Ikasleen segregazioa eragozteko iazko neurriek indarrean jarraituko dute EAEn

Aurrematrikulatzeko epea otsailaren 7tik 23ra arte izango da. Eskaerak aurkezteko inkestak iazkoak bezalakoak izango dira.

Jaurlaritzak aurrematrikula kanpainaren aurkezpena. Jokin Bildarratz eta Begoña Pedrosa.
Jokin Bildarratz eta Begoña Pedrosa, gaur, Barakaldon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
marcos tedin
Barakaldo
2024ko urtarrilaren 29a
18:30
Entzun

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2024-2025eko ikasturterako aurrematrikulazioaren epeak eta berritasunak aurkeztu ditu gaur, Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean egindako prentsaurreko batean. Begoña Pedrosa sailburuordeak eta Eugenio Jimenez Plangintza zuzendariak lagunduta, Bildarratzek iragarri du, iaz sortutako zaurgarritasun indizeari dagokionez, indarrean eutsiko dietela aurreko matrikulazioan abian jarritako neurriei. Neurri horiek «ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzea» dute helburu.

Hezkuntza Sailak plazaratu duenez, «diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako ikaspostu kopurua ikasle zaurgarriak eskolatzeko». Iazko matrikulazio aldian, Hezkuntza Sailak erabaki zuen eskolek ehuneko jakin bat gorde behar ziela ikasle zaurgarriei, segregaziorik ez izateko. Prozesua erraza dela nabarmendu du Bildarratzek: «Familiek gauza bakarra egin beharko dute, orain arte bezala: matrikula egin. Galdetegi bat beteko dute, eta, informazio horrekin, Hezkuntza Sailak ikasle zaurgarriak identifikatuko ditu». Galdetegi hori iazko matrikulazioan agertzen zen bera da.

Neurri hori oreka gordetzearen aldekoa da, Hezkuntza Saileko ordezkariek azaldu dutenez: «Aniztasuna eta zaurgarritasuna era orekatuan banatzea du helburu neurri honek, ikasleak ez daitezen segregatu arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik». Horrez gain, sailburuak azaldu du zergatik ezarri duten neurria: «Hezkuntzak inoiz ez du banatzen, hezkuntzak batu egiten gaitu. Eta hori da, hain zuzen ere, matrikulazio prozesu honen oinarria».

Zenbait berritasun ere aurkeztu ditu sailburuak gaurko prentsaurrekoan. Adibidez, aukeratutako ikastetxean neba edo arreba bat izanez gero, hasierako maila eskatzen dutenek ikaspostua eskuratuko dute. Bestalde, eskaera berean bi neba-arreba baino gehiago baldin badaude, bakoitzari 6,5 puntu gehiago emango zaizkie. Bikiak dituzten familiei laguntzeko pentsatuta dago neurri hori. 

«Baremoko irizpideetan, puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daiteke», iragarri du sailak. Alegia, familiaren bizilekutik gertuen dagoen ikastetxea aukeratuz gero, puntuaziorik handiena jasoko du: zazpi puntu. Eragin eremuko beste ikastetxeak aukeratuz gero, ostera, bost. Neurri honen helburua hurbileko eskolatzea bultzatzea da. Familiaren bizilekutik gertuen dagoen ikastetxea eragin eremu mugakide batean egonez gero, bost puntu jasoko ditu baremoan.

Aurrematrikulatzeko epeak

Bildarratzek aurrematrikulazioa egiteko epea azpimarratu du: otsailaren 7tik 23ra arte izango da. «Oso garrantzitsua da» epea ez ahaztea, «arazorik» izan ez dadin. Egun hauetan, eskabideak eta agiriak entregatzeko modua izango da, bai Interneten bidez eta bai aurrez aurre. Sailburuak ziurtatu du gaurtik aurrera kanpaina bat hasiko dutela gurasoei aurrematrikulatzeko epea gogorarazteko. Martxoaren 12an, eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 26an, behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, eta familiek apirilaren 10era arte izango dute erreklamazioak egiteko. Apirilaren 26an, behin betiko zerrendak argitaratuko dira, eta, gero, errekurtsoak aurkezteko epea zabalduko dute, maiatzaren 30era arte. Epe horiek beteko dira bai eskola publikoetan eta bai itunpekoetan.

Aurrematrikulazioan gurasoek nahi beste ikastetxe aukeratu ditzaketela aipatu du Bildarratzek. Izan ere, komenigarria da ikastetxe bat baino gehiago hautatzea: «Aukera bakarra jarri eta ez badute tokirik lortzen, Hezkuntza Sailak beste ikastetxe batean emango die tokia, baina familiaren interesen berri izan barik».

Egutegia
  • Otsailaren 7tik 23ra: aurrematrikulazioa aurkezteko epea, bai Internetez eta bai aurrez aurre.
  • Martxoaren 12a: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
  • Martxoaren 26a: behin-behineko zerrendak plazaratuko dira dira. Apirilaren 10era arte, erreklamazioak egiteko denbora izango dute familiek.
  • Apirilaren 26a: Behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak maiatzaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.