Ikastetxeek webgunean argitaratu beharko dituzte kobratzen dituzten kuotak

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du prozesu betean daudela araudia zehazteko. Gorrotxategik gogorarazi dio kuotak debekatuta daudela

Miren Gorrotxategi, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Erredakzioa
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeek webgunean argitaratu beharko dute zer kuota kobratzen dituzten. «Borondatezko kuotak izango dira, ez hezkuntza zerbitzuengatik» ordaintzen direnetakoak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan esan duenez. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak galdetu dio ikastetxe kontzertatuen kuoten kobrantzen inguruan, eta horri erantzun dio Urkulluk.

Gorrotxategiren arabera, ez dago interes handirik itunpeko ikastetxeetan kobratzen diren kuoten errealitatea ezagutzeko, eta gogoratu du 1985etik dagoela debekatuta kuotak kobratzea, legez. Urkulluri gogorarazi dio hezkuntza legerako akordioan jasota dagoela kontrol mekanismoak ezartzea hezkuntzaren doakotasuna berma dadin eta hezkuntzagatiko kuotak agerian zein ezkutuan kobratzea debeka dadin.

Urkulluk berretsi egin du akordioak jasotzen duen konpromisoa. Gogoratu du non dagoen lege proiektuaren prozesua orain: eragileak etorkizuneko hezkuntza legeari ekarpenak egiten ari dira, eta, hurrengo hilabeteetan, Jaurlaritzaren lege proiektua legebiltzarrera eramango da. Legez jasoko da ikastetxeek ezingo dutela familien diru ekarpenik jaso hezkuntza zerbitzuengatik. Zerbitzu osagarriengatik baino ezingo da kobratu: garraioarengatik eta jangela zerbitzuengatik, kasurako. «Doakotasunerako bermeak modu argian jaso dira Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren 34. artikuluan», Urkulluk esan duenez.

Aitortu du prozesua konplexua dela, eta konfiantza esparru bat ezarri nahi dutela ikastetxe kontzertatuekin, konpromiso eta ardura partekatuekin. «Ari gara kontrol eta ebaluazio sistemak indartzen; prozesu berri bat ari gara martxan jartzen. Neurriak hartuko ditugu kuoten kontrola indartzeko».

Aipatu du, besteak beste, Jaurlaritza inbentario bat egiten ari dela ikusteko ikastetxeak zer kuota ari diren kobratzen, hezkuntzari lotuta ez daudenak bakarrik kobra ditzaten. Eta jakinarazi du webgunean argitaratu beharko dituztela kobratzen dituzten kuotak.

Itunpekoak babestea egotzita egin zaizkien kritikei erantzunez, esan du «ukaezina» dela Jaurlaritzak eskola publikoaren aldeko jarrera duela, eta hala geratuko dela jasota datorren hezkuntza legean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.