Ikasleek Herri Unibertsitatea babesteko eskatu diote Balluerkari

Bilboko Ingeniaritza Eskolan elkartu dira Euskal Herritik heldutako ikasleak. Ertzainak hurbildu direla eta, husteko «arriskuaz» ohartarazi dute

Ikasleak, atzo, Herri Unibertsitateko hitzaldiak hasi aurretik. BERRIA.
Bilbo
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Herri Unibertsitateari babesa agertzeko eskatu zion atzo ikasle mugimenduak Nekane Balluerka EHUko errektoreari. Egitasmo horren harira, Euskal Herriko hainbat campusetatik iritsitako dozenaka ikasle elkartu ziren atzo arratsaldean Bilbon, Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, baina dekanotzak ez zien baimenik eman bertan egoteko. Huste arriskuaz ohartarazi, eta bertaratzeko deia zabaldu zuten ikasleek; izan ere, Ertzaintzaren hainbat furgoneta azaldu ziren fakultate ingurura bazkalostean. Iluntzean alde egin zuten poliziek, baina gauean itzuli ziren; ikasleek jakinarazi zuten EHUk egiaztatu ziela eskola hustu egingo zutela. Lerro hauek idazteko orduan, unibertsitate atarian zegoen Ertzaintza; gazteetako batzuk teilatura ere igo ziren. Iazko Herri Unbertsitatean, 41 ikasle irtenarazi eta identifikatu zituzten fakultate berean.

Ikasle mugimenduak Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzari egotzi dio «egoera honen erantzukizun osoa». Halere, Balluerkari galdegin diote Herri Unibertsitatearen aldeko eta hustearen aurkako jarrera jendaurrean adieraztea. Ikasleek azaldu dutenez, Errektoretzarekin hitzartu zituzten ekitaldiari buruzko xehetasunak, baina eskolako zuzendaritzak ez ditu onartu. Horregatik, uste dute Balluerkak bere jarrera jendaurrean azaltzeak «hustea saihets» zezakeela.

Era berean, Bilboko fakultatean jazotako egoera «sistema kapitalistaren barruan» jarri dute ikasleek: «Produkzio eredu honi ez zaio komeni Herri Unibertsitatean landuko dugun jakintza ekoizpena barneratzerik».

Gaur, mobilizazioak

Astelehenetik egiten ari dira Herri Unibertsitatea, hainbat fakultatetan. Atzo, Bilbon elkartu ziren Euskal Herri osoko ikasleak, azken eguna elkarrekin igarotzeko: «Herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza eredu bat irudikatu nahi dugu. Hitzaldien eta tailerren bidez, hezkuntza alienatzaile hau bukatzeko, eta zapalduon ahalduntzea ipar izango duen hezkuntza ereduaren beharra aldarrikatuko dugu».

Bestalde, Ikasle Abertzaleak antolakundeak LOMCEren aurkako mobilizazioak egingo ditu gaur Hego Euskal Herrian. Erakundeak salatu du LOMCEren eta Heziberriren bidez «errebalidetan oinarritutako ebaluazio sistema bat» abiatu nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.