Ikastaldeak ixteko protokoloa aldatu dute Iparraldean
PARIS. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak atzo aldatu zuen ikastaldeak ixteko protokoloa. Orain arte, ama eskolako talde berean hiru COVID-19 kasu atzeman behar zituzten haur guztien bakartzea agintzeko. Oraindik goiti, kasu bakarra atzemanez gero,talde osoa astebetez ixteko aginduko du Ikuskaritzak. Lehen eta bigarren mailetan irizpidea ez da aldatuko. Hiru kasu atzeman beharko dituzte ikastaldea ixteko, baina salbuespena izango du irizpide horrek: birusaren aparteko aldaeraren baten kasu bakar bat agertuz gero, gela bereko ikasle guztiak bakartuko ditu Ikuskaritzak, astebetez.Protokolo sanitarioa ere zorroztu dute. Maskara kirurgikoak —edo baliokideak— erabiltzea derrigorrezkoa izanen da. Gainera, segurtasun distantzia handitu dute. Orain arte, metro bateko distantzia utzi behar zuten ikasleek beren artean. Aurrerantzean, bi metrokoa izan beharko du tarte horrek. Jangelan ere aplikatu beharko dituzte neurriak, eta gelak maizago aireztatu beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu