«Aberrazioa», «botere gehiegikeria», «lotsaizuna», «manipulazioa», «doktrinatzea»... Armamentu dialektiko astunena erabili zuen atzo Nafarroako eskuinak, zentsura eragoztea helburutzat duen arau baten kontra jotzeko, hain zuzen. Izan ere, aurreko legealdian, Euskal Herria aipatzen zuten testuliburuei finantzaketa ukatu zien UPNren gobernuak lau foru aginduren bidez —liburuok Nafarroako ikastetxe publikoetan erabiltzea de facto galarazi zuen erabaki hark—; iragan abuztuan, ordea, Nafarroako Gobernu berriak indargabetu egin zuen UPNk ezarritako debekua, eta askatasuna eman zien ikastetxe publikoei, ikasliburuak hautatzeko tenorean. Erabakiarekin haserre, Jose Luis Mendoza kontseilariaren agerraldia eskatu zuten UPNk eta PPk legebiltzarrean, azalpenak eman zitzan. Mendozaren erantzunak, baina, are gehiago hauspotu du eskuin nabarristaren haserrea.
Hezkuntza kontseilariak gogorarazi zien UPNren gobernuak zentsuratutako ikasliburuek ez dutela inongo legerik urratzen, «ez Espainiako Konstituzioa, ez Foru Hobekuntza, ezta Hezkuntza Lege Organikoa ere», eta, beraz, ez dagoela horiek finantzaketa publikotik baztertzeko arrazoi objektiborik. Are gehiago: UPNren gobernuak ezarritako debekuak ikastetxeen autonomia mugatzen zuela azpimarratu zuen Mendozak: «Legearen arabera, zentro publikoei dagokie ikasgaietan erabiliko diren liburuak aukeratzea, eta eskumen hori urratu zuen aurreko gobernuak».
Orain arte betoa pairatu duten ikasliburuetan, Euskal Herria «kontzeptu linguistiko eta kultural gisa» erabiltzen zela azaldu du Mendozak, eta, politika identitarioak aplikatuz, gizartean «beldur segregazionistak» hedatu nahi izatea leporatu dio UPNri: «1991. urtean, adibidez, liburu bat argitaratu zuten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean, eta bertan azaltzen ziren Euskal Herria osatzen duten lurralde administratiboak: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Frantziako Goi Pirinioen departamentua. Liburua argitaratu zenean, inork ez zuen espanturik egin, ulertzen baitzuten aberastasunaren ikur direla kultura eta hizkuntza».
EH Bildu eta Geroa Bai, pozik
Talde parlamentarioen txandan, argudio bertsuak erabili dituzte UPNko eta PPko eledunek. Nekez antzeman daiteke ñabardurarik Alberto Catalanen (UPN) eta Javier Garciaren (PP) diskurtsoan. Catalanen aburuz, ikasliburuen debekuan atzera egiteko erabakia «aberrazio» bat da, «nazionalismoaren sektore erradikalenak kontent uztea beste helbururik ez duena». Ildo beretik, arau berriaren atzean «EH Bilduko erradikalak» daudela esan du Garciak: «Karguari eutsi nahi dio Mendozak, eta horretarako, muturreko abertzaleen babesa behar du». Horren ostean, oharra egin dio PPko eledunak Nafarroako Gobernuari. «Doktrinatzeko erabili nahi duzue hezkuntza, gure erkidegokoak ez diren historia eta tradizioak txertatuz, baina ez dugu halakorik inoiz onartuko», esan du legebiltzarrean bi ordezkari besterik ez duen alderdiko kideak.
Oso bestelako ikuspegia agertu dute Nafarroako Gobernua babesten duten lau indarrek. Geroa Baiko eledun Isabel Aranburu, esaterako, «oso pozik» azaldu da, foru agindu berriari esker «iraganeko jarrera antidemokratikoak» zuzenduko direla iritzita: «Gustuko ez zituzten testuei betoa jartzea, hori zen UPNk ezarritako arauen helburu bakarra, Nafarroa Euskal Herriaren barruan kokatzen zutelako».
EH Bilduko Miren Aranoak ere begi onez hartu du Hezkuntza Departamentuaren irizpide aldaketa. Haren aburuz, «espainiar nazionalismoarenak izan dira, urteetan, hezkuntza komunitateak pairatu dituen sektarismo eta obsesio bakarrak». Horregatik, «auzi identitarioak» alboratzeko galdea egin die UPN eta PPko legebiltzarkideei.
Ahal Dugu-ren izenean, Fatima Andreok ere txalotu egin du UPNren garaiko debekua indargabetzeko erabakia, «katedra askatasuna eta argitaratzeko askatasuna errespetatu beharko liratekeelako». Ezkerrako eledun Marisa de Simonek sostengua adierazi dio Hezkuntza Departamentuaren erabakiari, baina «ikasleak ideologikoki doktrinatzeko edozein saialdi eragozteko» eskatu dio Mendozari. PSNko Carlos Gimenok, azkenik, garrantzia kendu dio Euskal Herria kontzeptuaren erabilerari, baina erantsi du gobernuak ikasliburuen edukiak kontrolatu beharko lituzkeela.
Ikasliburuak zentsuratzeko araudian atzera egin izanak sutan jarri du UPN
Erregionalistek kargu hartu diote Mendozari, 'Euskal Herria' kontzeptua aipatzen duten ikasliburuen debekua indargabetzeagatik. Erabakiaren alde azaldu dira gobernua babesten duten lau indarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu