Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea pozik agertu da Laneratze joerak eta unibertsitatearen eragina 2016 izeneko txostena aurkezterakoan: «Krisiaren aurretik, unibertsitate ikasketak zituztenen artean %5eko langabezia tasa zegoen. Oraindik ez dugu orduko maila berreskuratu, baina gure tituludunek gero eta enplegu gehiago lortzen dute, eta uste dugu egoera hobetuz joango dela». Krisi garaian izandako bilakaera aztertu dute, 2008tik 2012ra bitarteko promozioetako ikasleak ikasketak bukatu eta hiru urtera lanean ari diren jakiteko.
Lanbiderekin batera, 40.000 inkesta egin dituzte epe horretan titulua lortu dutenen artean, eta atera duten ondorioa argia da: azken bi urteetan hamar puntu hobetu da enplegu tasa. 2010ean titulua lortutakoen —urterik txarrena izan da— hamarretik ia zazpik lortu zuten lana; 2012koen artean, ostera, ia zortzi izan ziren.
Enplegu tasarik altuenak osasun arloko ikasketetan (%91), teknikoetan (%85), eta ekonomia eta zuzenbide zientzietakoetan (%81) daude. Zientzia esperimentalak daude zerrendaren hondarrean, baina haietan ere ia hamar ikasle ohitik zazpi lanean ari dira hiru urte igarotakoan.
Errektoreak uste du tasak ez direla txarrak, krisi garaia dela kontuan hartuz gero. Edonola ere, asko egin daitekeela iruditzen zaio. Horregatik, etorkizunera begira helburuak finkatu ditu: besteak beste, eragileekiko elkarlanaren eta prestakuntza dualaren aldeko apustua. Era berean, ohartarazi du datozen hamar urteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, oro har, 40.000 enplegu berriren beharra egongo dela, populazio aktiboari lana emateko.
Goirizelaiak zehaztu du «gizartean zabaldutako ustea kontrakoa bada ere» kanpora lan bila joaten diren gazteak «pentsatu baino gutxiago» direla. Dena den, esan du praktikak etxean zein atzerrian egitearen aldekoa dela: «Garrantzitsuena talentua erakartzeko ahalmena izatea da».
Graduondoak eta praktikak
Ikasle eta Enplegu errektoreorde Maite Zelaiak azpimarratu du, oro har, zenbat eta ikasketak goi mailakoagoak izan enplegagarritasuna orduan eta handiagoa dela. Eta hori gertatzen da unibertsitateko ikasle izandakoen artean ere: gradua edo baliokidea dutenen artean, enplegu tasa %79,2 da, eta graduondokoa edo baliokidea dutenen artean, berriz, %83,9. Era berean, lehen enplegua azkarrago aurkitzen dute unibertsitate praktikak egin dituzten gazteek. 2011ko promozioko datuak dira berrienak: urte hartan titulua lortu zutenen artean praktikak egin zituztenek %74,9ko enplegu tasa dute; %71,9koa da praktikarik egin ez zutenen artean.
Horregatik, praktiken garrantziaz ohartarazi dute Goirizelaiak eta Zelaiak. Errektoreak aitortu du ikerketaren lehen urtean oraindik ikasketa batzuetan ez zegoela praktikak egiteko aukerarik. Hala ere, 8.000 toki eskaini zituen unibertsitateak. 2012an 10.000 izan ziren, eta dagoeneko ikasketa guztietan zegoen aukera. Datozen urteetan eskaintza are gehiago handitzeko konpromisoa hartu dute.
Zelaiak aitortu du ez dutela zenbatua praktikak egin dituzten enpresan lan kontratu batekin geratzen direnen kopurua, baina programa zehatz batzuetako datuak eman ditu: %50 eta %60 artean izaten dira. Enpleguaren kalitateari dagokionez, hobetu egin da enpleguaren enkajeari —hau da, goi mailako lanpostuetan lan egiteari— eta lan egunen iraupenari dagokienez; kontratuak, ostera, gero eta gehiago dira behin-behinekoak. Gazteek zazpiko nota ipini diote euren lanari.
Ikasten bukatu eta hiru urtera, lanean dira EHUko hamar ikasletik ia zortzi
Enplegu tasa hamar puntu hazi da 2010etik 2012ra, EHUren eta Lanbideren azterlanaren arabera. 10.000 praktika eskaintzen dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu