Ikasleen itxialdia, euskarari bidea irekitzeko

Duela 30 urte, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek borroka luze eta gogorra egin zuten, unibertsitateak irakasle euskaldunak har zitzala eskatzeko. Fakultatean itxialdia egin zuten; protesta hark zenbait aste iraun zuen.

Arte Ederretako ikasleen eserialdia, Bilbon, 1994ko azaroan. XOUSE SIMAL / EUSKALDUNON EGUNKARIA
Arte Ederretako ikasleen eserialdia, Bilbon, 1994ko azaroan. XOUSE SIMAL / EUSKALDUNON EGUNKARIA
gotzon hermosilla
Leioa
2024ko abenduaren 18a
05:00
Entzun

Duela 30 urte EHUko Arte Ederretako ikasleek egindako borroka mugarria izan zen unibertsitatea euskalduntzeko bidean. Seguru asko,fakultatean hainbat astez egindako itxialdia izan zen ekintzarik ikusgarriena. Ez zen lehenengoa izan, 1984an eta 1990ean ere ikasleek itxialdiak egin baitzituzten euskaraz ikasteko eskubidearen alde, eta azkena ere ez zen izango, 2008an beste bat izan baitzen, baina 1994ko hark lorratz sakona utzi zuen, mobilizazioek hartu zuten neurriagatik, eta lortutako arrakastagatik ere bai: handik gutxira, EHUk 80 irakasle euskaldun kontratatu zituen, eta urrats handia egin zuen unibertsitatea euskalduntzeko zereginean.

Jon Manzisidor (Zumaia, Gipuzkoa, 1973) eta Enrike Hurtado (Sodupe, Bizkaia, 1973) Arte Ederretako irakasleak dira, eta fakultate horretako ikasleak ziren 1994an, gatazka piztu zenean. «Eskolak erdaraz ematen zituzten, eta, horretaz aparte, euskal adarra zegoen», gogoratu du Manzisidorrek. «Euskal adarraren gabeziak oso handiak ziren lehenagotik ere, baina are gehiago azaleratu ziren gure belaunaldia unibertsitatera iritsi zenean. Gure eskaera oso zehatza zen: euskal adarrerako bost irakasle euskaldun hartzea».

«Euskal adarraren gabeziak oso handiak ziren, baina are gehiago azaleratu ziren gure belaunaldia unibertsitatera iritsi zenean»

JON MANZISIDOREHUko ikasle izandakoa

Ikasturtea hasi eta berehala, batzarrak egiteari ekin zioten ikasleek, «oso luzeak», Hurtadok gogoratzen duenez. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki zuten. Urriaren 11n, elkarretaratzea egin zuten Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, Geuk ere ordaindu dugu matrikula, bete hitza leloa idatzita zuen pankarta bat zeramatela. Urriaren 16an, berriz, itxialdia hasi zuten fakultatean; protesta hark astebete iraun zuen.

Garai hartan, Jose Antonio Ardanza zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioa zegoen indarrean Eusko Jaurlaritzan. Unibertsitateari lotutako auziak Fernando Buesa Hezkuntza sailburu sozialistaren esku zeuden. Izan ere, urriaren 20an egindako adierazpen batzuetan, EHUko Euskara errektoreorde Pello Salaburuk Buesaren bizkar jarri zuen auziaren erantzukizuna: «Buesak ez du baimenik eman irakasle gehiago kontratatzeko, eta guk ezin dugu egin; ez dugu dirurik jende gehiago kontratatzeko. [Hezkuntza Sailak] ez du unibertsitate politikarik izan, ez euskara alorrean, ezta beste ezertan ere. Orain lehertu egin da, eta harritzen nau lehenago lehertu ez izanak».

Istiluak Arte Ederren Museoan

Apurka-apurka, gatazka campus osora hedatu zen, eta beste fakultateetako ikasleak ere batu ziren mobilizazioetara. Urriaren 27an, manifestazioa egin zuten Leioan, EHUko Gobernu Batzordea biltzekoa zela eta. Azaroaren 2an, berriz, eta lau urte lehenagoko protestaldietan egin bezala, mobilizazioak Bilboko Arte Eder museora eramaten saiatu ziren ikasleak. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien, eta istilu larriak egon ziren: orduko informazioen arabera, zazpi ikasle atxilotu zituzten, eta beste zenbait zauritu ziren ertzainen kolpeen ondorioz.

«Bitxia izan zen; Arte Ederren Museoa okupatzea erabaki genuen, eta, hara joan ginenean, ikusi genuen Ertzaintzak bazuela gure asmoen berri», azaldu du Hurtadok. Are gehiago: museo barruan Protecsako langileak zeuden, unibertsitatean jarduten zuen segurtasun enpresakoak: «Seguru asko, ikasleen batzarrean satorrak egongo ziren», erantsi du Manzisidorrek. Hurrengo egunean, ikasleek manifestazioa egin zuten berriro, eta Ertzaintzaren Deustuko komisariaraino joan ziren, han baitzeuden bezperan atxilotuetako zenbait.

