Oraingo zein etorkizuneko belaunaldiek iragan hurbilean izandako indarkerien berri izateari eman zitzaion garrantzia atzoMemoriaren Nazioarteko Egunean. Eusko Jaurlaritzak Euskalduna jauregian antolatu zuen ekitaldi nagusia, Bilbon, Memoria duen etorkizuna. Jakin nahi dugu! lelopean. Indarkeria politikoaren biktima guztien oroimena landu eta memoriaren transmisioa hartu zuen ardatz. Bertan Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu zuen «ETAren, terrorismo parapolizialaren, eskuin muturreko indarkeriaren eta torturaren» memoria kritikoa egin behar dela.
Orotara, 180 gonbidatu elkartu ziren Euskaldunan. Hamahiru ikastetxetako, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko 110 irakasle eta ikasle elkartu ziren. Hasieran bideo bat jarri zuten, eta bertan irakasleek eta ikasleek gogoeta egiten zuten iraganeko hainbat gertakari lazgarriez zekitenaz eta ez zekitenaz, bi urteotan ikasitakoaz eta memoriaren arloan egin beharrekoaz. Azken bi ikasturteetan Gogora institutuak eta Hezkuntza Sailak Adi-Adian programa landu dute, 314.651 ikaslek klasean biktimen lehen eskuko testigantzak entzuteko.
Hezkuntza komunitateko eragileez gain, erakundeetako eta biktimen ordezkaritza zabala egon zen. Lekukotasunek eta memoriaren transmisioak hartu zuten protagonismoa. Ezagutzen zutenetik abiatuta, memoria eraikitzen laguntzeko esperientziaz jardun zuten.
Euskaldunakoa ez zen ekitaldi bakarra izan. Memoriaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat kontzentrazio eta topaketa egin zituzten. Eusko Legebiltzarrean 10:00etan egin zuten geldiunea. Aurreko urteetan bezala, su-ontzi bat piztu dute Gauerdiko iparrorratza biktimen omenezko eskulturaren ondoan. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela, bi minutuko isilunea egin zuten. PP, Cs eta Voxeko ordezkariek ez zuten parte hartu.
«Memoria inklusiboa»
Atzo goizean Etxerat-ek ere elkarretaratzea egin zuen, Gasteizen. Gogoan hartu zituzten euskal presoen kontrako sakabanaketa politikaren ondorioz Espainia eta Frantziako espetxeetara egindako bidaietan hil diren hamasei senideak eta hurbilekoak. «Etxerat-ek aktibo izaten jarraitu nahi du bizikidetzaren eta memoria inklusiboaren eraikuntzan, baina memoria kolektibo ofizialak oraindik ez ditu aintzat hartzen presoei eta haien ingurukoei hiru hamarkada luze hauetan erantsitako zigorraren bidegabekeria jasan zutenak. Etxerat-en ustez, 12/20216 legea izan liteke tresna egokia sakabanaketaren biktimen aitortza eta erreparazioa ezartzeko, motibazio politikoko indarkeria dela-eta giza eskubideak urratu zaizkien biktimei aitortza eta erreparazioa ematen dien legea.
Ikasleei iraganaren memoria kritikoa azaltzea aldarrikatu du Urkulluk
Indarkeria politikoaren ondorioei buruzko testigantzak izan dira ardatz Memoriaren Nazioarteko Egunean. 180 lagun batu dira Euskaldunan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu