Ikasleek errektoretzei eskatu diete harremanak «berehalakoan» eteteko Israelekin

Kanpaldia egin duten gainerako unibertsitateetako kideekin mintzatuta, agiri bat zabaldu dute Ikasle Abertzaleek: salatu nahi izan dute Espainiako Unibertsitateetako Konferentziak Palestinaren inguruan esandakoak «hitz hutsak» direla.

Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUren Leioako campusean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUren Leioako campusean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 10a
18:30
Entzun

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren errektoretza batzordeak bilkura izan zuen atzo, eta  testu bat onetsi zuten han Palestinako gatazkaren inguruan; testu horretan adierazi zuten prest zeudela Israelgo erakundeekin dituzten harremanak eteteko baldin eta ez badute «konpromiso irmorik» azaldu bakearen alde eta giza eskubideen nazioarteko defentsan. Kanpaldiak egin dituzte unibertsitatetan Israelen jarrera gaitzesteko, eta, kanpaldi horietan parte hartu duten beste hainbat talderekin mintzatu ostean, agiri bat zabaldu zuten iluntzean Ikasle Abertzaleek: salatu nahi izan zuten Espainiako Unibertsitateetako Konferentziak Palestinaren inguruan esandakoak «hitz hutsak» direla. Errektoretzei eskatu zieten harremanak «berehalakoan» eteteko Israelekin.

«Uste dugu komunikatu horrek ez diela erantzuten gure aldarrikapenei, errektoretzen zuriketarako baino ez duela balio, alegia», esan dute IAko ordezkariek agirian. «Alde horretatik, ez dugu nahi errektoreek beren kontratuak berrikustea, era guztietako harremanen haustura baizik». Israelgo unibertsitateekin sinatutako hitzarmenak gaitzesteaz gain, adierazi dute unibertsitateek erlazioa dutela palestinarren aurkako «genozidioa» finantzatzen duten enpresekin, eta harreman horiek eten egin behar direla.

Gainera, errektoreei egotzi diete estatu sionistak ezarritako «marko diskurtsiboa» erabiltzea. EHUri eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari propio eskatu diete negoziazio mahai bat abiatzeko ikasleen eskabideen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.