«Ikasleen erdiek ez dugu irakaskuntza bermatua, kalitateari eta hizkuntzari dagokienez»

'Euskara(z) sendatu' taldeko kideek salatu dute euskarazko ikaskuntza hautatutakoek gazteleraz egin behar izaten dituztela ikasgai batzuk, materiala erdaraz edukitzen dutela —edo gaizki euskaratuta— eta hizkera teknikoa ez dagoela bateratuta.

Jon Zapirain eta Miren Aisling Herrero, iazko urriaren 29an, EHUren Medikuntza fakultatearen sarreran. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jon Zapirain eta Miren Aisling Herrero, iazko urriaren 29an, EHUko Medikuntza fakultatearen sarreran. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Leioa
2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Unibertsitateko osasun ikasketak euskaraz egin nahi dituztenek EHU Euskal Herriko Unibertsitatera jotzea besterik ez dute. Han eskaintzen dituzte Medikuntzako, Erizaintzako, Fisioterapiako eta Odontologiako graduak euskaraz. Hala ikastea erabakitzen dutenek —eta selektibitatearen bidez lortzen dutenek—, ordea, ez dute ziurtatuta ikasketak osorik euskaraz egin ahal izatea, ezta ikasketen kalitatea ere.

Ondo ikertua dute hori Jon Zapirainek eta Miren Aisling Herrerok. Medikuntzako hirugarren mailako ikasleak dira Leioako campusean (Bizkaia). Euskaraz ikasteko eta bizitzeko zituzten zailtasunek kezkatuta, Euskaraz(z) sendatu izeneko talde euskaltzalea sortu zuten 2023an beste hainbat ikaskiderekin. «Ikasleen erdiek ez dugu irakaskuntza bermatuta, ez kalitateari, ez hizkuntzari dagokionez», ohartarazi du Herrerok. Horregatik, ikasketak euskaraz eta ondo egitearen alde dihardute borrokan. 

Diagnostikoa ondo egina dute. Iaz txosten batean bildu zuten zenbat ikasgai egin behar izan zituzten gaztelaniaz 2022-2023ko ikasturtean euskaraz ikastea erabaki zuten ikasleek. Fisioterapiako graduan, esaterako, Zahartzaroaren fisioterapia aipamena egin nahi izatekotan, horri dagozkion ikasgai guztiak egin behar dituzte gazteleraz. Odontologian eta Erizaintzan ere ikasgairen bat gazteleraz egitea besterik ez dute.

«EHUk beti ematen digun erantzuna da medikuak falta direla, baita irakasle euskaldunak ere. Baina mediku horiek egon badaude»

MIREN AISLING HERRERO 'Euskara(z) sendatu' taldeko kidea

Medikuntza aztertu dute xeheen, taldeko kide gehienak medikugaiak dira eta. Ikasketek bi fase dituzte. Lehen hiru urteak Leioan igarotzen dituzte, fase preklinikoan. Hirugarren mailako derrigorrezko ikasgai batek Anatomia Patologikoa du izena; hori gazteleraz ikasi behar izaten dute: «Duela urte batzuk euskaraz izaten zen, baina irakasle horrek erretiroa hartu zuen. Izan ere, beti euskaraz irakasten ziren ikasgai batzuk gazteleraz irakasten dira orain. Aurrerapauso batzuk egiten dira, baina ez da bermatzen haien jarraipena. Lortu dena galdu daiteke».

Laugarren, bosgarren eta seigarren mailak, berriz, ospitaleetan pasatzen dituzte. Araban ezin dute euskaraz ikasi, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan —Donostiakoan, Basurtukoan, Gurutzetakoan eta Galdakaokoan— ikasgai askotako atal ugari ezin dituzte euskaraz ikasi.

Irakasleen egoera

«EHUk beti ematen digun erantzuna da medikuak falta direla, baita irakasle euskaldunak ere. Baina mediku horiek egon badaude: 130 mediku euskaldun ateratzen dira urtero», adierazi du Herrerok. Zergatik ez dituzte, ordea, sendagile horiek euskaraz eskolak ematen? «Ez diete pizgarririk ematen etortzeko, eta baldintzak txarrak dira», azaldu du Zapirainek.

Herrerok gogorarazi du irakasle horiek, eskolak emateaz gain, mediku gisa ere lan egiten dutela: «EHUko irakasle badira ere, ez dira irakasten aritzen soilik; klaseak prestatzen ere bai, materiala euskaratzen... Beti gazteleraz irakatsi diren ikasgaiak euskaraz ematen hasten direnean, beren gain dago material osoa euskaraz sortzeko lana, eta zama izugarria da euskaraz irakatsi nahi dutenentzat. Ez dago inolako erraztasunik: ordu estra horiek nork ordaintzen ditu? Sakrifizio bat da».

