Osoko bilkura egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, hezkuntzaren inguruan aritu dira. Bertan, EH Bilduk zera adostu du EAJrekin eta PSE-EErekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeen planifikaziorako dekretu berria egingo duela, eta hori 2022ko hezkuntza akordioari jarraituta —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk izenpetu zuten— onduko dutela, bertako irizpideen arabera.
Urtarrilean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak arautzeko dekretua. Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkariak orduan salatu zuen dekretu hark ez zuela errespetatzen «akordioan zehaztutako norabidea». Orain, baina, gaurko akordioarekin, uste du berriro hezkuntza akordioko adostasunera erakarri dituela EAJ eta PSE-EE: «Dekretu berriak orduko irizpideei jarraituko beharko die, betiere euskal eskola publikoaren zeregina indartzeko, ikasle guztiek hezkuntza sistemarako sarbide unibertsala izatea bermatzen duen oinarrizko erreferente gisa, eta eskola inklusiboa sustatzeko».
Halaber, Arresek iragarri du hezkuntza akordioaren jarraipen batzordera deitzeko eskatu diola Hezkuntza sailburuari, berriz biltzea «funtsezkoa» delako. Izan ere, gaiztotuta dago Hezkuntza Sailarekiko harremana, haren esanetan: «Hezkuntza Sailarengan dugun konfiantza apal-apala da, eta konpromiso politikoa behar dugu. Gauzak ez daude ondo, ez dira ondo egiten ari». Horregatik, elkarrekin aritzeko deia egin du Arresek: «Hausnarketarako momentua da. Buelta gaitezen hezkuntza akordiora, buelta gaitezen kontsentsuetara, buelta gaitezen elkarlanera».