Segregazioa eta euskara.Horiek dira hezkuntza sistemaren inguruko bi kezka nagusiak. Biak uztartuta egin du tesia Beñat Garaio Mendizabalek (Gasteiz, 1990). Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai. D ereduko bi eskolaren indarguneak identifikatzen lana aurkezteko bezperan batu da BERRIArekin. Lerrook aprobetxatu nahi izan ditu doktoregaien baldintzak hobetzea ere eskatzeko, buru osasunarekin lotuta: «Erakundeek, unibertsitateek, zuzendariek eta doktoregaiek neurri batzuk hartu behar dituzte doktore tesiaren prozesuaz gehiago gozatzeko eta gutxiago sufritzeko».
Segregatutako eskola horietako ikasleek eta familiek zer jarrera dute euskararen inguruan?
Orokorrean, hizkuntza jarrerak oso onak izan dira. Aprobetxatu dut Euskal Herrian hizkuntza jarrerez dauden ikerketa batzuekin konparatzeko, eta askotan eskola hauetan hobeak dira.
Ba al dago alderik lehen hizkuntza euskara dutenen eta ez dutenen artean?
Ikasleen artean, ez; ikusi dut euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrerak oso onak direla. Defendatu edo babestu dezakete bertako hizkuntza delako, egoera zaurgarrian dagoelako, polita delako edo beharrezkoa delako. Irakasle eta aisialdiko hezitzaile guztiek ere oso aldeko jarrerak dituzte. Aldea gurasoengan ikusten da: H1 [lehen hizkuntza] euskara duten gurasoek aldeko jarrerak dituzte euskararekin, erabat; atzerritar jatorriko familiek eta hein handiago batean H1 gaztelania duten gurasoek kontrako jarrera edo jarrera neutral gehiago dituzte. Gero, txanponaren beste aldean, H1 gaztelania duten gurasoek jarrera oso onak dituzte ingelesarekin, eta irakasleek, aisialdiko hezitzaileek eta guraso euskaldunek mesfidantza edo kritikotasun handiagoa dute.
Irakasleek zenbateko garrantzia ematen diote euskarari?
Izugarrizko koherentzia erakusten dute D ereduaren helburuarenaren, egiten dutenaren eta pentsatzen dutenaren artean. Erantzunetan behin eta berriro agertzen da euskara sustatu beharra, euskaraz gaitu beharra, euskara beren hizkuntza bilakatu beharra...
Ikusi duzu zenbateraino aintzat hartzen dituzten euskara, gaztelera eta ingelesa ez diren etxeko hizkuntzak.
Irakasle askok esaten dute gustatuko litzaiekeela hizkuntza horiek lantzea ikasgelan, iruditzen zaielako garrantzitsua dela ikasleen garapenerako, baita eskola komunitatearen kohesiorako eta nortasunerako ere. Ikasleei dagokienez, hizkuntza horien alde daude. Eta berriro ere H1 euskara duten gurasoek jarrera hobea azaltzen dute etorkin jatorriko hizkuntzekin. Etorkin jatorriko familia askok aldeko jarrerak dituzte, baina badaude testuinguru berrian integratzeko beren ondarea edo jatorria baztertzen duten batzuk ere.
Adibiderik?
Magreb inguruko bi ikasleri galdetu nien zer hizkuntzatan hitz egiten zuten. Batek esan zuen: «Etxean, gaztelaniaz, arabieraz eta batzuetan berbereraz hitz egiten dut». Eta kideak: «Berbereraz? Zer da hori?». Eta lehenak: «Zure amak hitz egiten duena». Aniztasuna badago, baina bada oraindik erronka bezala dugun zerbait edo ahaztu behar ez genukeena.
Jarrerez gain, ikasleen euskara maila ere aztertu duzu. Zer maila lortzen dute?