«Osakidetzak baditu baliabideak identifikatzeko zeintzuk diren euskara dakiten profesionalak, baina ez dira aintzat hartzen»

JON ZAPIRAIN 'Euskara(z) sendatu' taldeko kidea

Irakasleak postu batean edo bestean jartzea batzar misto batek erabakitzen du; EHUk eta Osakidetzak osatzen dute. Osakidetzako zerbitzuburuen esku dago erabakitzea beren zerbitzuko zein sendagile bidaliko duten bere alorreko klaseak ematera. «Batzuek garrantzi handiagoa ematen diote euskarari, eta beste batzuek, gutxiago», ohartarazi du Zapirainek.

Euskara aintzat hartzea

Badira aterabideak, Zapirainek azaldu duenez: «Osakidetzak baditu baliabideak identifikatzeko zeintzuk diren euskara dakiten profesionalak, eta haiei bidali beharko lizkiekete deialdiak. Euskara Zerbitzuak badauka zerrenda hori, baina ez da aintzat hartzen». Horregatik, zera aldarrikatu dute: euskara «mahaiaren erdian» egotea.

Euskara ez ezik, Euskal Herria ere bai. Kontatu dutenez, Ipar Euskal Herriko bi ikasle ari dira Medikuntza ikasten EHUn; batek badaki gazteleraz, baina besteak ez. «Euskaraz ikasteko hautua egiten dietenei ez diete eskatzen gaztelera jakitea, berez ez litzatekeelako beharrezkoa. Ipar Euskal Herriko ikasleek, euskaraz ikasi ahal izateko egin duten ahalegin ekonomiko eta burokratikoaren ondoren, gazteleraz ikasi behar izaten dituzte ikasgai batzuk. Nire iritziz, hori iruzurra da», salatu du Herrerok.

«Gertatu izan zaigu esaldiak ez ulertzea akats gramatikalengatik: azterketetako galdera batean subjektua gaizki adierazi, eta galderaren zentzu osoa aldatu...»

MIREN AISLING HERRERO 'Euskara(z) sendatu' taldeko kidea

Horrez gain, euskaraz ikasten dituzten ikasgaien kalitatea ere ezbaian dagoela ohartarazi dute bi ikasleek. Batetik, ikasgelan bertan erabiltzen duten materiala aipatu dute: «Euskaraz egiten ditugun ikasgaietako material asko ez daude euskaraz, eta, askotan, euskaraz diren horietan maila sakrifikatu egiten da». Zenbait irakasleren hizkuntza maila kaskarra, akats ortografikoak eta gramatikalak aipatu dituzte.

«Izugarria da. Eskertzen diegu egiten duten ahalegina, baina ematen du euskaldunok beti eskertuta egon behar dugula. Unibertsitate publiko batean gaude. Gertatu izan zaigu esaldiak ez ulertzea akats gramatikalengatik: azterketetako galdera batean subjektua gaizki adierazi, eta galderaren zentzu osoa aldatu... Ariketa asko gazteleraz egiten ditugu, kasu klinikoak...», salatu du Herrerok.

Hizkera teknikoa

Beste arazo «larri» bat hizkera teknikoaren erabileran ikusi dute. «Anatomiako ikasgaian hizkuntza oso araututa dago, baina gero, ez du inork errespetatzen», nabarmendu du Herrerok. «Anatomian ikasi dugun euskal termino bat, adibidez, Fisiologian euskañol eran irakasten digute. Batean zerebeloa da, bestean garuntxoa... Gauza bakoitzerako hiru termino dauzkagu, ikasgai bakoitzean desberdinak», zehaztu du Zapirainek.

Horrek formakuntzaren kalitateari kalte egiten diola nabarmendu dute biek: «Onartuko lukete gazteleraz azenturik gabeko testu bat? Euskaraz, sekulako astakeriak... Euskara estandarizatu arte ez zen lorpen akademiko handirik egon; orduan, zergatik ari gara atzera joaten?».

«Uste dugu denon ardura dela osasungintza euskaldun bat eraikitzea, bai ikasleena, bai EHUrena»

JON ZAPIRAIN 'Euskara(z) sendatu' taldeko kidea

Euskara lehentasun izatea eskatu diete EHUko eta Osakidetzako agintariei. Alde horretatik, zera aldarrikatu du Zapirainek: «EHU ez da etsaia, tresna baizik. Gu unibertsitate publikoan matrikulatu gara sistema publikoan sinesten dugulako, eta uste dugu denon ardura dela osasungintza euskaldun bat eraikitzea, bai ikasleena, bai EHUrena. Denon arazoa da, eta denon esku dago aldatu nahi izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.