Ikastetxe guztiek modu orekatuan hartu beharko dituzte ikasle zaurgarriak

Jaurlaritzak jendaurrean jarri du ikastetxeen sarea planifikatzeko dekretu proiektua, eta aipatzen du ikasle zaurgarrientzat lekuak gorde beharko direla

Ikasle batzuk Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, artxiboko irudian. A.C. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Segregazioa da egun hezkuntza sisteman dagoen arazo nagusietako bat; hau da, ikasle zaurgarrienak eskola batzuek hartzen dituzte batez ere, eta beste batzuetan ez dago ia halakorik. Eusko Jaurlaritzak hori aldatzea jarri du xede gisa, jendaurrean jarri duen unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektuaren bidez. Oraindik behin-behinekoa izanda ere, joera bat markatzen du: ikasle zaurgarriak ikastetxe guztiek modu orekatuan jaso beharko dituztela dio.

Adierazpen orokorretatik neurri zehatzetara jota, proiektuak aipatzen du ikastetxe orok ikaspostuak gorde beharko dituela ikasle zaurgarrientzat: «Ikaspostuen eskaintza programatzeko orduan, dauden plaza guztiak hartu beharko dira kontuan, gizarte eta hezkuntza egoera ahulean dauden ikasleentzat gordetakoak barnean direla. Horrela, gizarte eta hezkuntza egoera ahulean edo egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen presentzia orekatua bermatuko da eragin eremuan funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan».

Segregazioarekin batera, ikastetxe publikoek eta itunpekoek eduki beharreko pisua da beste eztabaidagaietako bat. Dekretu proiektuan ziurtatu dutenez, bermatuko dute «eragin eremu guztietan» ikastetxe publiko bat behintzat egongo dela.

Dekretu proiektuak aipatzen du nola jokatuko duten ikastetxe bateko eskaria eskaintza baino handiagoa denean ere: «Eragin eremu edo zona horretako beste ikastetxe batzuetan plaza libreak badaude, hezkuntza arloko eskumena duen sailak ikastetxe horietara bideratu ahal izango ditu sobera dauden ikasleak, onarpen prozesua arautzen duen eta indarrean dagoen araudiaren arabera baremazioa egin ondoren».

Eta zer gertatuko da ikasturtea hasita dagoela iristen diren ikasleekin? Haien eskolatzea ere arautu asmo du dekretuak, eta jasotzen du eskola orok «erantzukide» izan beharko duela: «Hezkuntza arloko eskumena duen sailak, eskolatze batzordeen bidez, ahaleginak egingo ditu eta neurriak hartuko ditu, hain justu ere, bermatzeko funts publikoekin babestutako ikastetxe guztiak erantzukide direla onarpen prozesutik kanpo hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleen eskolatze orekatuan».

Gainera, azaldu dute ikasturte osoan eskola batzuetan gizarte eta hezkuntza egoera ahulean dauden ikasleen proportzioa ez dela inguruko ikastetxeetan baino gehiago igoko. Finean, ikasle horien eskolatzea ere modu orekatuan egitea dute xede: «Eskolatze hori modu orekatuan egingo da, hezkuntzako lurralde ordezkaritzek zehazten dituzten ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikasle horien aita, ama edo legezko tutoreei entzun ondoren, onarpen prozesua erregulatzeko indarrean dauden arauek xedatutakoaren arabera».

Hezkuntzak datozen urteetan izango duen erronka —edo arazo— nagusietako bat izango da geroz eta jaiotza tasa apalagoa. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak gehienezko ratioak —gela batean egon daitekeen ume kopuru handiena— eta gutxieneko ratioak —gela bat osatzeko behar den gutxieneko ikasle kopurua— jaistea erabaki du. Itunpeko ikastetxeetan gutxieneko ratioak jaitsiko dituzte; ikastetxe publikoetan, berriz, gehienezko ratioak apalagoak izango dira maila batzuetan.

EP-IUren kritikak

Oraingoa ez da dekretuaren lehen bertsioa. Maiatzaren amaieran, dekretuaren beste zirriborro bat egin zen publiko. Batez ere, Elkarrekin Podemos-IUk kritikatu zuen —EH Bildu ere ez zegoen erabat konforme—, honako hau jasotzen zuelako zirriborroak: «Bermatuko da ikasle guztiek ikaspostu bat izango dutela diru publikoarekin». Koalizioaren irudiko, ikaspostu horiek publikoak izan behar zuten. Oraingoan, hauxe dago jasota: «Bermatuko da ikasle guztiek ikaspostu bana izango dutela bizilekutik gertu, derrigorrezko hezkuntza etapa guztietan». Gainera, aurrekoan ez bezala, oraingoan aipatzen dute «eragin eremu guztietan» ikastetxe publiko bat dagoela bermatu beharko dutela. Eztabaidaren ostean, EAJk esana zuen zirriborroa aldatzeko asmoa zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.