrekoak dira. Ez dira inondik inora ere gatazkako alde guztietakoak jasotzen.

Curriculumean egin diren beste aldaketen inguruan zein iritzi duzue?

Euskal Herria terminoa hezkuntza curriculumean erabiltzearen inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren karietara —terminoa erabil daiteke, ezin du Nafarroa barneratu—, egindako liburuen aukeraketa ere kezkatzekoa iruditzen zaigu. Izan ere, gure historiaren eta errealitatearen desitxuratzea eta ukazioa dakar.

Nafarroan ere kezkatzeko da egoera, ezta?

Bai. TIL eta British ereduekin euskarak eta D ereduak hartutako indarra gutxitu nahi dute, eta hori onartezina da. Ez da ahaztu behar, gainera, Euskal Herria terminoa erabiltzeagatik testuliburuekin egin duten zerrenda beltza. Liburu horiek egiten dituzten argitaletxeei laguntzak kendu izana oso larria da.

Dena den, bestelako gai batzuek ere landuko dituzue batzarrean: adibidez, hezkidetza. Horiei ere garrantzia ematen diezue, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Askotan,orain arte aipatutako gaien zurrunbiloan sartzen gara. Baina hezkuntzak bestelako elementu garrantzitsu batzuk ditu, eta horiek beren lekua izango dute batzarrean. Horietako bat da hezkidetza. Hala, Bilgune Feministako kideak hezkidetzari buruz landu duten gidaz arituko dira. Kultur aniztasunaren gaia ere landu nahi genuen, baina egun bakarrean ez du denbora ematen. Bestelako gai horiek lantzeko hainbat eragilerekin arituko gara elkarlanean: Bilgune Feminista, Kontseilua, Hik Hasi, Kontseilua... Denok osatzen dugu eskola hori, eta elkarte nahiz norbanako guztiok dugu lekua eta zeresana bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.