IA Ikasle Abertzaleak taldeak deituta, greba egin dute gaur milaka ikaslek. Ikasgelak hustu, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak bete dituzte, «faxismoaren aurka eta ikasle langileen interesen alde».
Hain zuzen, bi ideia nagusi mahaigaineratu dituzte horrela, ohar bidez azaldu dutenez. Bat: «ideia erreakzionarioak» —gehienbat matxistak eta arrazistak— gizarte osoan hedatzen ari direla. «Faxismoa indarra hartzen ari da kalean, sare sozialetan eta instituzioetan. Azken hilabeteetan argi ikusi dugu matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen handitu dela, sare sozialetako pertsona ezagunek nahiz eskuin muturreko alderdi politikoek bultzatuta».
Eta diote hezkuntza sistema ez dagoela horretatik «salbu». Areago: «Arazoaren parte da. Horren adibide argiak dira azken asteetan argitara atera diren irakasle erasotzaile eta faxistak; neurriak hartu badira, ikasle antolatuek aurrera eraman dituzten borrokei esker izan da. Ezin ditugu joera horiek normalizatu, eta ikasleok lehen lerroan egon behar dugu, matxismoak eta arrazakeriak ez baitaukate tokirik hezkuntzan».
Eta bi: «Ikasle langileon egoera gero eta okerragoa da». Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte hori esateko arrazoiak: segregazioa «gero eta handiagoa» izatea; ikasketak garestitzea; lan kargei, matrikulei eta gastuei lotutako «arazoak» edukitzea... Eta, adierazi dutenez, egoera horrek ez die guztiei hein berean eragiten: «Ikaslerik pobreenek jasaten dute hori guztia modurik latzenean. Horrela, agerian geratzen da hezkuntza sistema klasista dela». Izan ere: «Ikasle langileen baldintzak gero eta okerragoak diren arren, enpresek hezkuntzan esku hartzen jarraitzen dute».
Bereziki, zera gaitzetsi dute: «Egoera horren islarik muturrekoena da, behin baino gehiagotan seinalatu dugunez, EHUk prestakuntza eskaintzen duela Israelgo estatu genozidako enpresen eta ikerketa zentroen bitartez». Halaber, salatu dute kontrol sozial «gero eta handiagoa» pairatzen dutela: «Egoera krudel hori iraultzeko asmoz modu independentean antolatzen garenak gara erreprimituak; alegia, militantzia politikoa da erasoen jomuga».
Antolatzeko deia
Alabaina, horren guztiaren aurrean ez dute geldi egoteko asmorik. «Argi daukagu ikasle langileok ezin dugula besoak gurutzaturik geratu». Hots, ezinbestekotzat jo dute antolatzea: «Argi daukagu enpresarien interesen mende dauden alderdi politikoak ez direla alternatiba errealak. Hori guztia alde batera utzita antolatzeko hautua egin dugu».
Zehaztuta daukate norabidea: «Ikasleon garapen askea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko dituen hezkuntza, euskaraz ikasteko eskubide erreala bermatuko duena, langileon kontrolpekoa eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala —hau da, hezkuntza sistema sozialista—; hori lortzea du helburu martxan jarritako borroka prozesu eta dinamika bakoitzak».
Alegia, finean, nabarmendu dute «borrokan» jarraitu behar dutela, «faxismoaren aurka eta ikasleen interesen alde». «Aurrerapausoak eman behar ditugu, hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan dadin». Eta batzeko deia egin diete gainerako ikasleei ere: «Dei egiten diegu ikasleei gurekin batera borrokatzeko eta antolatzeko».