Ikasleek lanuzteak egin dituzte Palestinaren alde

Ikamak antolatu ditu mobilizazioak. Akademiako erakundeei eta hezkuntza sailei eskatu diete «behin betiko eteteko» Israelekin duten harreman oro.

Ikama ikasle mugimenduak Bilbon egindako mobilizazioa, eguerdian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikama ikasle mugimenduak Bilbon egindako mobilizazioa, eguerdian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2024ko maiatzaren 13a
16:30
Entzun

Ikama ikasle mugimenduak lanuzteak egitera deitu ditu gaur Hego Euskal Herriko ikasleak, Palestinaren alde. Students For Gaza nazioarteko ekinaldiarekin bat, mobilizazioak egin dituzte eguerdian eskualdeburuetan eta hiriburuetan; Palestinako ikurrak eta «Genozidioa gelditu» zioten pankartak eraman dituzte ehunka ikaslek. Genozidioa amaitu beharra dagoela adierazi dute, eta «beti» egongo direla palestinar herriaren alde. Iruñean 19:00etan aterako dira kalera. 

Ikamak gogoratu du ikasle mugimenduak «historiako prozesu ugaritan» izan direla «eraldaketarako ezinbesteko motorra», eta oraingoan ere hala behar duela, «Palestinaren askatasuna lortu arte». Mundu osoko unibertsitateetan antolatu diren kanpaldiek izandako oihartzuna nabarmendu dute: ikasleek mobilizazioen lekukoa hartu eta ikastetxe guztietara zabaltzeko garaia dela iritzi dio Ikamak. 

Akademiako erakundeei eta hezkuntza sailei eskatu diete «behin betiko eteteko» Israelgo unibertsitateekin, ikerketa zentroekin, enpresekin eta bestelako erakunde batzuekin dituzten harreman instituzionalak eta akademikoak. 

Etzi ere, kalera

Nakba eguna dela eta, BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak EH kolektiboak mobilizazioak antolatu ditu etzi Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Nakba hitzak hondamendi esan nahi du arabieraz, eta maiatzaren 15ero oroitzen dute palestinarrek 1948an Israelgo Estatua sortu zutela, eta palestinarrak beren herritik bota zituztela. 

BDZ kolektiboak salatu du Nakbak gaur egun ere indarrean jarraitzen duela, Israelek «okupatzen, kolonizatzen, garbiketa etnikoa egiten eta aparheidarekin» jarraitzen duelako. Euskal Herriak Israelekin duen konplizitatea salatu nahi dute, «sionismoaren zigorgabetasuna babesten dutelako, haren hedapena bultzatzen delako eta haren existentzia normalizatzen dutelako».

Palestinari elkartasuna eta konpromisoa adierazteko antolatu dituzte manifestazioak Bilboko Plaza Eliptikoan, Donostiako Bulebarrean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan. Iruñean, berriz, bihar gauerdirako kandelaz hornitutako manifestazio isila antolatu dute Udaletxe plazan —kandelekin joateko deia egin diete herritarrei—. 

Manifestazioa larunbatean

Larunbaterako, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestaziora deitu du: 12:30ean abiatuko dira Iruñeko Basotxo kaletik. Nakba eguna gogoratuko dute, eta, horren harira, Palestinako lurren okupazioaren amaiera, errefuxiatuak itzultzeko eta preso politiko guztiak aske uzteko exijitu nahi dute. Uste dute ezinbestekoa dela Palestina osoa deskolonizatzea eta, beraz, «Israel desagertzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.