Helburua euskara eta gaztelania maila ikertzea zen, pentsatzen genuelako agian gaztelaniaz zailtasunak izango zituztela. Ikusi genuen gaztelaniaz ez zeukatela batere arazorik. Orduan, zuzenean jo genuen euskara sakon aztertzera. Ipuinen berkontaketa metodologia erabili genuen: Mattin zaku ipuina kontatzen nuenhaien aurrean, testurik gabe eta marrazkiekin, eta binaka ateratzen ziren txandaka kontatzeko. Ikusi dugu ikasle denek daukatela —H1 euskara, arabiera edo gaztelera izan— beren kabuz ipuina ondo kontatzeko oinarrizko gaitasuna. Elebilab ikerketa taldean egin dut tesia, eta Elebilabek neurketa hori bera egin du zenbait testuingurutan: Zumaian, Seguran [Gipuzkoa], Lizarran [Nafarroa]... Ikusi da Gasteizko ikasle horiek lortzen dutela maila horretara iristea.
Ba al dago alderik euskara etxetik jaso dutenen eta ez dutenen artean?
H1 euskara duten ikasleen artean, izugarrizko aniztasuna ikusi dugu. Hamazortzi ikasle ziren etxetik euskaldunak, baina horietatik lauk zituzten bi gurasoak euskaldunak. Badaude kasu batzuk azpimarratzeko modukoak, maila gorenekoak, eta beste batzuk ia-ia H2 [bigarren hizkuntza] euskarara hurbiltzen direnak. Etxeko egoeragatik izan liteke, eskolatik kanpo hitz egiten dutenagatik, gurasoek emandako ereduagatik... Halere, datu guztietan agertzen da H1 euskara dutenen taldeak duela, alde handiz, gaitasunik handiena: haiek dute errepertorio handiena testu antolatzaileak erabiltzeko orduan, testu generoaren baliabideak modu aberatsagoan erabiltzen dituzte...
Segregazioak ez du eraginik euskararen emaitzetan?
Pentsatzen dut eragina badaukala, adibidez, erabileran edo guraso batzuen jarreretan, baita irakasleen ezkortasunean ere. Baina ikusten da hezkuntzak finkatzen dituen helburuak lortzeko adina egin dezakeela segregatutako eskolak. Azterketa bukatu nuenean, aurkezpena egitera joan nintzen bi eskoletara. Irakasleen erantzuna izan zen: «Bost urte daramatzagu pentsatzen egiten dugun lanak ez duela balio, ez garela gai emaitzarik lortzeko. Bat-batean, zuk aurkeztu dituzun emaitzek kontrakoa esaten digute». Hori ere bada eskola segregazioaren ondorioetako bat. Pixka bat itota sentitzen zarenez, egunerokoak harrapatuta zaudenez, ez zara gai ikusteko egiten ari zaren lana izugarrizkoa dela.
Hezkuntzan sarri entzuten da eskolak ezin duela dena egin, baina, zure tesiaren arabera, asko egin dezake, ezta?
Bai. Egia da eskolak bakarrik ezin duela, eta tesian ikusten da oraindik ere badagoela zereginik jarreretan eragiteko, hutsune edo gabezia moduan identifikatu ditugun horiek hobetzeko. Baina lorpen eta indargune dezente identifikatu ditugu. Esango nuke eskolak bakarrik ezin duela, baina eskolak bakarrik gauza asko egin ahal ditu. Imajinatu gehitzen dizkiogula baliabide gehiago euskara irakasteko, ratioak jaisteko, eskolaren osaera edo taldekatzeak orekatzeko, eskolatik kanpo euskara edonoiz erabiltzeko, sare sozialak eta ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzeko... Uste dut askoz gehiago ahalko genukeela.
Beñat Garaio Mendizabal. Doktorea
«Ikasleen artean, euskararekiko jarrerak oso onak dira»
Gasteizko segregatutako bi ikastetxe publikotako eskola komunitateek hizkuntzekin dituzten jarrerak eta ikasleen euskara maila aztertu ditu Garaiok. Ikusi du ikasleek lortzen dituztela euskararako jarritako helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu