Hizkuntzen ikaskuntzari buruzko araudian aldaketa batzuk egin nahi ditu Espainiako Gobernuak, LOMCE hezkuntza legearen erreforma baliatuta. Legea aldatzeko aurreproiektua egin du ministerioak, eta, orain arte jakinarazitako puntuekin batera, euskarari eragingo lioketen bi puntu ditu, BERRIAk eskuratutako dokumentuaren arabera. Batetik, irakats-hizkuntza ezartzea erkidegoen esku utziko du. Bestetik, bultzatu nahi du eskolek aztertzea ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz duten maila, «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Bietako batean «hutsuneak» badaude, «konpentsatzea» nahi du gobernuak.
Finean, LOMCEren aurreko legera bueltatu nahi du aldaketarekin Isabel Zelaa ministroak, LOE legera —Zapateroren gobernuarekin onartu zuten hezkuntza lege hura—. Horretarako, bertan behera utziko ditu LOMCEren neurririk polemikoenak: errebalidak, Madrilek agintzea ikasgai nagusien curriculuma, erlijioak kalifikazio nagusietarako balio izatea... Neurri berriak ere badira mahai gainean; besteak beste, mugatu egin nahi dute maila errepikatzea, «salbuespena» izan dadin. Hezkuntzako adituen artean zabaldua da maila errepikatzea ez dela neurri eraginkorra gaur-gaurkoz, eta horri heldu dio ministerioak ere: «negatiboa» dela. Laguntza ezarri beharko diete ikasle horiei.
Proposamenaren arabera, erkidegoek zeresan handiagoa edukiko dute LOMCErekin baino: curriculumean, adibidez, %55 ezarriko du Madrilek aurrerantzean, LOErekin bezala. LOMCErekin, ikasgai nagusien curriculuma Espainiak ezartzen zuen —Jaurlaritzak auzitara jo zuen, baina salaketa atzera bota zuen auzitegiak—.
Erkidegoen esku
Hizkuntzekin lotua da erkidegoen eskumenetako aldaketa nagusietako bat. Kataluniako murgiltze eredu orokortuaren aurkako neurriak jaso zituzten LOMCEn; besteak beste, gaztelaniazko eskola pribatura jo nahi duten gurasoei Generalitateak pagatzea matrikula. Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen hori.
Murgiltzeari atea zabalik utziko dio LOMCEren aldaketak. Gaztelaniaz ikasteko eskubidea aipatu dute testuan, baina erkidegoen eskuetan utzi dute «zer proportziotan» eman eskolak gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialean. Areago, ministerioak aukera gisa utziko nahi du erkidego barruan proportzio desberdinak jartzeko, «egoeraren» arabera egokitzeko.
Hizkuntza mailarekin lotuta, badago beste berritasun bat proposamenean: eskola bakoitzak aztertzea zein den bere ikasleen gaitasuna, «horrela berma dadin ikasle guztiek lortzen dutela eskatutako gaitasuna gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialean». Aldaketa hori hala onartzekotan, eragin handia izango luke euskararen irakaskuntzan; izan ere, egungo azterketen arabera, ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna».
Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen ere, zehaztu egin nahi du ikasleei zer gaitasun eskatu euskaraz eta gaztelaniaz: B2 maila ezarri nahi du helburutzat derrigorrezko eskolaldiaren amaieran. ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak aurten bertan emandako datuen arabera, 14 urterekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %45ek ez dute beharrezko euskara mailarik. Eta, areago, arlo horretan atzerapausoa nabaritu du Jaurlaritzak.
Zelaaren proposamenak dio hizkuntza maila aztertu ondoren ikusiz gero «hutsuneak» daudela ikasleen gaitasunean, «konpentsatu» egin behar dela maila txikieneko hizkuntza. Euskal Herriko kasuan, kasu gehienetan euskara da «hutsuneak» dituen hizkuntza ikasleen gaitasunari dagokionez, baina, formula horrekin, aukera ireki dute gaztelaniaz zailtasunak dituzten ikasleei ere «konpentsatzeko» neurriak jartzeko. Izatez, Zelaak berak planteamendu hori egin zuen Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu zen garaian: egoera soziolinguistikoaren arabera moldatu behar zela ikastetxearen jarduna. Beste alderdi batzuek ere planteamendu hori egin dute hezkuntza legeari begira.
LOMCE aldatzeko aurreproiektua landu du ministerioak, baina tramitazioak luze joko du oraindik. Alegazioak jartzeko epea izango da, eta lege proiektua onartu beharko du gobernuak. Parlamentuak izango du azken hitza. Ikusteko dago bozak aurreratuz gero zertan geratuko litzatekeen. Nolanahi ere, neurri irmoena, errebalidena, etenda daukate jadanik.
Ikasleen hizkuntz maila aztertu eta «konpentsatzea» nahi du Espainiak
LOMCE aldatzeko aurreproiektua prestatu du Zelaa ministroak. Ikasleek hizkuntza ofizialen «beharrezko maila» badutela bermatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu