«Handituz joan den proiektu bat da». Olatz Bengoetxea Manterola Berba-lapiko egitasmoaz ari da; Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea eta proiektuaren koordinatzailea da. Eskola umeek euskarazko ahozkoa lantzeko ekinbidea da Berba-lapiko, ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzaren sareko berrogei eskola publikotan abian izan dena. 2017-2018ko ikasturtean egindako diagnostiko batean izan zuen abiaburua, eta elkarlanaren emaitza da: Soziolinguistika Klusterra Huheziko ikertzaileen aholkularitzarekin eta zuzendaritzarekin eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera ari da. Kezka bat da proiektuaren abiaburua: ikasle askok ahozko maila apala dute euskaraz. Aurrena diagnostiko bat egin zuten, ebaluatzeko «oso testuinguru erdaldunetan» D ereduan ari diren ikasleen ahozko konpetentzia zer-nolakoa den. Muskizen eta Barakaldon (Bizkaia) egin zituzten lehen ikerketa haiek, eta berretsi egin zuten lehendik bazuten susmo bat, beste hainbat diagnostikotan ere agerian geratu izan dena: «Ikasleek, ahozko oinarrizko komunikaziotan, zailtasun handiak dituzte euskaraz».
Lehenengo eta bigarren eremu soziolinguistikoetan dauden ikastetxeetan ari dira; alegia, herritarren erdiak baino gutxiago dira horietan euskaldunak. 5.300 ikasle aritu dira orain arte programan, eta 245 irakasle trebatu dituzte, Berritzegune Nagusiko aholkularien laguntzarekin. Egitasmoan ari diren ikastetxeek prestakuntza jasotzen dute propio nola jardun jakiteko, eta gertuko jarraipena ere egiten diete gero. «Horri garrantzi handia ematen diogu. Argi geneukan hau ez zela material didaktiko bat zabaltzea», nabarmendu du Bengoetxeak. «Osagairik garrantzitsuenetakoa da irakasleen prestakuntza, eta prestakuntzarekin batera, jarraipena».
Bengoetxeak bereziki nabarmendu du lehen diagnostiko hartan atzeman zituzten zailtasunak zenbatekoak ziren: «gutxieneko komunikaziorako ere» ezinean ikusi zituzten usu eskola umeak ahozkoan. Hizketan aritzeko orduan «benetako oztopoak» zituztela detektatu zuten, eta ikasleen artean sarri antzeman zuten «deserosotasuna». Umeek askotxotan jarduten dute konpetentzia apala izateak dakartzan zailtasunek katigatuta, mugatuta, herabetuta; hau da, esan nahi dutena komunikatzeko zailtasun handiekin. «Maiz ikusi ditugu asmatu ezina, hitzak atera ezina, esaldi osoak ekoitzi ezina, isiltasunak, gaztelaniara jo beharra...». Agurtzane Azpeitiak azaldu du egoera. Huheziko irakasle eta ikertzailea da, eta proiektuaren zuzendari dihardu.
Ahozko gaitasun falta horrek dakartzan arazoak guztiz aintzat hartu beharrekoak direla nabarmendu du Azpeitiak. «Hizkuntzarik ez badaukagu, pentsamendua modu interaktiboan nola eraiki, nola hitz egin eta komunikatu, curriculumeko arloetan eta ezagutzan nola sakondu?». Eta ez da errealitate ezohikoa Euskal Herriko hainbat eskolatan, ezta euskarazko ereduetan ere. Egoera soziolinguistikoaren ondorio da, hein handi batean. «Ikasleentzat, etxekoaz bestelako bigarren edo hirugarren hizkuntza da euskara askotan, eta hizkuntza gutxitu bat, gainera», gogoratu du. Ikasleen eskolako garapena egokia izan dadin «ahozko» hizkuntza sendoa izatea ere ezinbestekoa da, nabarmendu duenez, eta «zoru egonkor bat» eman behar zaie hor. Horretan ari dira.
Irakasleen premiak ere bai
Bengoetxeak erantsi du euskarak presentzia handirik ez duen eremu soziolinguistikoetan irakasle ari diren horiengan ere pentsatu dutela Berba-lapiko lantzeko orduan: irakasleengan, eta haien beharretan. «Irakasle horiek ere, inguru horretakoak badira, testuinguru horretan bizi dira, eta haiek ere agian ez daukate euskaraz gozatzeko hainbesteko aukerarik, gunerik». Hain justu ere, diagnostikoaren beste ondorioetako bat izan zen irakasleekin egindako elkarrizketetan-eta jasotakoa: haien norabide falta. Areago, «etsipen puntu bat ere» agertu izan da hainbat gogoetatan. Azpeitiak azaldu du: «Askotan esaten dute itsaso zabal batean daudela, noraezean».
Izan ere, irakasleentzat ere etsigarria da ikasleei euskaraz hitz egin eta haurren «ezin esana» sentitzea, «haien adierazpen pobrean, eta erdararako hautuan» zailtasunak antzematea. «Halakoetan, ikaslea egoera konplexu batean egoten da, baina irakaslea ere bai, zeren eta irakasleak agian ez ditu aski estrategia jakin ahal izateko nola irakatsi, edo, metodologiari begira, ez du jarraibiderik ahozkoa sustatu ahal izateko», azaldu du Bengoetxeak.
«Ikasleak gustura egotea da helburua, benetan komunikatzen ari direla sentitzea, baina, betiere, gertuko egoera komunikatiboetatik abiatuta».
OLATZ BENGOETXEASoziolinguistika Klusterreko ikertzailea
Hain justu ere, hortxe eragiteko beharra ikusi zuten. Nolanahi ere, Berba-lapiko ez da «hutsetik» abiatutako prozesu bat. «Ikastetxe horietan, testuinguru soziolinguistiko erdaldunekoak izanda ere, ahozkoari tarte bat edo beste eskaintzen zitzaion aurrez ere, baina beti izaten ziren egoera puntualak», azaldu du Bengoetxeak. Eta nahi baino antzuagoak gehiegitan. «Izugarrizko ahalegina egiten zen, baina ahozkoa idatzizkoaren morrontzan zegoen». Askotan, esaterako, «idatzizkoa» oinarri hartuta egiten zuten ikasleek ahozkotasunerako bidea. Horiek horrela, aurrerabideak egiteko asmoz, lanketa «sakonago» baterako urratsa egin nahi izan zuten. «Nola eman estrategiak ikasleek idatzizkotik ahozkorako jauzi hori egin dezaten?». Irakasleei «heldulekuak» eman behar zaizkiela ikusi zuten. Funtsean, hizkuntza «naturalago» lantzeko bidea bilatu dutela esplikatu du Azpeitiak: ahalegina egin dute «hizkuntza lantzeko metodologia sistematizatu eta zehatzen faltari» erantzuteko.
Nola? Bengoetxeak gako bat eman du: «Ikasleak gustura egotea da helburua, benetan komunikatzen ari direla sentitzea, baina, betiere, gertuko egoera komunikatiboetatik abiatuta, hau da, interesatzen zaizkien egoeretatik». Kontaketa arruntak egitera bultzatzen ditu sistemak: ikasleek bihurrikeriei buruz jarduten dute, ametsen inguruan...
Era «sistematizatuan»
Eta zer egiten dute berezi ikastetxe horietan? LH1 eta LH4 bitarteko ikasleekin «hizkuntza errutinak» lantzen dituzte. Azpeitiak azaldu du nola: «Egunero edo astean lautan 20-25 minutuz ahozkoa lantzeko eta erabiltzeko espazioak sortzen dira zortzi astez, eta, horietan, ikasleei eskatuko zaie oinarrizko hizkuntza formak ezagutzeko eta baliatzeko». Dinamika ikasturteko epe jakin batean egiten da, beraz. «Kontua da denbora tarte bat, espazio bat eskaintzea ahozkoa modu sistematikoan lantzeari». Ez edonola: «Konfiantzazko giro bat sortzea dugu helburu, ikasleek berbaldi horiek naturalizatzeko». Huheziko ikertzailearen arabera, «berrikuntza bat» izan da hori irakasle askorentzat: «Espazio bat bermatua izatea propio lanketa horretarako».
Saioetan «txokoka» banatzen dituzte haurrak, «goxo», eta biribilean jarrita egoten dira, Azpeitiak azaldu duenez: «Guztiak begiradarekin elkar besarkatzeko moduan». Xedea argia da: «Ikasleen gaitasun sortzailean eragitea, ez bakarrik gaitasun hartzailean». Garrantzitsua da konfiantza giroa sortzea.
«Kontua da denbora tarte bat, espazio bat eskaintzea ahozkoa modu sistematikoan lantzeari».
AGURTZANE AZPEITIAHuheziko ikertzaile eta irakaslea
Giro horretan, «ahozko kontaketak» egitera bultzatzen dituzte ikasleak. Horretarako, «berariaz» lantzen dira «oinarrizko hizkuntza baliabideak». «Modu progresiboan» egiten dute, eta irakaslea izaten da gidaria. Gidaritza hori egin ahal izateko propio «diseinatutako» materiala jartzen dute irakasleen esku, jakin dezaten lanketa hori nola egin behar den, «saioz saio». Ikasleek bilakaera bat izatea da xedea: «Kontaketak gero eta sendoagoak eta konplexuagoak izatea».
Gero eta joriago
Pixkanaka egin behar da bidea. «Jabekuntza» egon dadin da asmoa, eta ikasleak, «pasibo» izateari utzi, eta «aktibo» bilakatzea. Eta sarri gogotsu ikusi dituzte prozesuan. «Askotan, haien komunikazio ekoizpenak oso laburrak dira, baina benetako komunikazio batean ari dira. Hori inportantea da», azaldu du Bengoetxeak. Baliabide asko erabiltzen dituzte horretarako. «Musika, jolasak, gorputzaren mugimenduak, parte hartzea...», erantsi du Azpeitiak. «Erreferentzia kulturalak» ere presente daude.
Eta pozik daude erantzunarekin. «Irakasleek behin eta berriz esan digute eragina duela», adierazi du Bengoetxea. Umeen eboluzioa ikertzen ari dira, eta hor ere ikusten da aldaketa: onerako. «Ikusi da metodologiak eragiten duela». Ikusi dute, adibidez, ikasleen diskurtsoak «luzeagoak» direla metodologiarekin jardun eta gero. «Hasieran oso-oso laburrak zirenak luzatu egiten dira», azaldu du Azpeitiak. «Diskurtsoa luzatzeaz gain, hobeto antolatzen dute, eta egitura egokiagoak dituzte. Hiztegi aldetik ere ikusten da aldea badagoela ekintzak adierazteko orduan». Bengoetxeak esan du metodologiaren iraupena dela gakoetako bat: zortzi astez segidan jardutea. «Errepikatzeak segurtasuna ematen die ikasleei. Badakite zer etorriko den».
LHko 5. eta 6. mailetan ere hasi dira lanean. Ikasle horiekin, baina, «ikasgaiekin» lotuago jarduten dute ahozkotasuna lantzen. Hiru bat asteko programak izaten dira, baina luzeagoak: 50 minutu ingurukoak.
berba-lapikori buruzko jakingarriak
Zer da?
Euskarak presentzia txikia duen eremu soziolinguistikoetako ikastetxeetarako propio pentsatutako proiektu bat da, giro horietan ari diren Lehen Hezkuntzako eskola umeek euskarazko ahozkotasuna hobetzeko egindakoa. 2017-2018ko ikasturtean egindako diagnostiko batean izan zuen abiaburua.
Non dago martxan?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila da dinamikaren sustatzaileetako bat, eta administrazio horren ardurapeko berrogei eskolatan egon da martxan ikasturte honetan. D ereduko ikasgeletan egiten da beti.
Zenbat pertsonak parte hartu dute?
5.300 ikasle aritu dira orain arte programan, eta 245 irakasle trebatu dituzte, Berritzegune Nagusiko aholkularien laguntzarekin.
Zertan datza?
LH1 eta LH4 bitarteko ikasleekin «hizkuntza errutinak» lantzen dituzte. 20-25 minutuko saioak egiten dituzte, egunero edo astean lautan, zortzi astez eta modu sistematizatu eta babestuan. Batez ere, hor garatu dute dinamika. Ikasle handiagoekin ere ari dira. Ikasle horiekin, ordea, «ikasgaiekin» lotuago jarduten dute ahozkotasuna lantzen.
Arikala: «lagunarteko euskara» sustatzeko egiten ari diren lanketa
Egitasmo gehiago ere badira propio ikasleen artean euskarazko ahozkotasuna lantzeko. Ikastolen Elkarteak abian du beste bat, esaterako, Euskaltzaindiaren eta Huheziren gidaritzapean: Arikala. Bereziki «lagunarteko euskara» landu nahi du ikasleen artean. Eremu «erakargarria eta hurbila» izaten da lagunartekoa haurrentzat, eta hor ere berebiziko garrantzia du euskara «erabilerraza» dela sentitzeak. Iaz hasi ziren. 450 ikasle inguru ari dira, Euskal Herri osokoak. Lehen Hezkuntzako 4. mailan zeudela murgildu ziren lanketan, eta datorren ikasturtean bukatuko dute: Lehen Hezkuntza bukatzen dutenean, nerabezaroaren atean.
Ikastolen Elkartearen izenean, Aritz Bereziartuak azaldu du egiten ari diren bidea aztertzen ere ari direla, eta «garapen bat» ikusten dela: ikasleei «baliabide linguistiko askotarikoak eskuragarri» jarrita, badago modua haien hizkuntza ohituretan «eragiteko». Lehen ikasturtean jolas giroan-eta baliagarriak izan daitezkeen «esamoldeak» irakasten aritu ziren, bereziki. Erabilera sustatzeko ahaleginetan ari dira orain.
Egoera soziolinguistikoaren arabera, bada aldea proposaturiko aldaketen emaitzetan: «Gune euskaldunetan naturalago hartzen dituzte». Baina aurrerabidea orokorra da: «Datuak positiboak dira».