«Memoria ariketa bat egin nahi izan dugu, baina nostalgia hutsean geratu gabe, eta ikasleen oraingo borrokekin lotura eginda»

IBAI ATUTXAEHUko irakaslea

Museoan gertatutakoak asko gaiztotu zuen giroa, eta, aurrerantzean, errepresioaren kontrako aldarria gehitu zitzaion irakasle euskaldunen kontratazioaren eskaerari. Azaroaren 4an greba egin zuten Hego Euskal Herriko irakaskuntza osoan, eta 7tik aurrera, Arte Ederretan greba mugagabera deitu zuten, eta berriro ere itxialdia egin zuten fakultatean. Aurrekoa baino luzeagoa izan zen hori: Gabonak igaro arte, unibertsitateak ez zuen normaltasuna berreskuratu.

Garai hartatik, Hurtadok batzarrak ditu gogoan, batez ere: «300 lagun inguru ginen, nork bere iritzia zuen, eta, ondorioz, batzarrak asko luzatzen ziren. Oso zaila zen erabakiak hartzea. Batzuetan, jasanezina zen».

Baina oroitzapen gozoak ere baditu Hurtadok itxialdi hartatik: batez ere, ikasleen borrokak piztutako elkartasun oldea, eta itxialdiaren inguruan antolatutako ekitaldiak: «Unibertsitate alternatibo moduko bat egin genuen. Ikasleok antolatzen genituen eskolak, eta jende asko etorri zen hitzaldiak ematera. Horrez gain, ikastaroak, musika emanaldiak eta beste hainbat ekitaldi izan ziren».

Itxialdian antolatutako ekitaldiez gain, mobilizazio ugari egin zituzten ikasleek. Europako Parlamentura eta Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten euren eskakizunak, eta abenduaren hasieran, Unibertsitatea Euskalduntzeko Plataforma sortu zuten Euskal Herri osoko ikasleek. Plataforma berriak manifestazio jendetsua egin zuen abenduaren 14an, Gasteizen. Gatazka giroa 1995eko urtarrilera arte luzatu zen; handik gutxira, EHUk bidea zabaldu zuen irakasle euskaldunak kontratatzeko, eta horrekin, ikasleen eskaerei erantzuteaz gain, urrats handia egin zuen unibertsitatea euskalduntzeko lanean.

Oihane Iraguen (Bilbo, 1985) eta Ibai Atutxa ere (Galdakao, Bizkaia, 1984) EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak dira, baina gazteegiak ziren 1994an, eta ez zuten zuzenean ezagutu urte hartako gatazka. Haiek ere parte hartu dute urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietan. «Euskara Batzordean sortu zen asmoa, eta ideia zen arlo akademikoarekin hain lotuta egongo ez zen zerbait antolatzea», adierazi du Iraguenek. Horren emaitza izan da fakultateko aretoan abenduaren 13ra arte ikusgai egon den erakusketa.

«Helburua bera da, unibertsitatea euskalduntzea; oraingo egoera hobea da, seguru asko, garai hartan aldarrikapen horiek egin zirelako»

MADDI UHARTEEHUko ikaslea

«Nik urte gutxi daramatzat fakultatean, baina beti izan dut kezka hori: ikasleek ez ezagutzea aurreko ikasleen borrokak eta ekinbideak», esan du Atutxak. «Erakusketa honekin memoria ariketa bat egin nahi izan dugu, baina nostalgia hutsean geratu gabe; ikasleen oraingo egoera eta borrokekin lotura egin nahi genuen».

Erakusketa prestatzean, orduko oroitzapenak berritzeko aukera izan dute antolatzaileek, baita ezezagunak zitzaizkien zenbait kontu azaleratzekoa ere: «Nik, adibidez, nahiz eta garai hartan han egon, ez nekien orduan ikasleen borrokari buruzko kantu bat egin zutenik», aitortu du Manzisidorrek; «orain kantu hura berreskuratu dugu, norbaitek gordeta zeukan kasete bati esker».

Maddi Uharte (Baraibar, Nafarroa, 2004) eta Beñat Zobaran (Busturia, Bizkaia, 2004) EHUko ikasleak dira, eta ILE Ireki Lei(h)oa Euskarari taldeko kideak. Erakusketak eta orduko gatazkaren berri izateak balio izan die duela 30 urteko egoeraren eta gaurkoaren arteko aldeez jabetzeko: «Argi dago pixkanaka gauzak lortzen joan garela», esan du Uhartek. Zobarani, berriz, deigarria begitandu zaio orduko ikasleen jokamoldeen eta gaurkoen arteko desberdintasuna.

Baina, aldeak alde, unibertsitatean oraindik badago zereginik euskararen normalizazioaren bidean. Uharte: «Aurten, batez ere, hautazko ikasgaietan jarri dugu indarra, haietako asko euskaraz egiterik ez baitago. Inoiz gertatu zaigu erdarazko ikasleekin elkartu eta irakaslearen azalpenak erdaraz izatea, edo idazkaritzan euskaraz galdetu eta erdarara pasatu behar izatea».

ILEko ikasleek lotura ikusten dute duela 30 urteko borrokaren eta gaur egungoaren artean: «Helburua bera da, unibertsitatea euskalduntzea», azaldu du Uhartek. «Oraingo egoera hobea da, baina hori, seguru asko, gertatzen da garai hartan aldarrikapen horiek egin zirelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.