Ikastetxeetako sukalde eta garbiketa langileen %70ek grebarekin bat egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek «proposamenak eta edukiak» eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari, «langileen aldarrikapenei erantzuteko».

Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa langileen manifestazioa, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa langileen manifestazioa, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 30a
17:05
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, greba eguna izan dute gaur hezkuntza publikoan. ELAk, LABek eta CCOOk antolatutako lanuzte sortaren barruan, grebara deituak daude eskola sukaldeetako eta garbiketako langileak gaur eta bihar, eta, sindikatuok adierazi dutenez, grebaren erantzuna «oso handia» izan da: %70etik gorakoa, gutxieneko zerbitzuak kenduta. Ordezkari sindikalek adierazi dutenez, parte hartzea are handiagoa izan da zenbait ikastetxetan: «Greba egin zezaketen langileen %100ek egin dute, kasu batzuetan».

Lan hitzarmenak berritzea eta baldintzak hobetzea, horra gaurko eta biharko greba deialdiaren xedea. Sukaldeetako eta garbiketako langileena, baina, ez da hezkuntza publikoko sindikatuek eginiko deialdi bakarra: aurretik, lanuzteak egin zituzten irakasleek eta Haurreskolak patzuergoko langileek, eta datozen asteetan ere, berriro aterako dira kalera kolektibo horiek. Honako hau da egutegia: Haurreskolak patzuergoko langileek otsailaren 12an eta 13an eginen dute greba; sukaldetakoek eta garbiketakoek, otsailaren 19an eta 20an; eta irakasleek itxiko dute lanuzte zikloa, otsailaren 26an eta 27an.

Gaurko mobilizazio nagusia Bilbon egin dute sindikatuek: manifestazioa egin dute Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita lelopean, eta ehunka langile atera dira kalera, sindikatuen arabera. Protestan salatu dutenez, sukaldeena eta garbiketena da, Hezkuntza Sailaren barruan, «esparru feminizatuena, lan baldintza prekarioenak dituena eta pribatizazio prozesu handiena bizi duena».

Horrez gain, salatu dute Jaurlaritza saiatu dela langileen grebarako eskubidea baldintzatzen, «gutxieneko zerbitzu neurrigabeak» ezarrita eta «horiek ezartzen dituen arauaren interpretazio zorrotzegia eginez». ELAk, LABek eta CCOOk adierazi dute, halaber, Hezkuntza Sailak ez duela lortu grebaren eragina apaltzea, «arrakasta itzela izan baita». Hala, esan dute grebaren erantzuna %100ekoa izan dela zenbait ikastetxetan, gutxieneko zerbitzuak bete behar zituzten langileak kenduta.

Sindikatuek gaineratu dute sukaldeko eta garbiketako langileen kolektiboak hamabost urte daramatzala lan hitzarmena berritu gabe, eta horrek ondorio larriak dituela zerbitzuaren kalitatean eta langileen baldintzetan. Hori dela eta, Hezkuntza Sailari galdegin diote, besteak beste, jangelako erabiltzaileen ratioak murriztea, «lan kargak arintze eta lanaldiak laburtze aldera»; lantaldea gaztetzeko planak adostea, erretiro adina aurreratzeko; eta soldatak igotzea, azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Horrez gain, bestelako neurriak ere planteatu dituzte, hala nola funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta lanpostuen galera eragozteko neurriak hartzea; ordezko langileen baldintzak hobetzea; eta planak garatzea lan osasunaren, berdintasunaren eta euskararen alorretan.

Iragan astelehenean bildu zen sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko negoziazio mahaia. Hala ere, sindikatuek uste dute Jaurlaritzak ez zuela «ganorazko edukirik» planteatu. Horregatik, langileen aldarrikapenak asebetetzeko moduko «proposamenak eta edukiak» eskatu dizkiote administrazioari: «Egin ditzala etxeko lanak behingoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.