Koronabirusa

Ikasleak beren bakardadean

Ikasturtea hasi eta berehala eten zituzten unibertsitateko eskolak Ipar Euskal Herrian, bigarren aldiz. Geroztik, etxetik aritu dira ikasleak, pixkanaka zenbait talde itzuli diren arte. Datorren astetik, denak itzuli ahalko dira, protokolo zorrotz batekin. Baionako ikasleek egoera «zailak» izan dituztela diote.

Baionako campuseko ikasleak, irailean, bigarren itxialdiaren aurretik. GUILLAUME FAUVEAU.
Baiona
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Unibertsitateko ikasle guztiak aurrez aurreko eskoletara bueltatu ahalko direla iragarri zuen Frederique Vidal Frantziako goi mailako ikasketetako ministroak otsailaren 22an. Martxoaren hasierarako, heldu den astean, Ipar Euskal Herriko campus guztiak ere ikasleen osotasunari harrera egiteko baldintzetan izanen dira, segurtasun neurriak errespetatuz. Martxoan izanen da lehen konfinamenduaren urteurrena; orduan hasi ziren eskolak telematikoki. Ostean, Frantziako Gobernuak 2020-2021 ikasturtea hibrido bezala aurkeztu zuen: erdia fakultatean, erdia etxean. Alabaina, 2020ko urriaren bukaeran bigarren itxialdia iragarri zuten. Malguagoa izanda ere, eta hainbat lanbidek eta eskolek jardunean jarraituta ere, unibertsitateetan dena etxetik egitera pasatu ziren, berriz.

Harrezkero, pantailaren atzean iragan da irakasleen eta ikasleen arteko komunikazio oro. «Hasieran ez nintzen benetan konturatzen gertatzen zenaz, eta neure buruari dena ongi joanen zela errepikatzen nion. Baina berehala konturatu nintzen depresioan sartua nintzela: ez nuen bizitzan deus egiteko gogorik, ez nuen ohetik atera nahi», deitoratu du Laura Louveau Frantses Letretako ikasleak. Iritzi berekoa da Odile Hiriart, formakuntza oporraldi bidez aurten fakultatean den ikastolako irakaslea. «Ez dakit garai honetatik aterako diren ikaskideak mundu profesionalerako prest diren, baina moralki ukan duten beherakadak eragina ukan dezake etorkizunari buruz duten ikuspegian».

Egoerak, halabeharrez, ikasketekiko deslotzea ekarri zuen. Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak Baionan duen campuseko Frantses Letretako lehen urtean, irailean 70 bat ikasle ziren, eta urtarrileko bueltaz geroztik, 30 baino ez; hau da, erdia baino gehiagok utzi egin du. Jon Peli Etxeberriaren kasua da, Euskal ikasketetako bigarren ikasturtean zegoena: «Jadanik banituen osasun arazoei eskolak distantzian gehitu izanak eraman nau ondorioztatzera ez naizela formakuntza bat segitzeko gai».

Bestalde, ikasle batzuk pisuetan bakarturik egoteak gurasoen etxera bueltatzera eraman ditu, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Argi azaldu du Emmy Cauchois ikasleak: «Ez naiz Iparraldekoa, eta nire etxera bueltatu nintzen, ezin nuelako erresidentzian bakarturik jarraitu, orain nagoena baino askoz okerrago bukatuko nuen. Hala ere, eskolentzat bezala azterketentzat, familia guztiarekin bakartzea eta kontzentratzea ezinezkoa zen».

Are gehiago, askori gertatu zaie gurasoen etxera bueltatu, eta unibertsitate ondoan zuten alokairua ordaintzera behartuak egotea. Adibide argia da Jon Goikoetxea, Erasmusean Gasteizetik Baionara joandako iruindarra: «Urrian Iruñera bueltatu behar izan nintzenean, Baionako ikasle apartamentuaren alokairua jaisteko eskatu nuen, baina ezezkoa erantzun zidaten. Oso penagarria da ikasleei zein ikasleen familiei horrelako diru zama gehitzea». Gainera, ez gainditzeagatik diru laguntzak galtzen dira, eta bigarren konfinamenduaren etorreraz geroztik ikasleen lan kontratu andana kendu dituzte. Ondorioz, askorentzat gurasoen etxera bueltatzea ez da «hautu» bat izan, «behar ekonomiko» bat baizik.

Protestak

Horren guztiaren ondorioz sortu zen Ikasle mamuak deituriko mugimendua. Helburu argia zuten: unibertsitateak berriz irekitzea. Sare sozialetan hasi zen, bizipen eta aldarrikapenak zabaltzeko asmoz, eta berehala hedatu zen kaleetara: 2021eko urtarrilaren 21ean, Lyonen, (Frantzia) 2.000 ikasle inguru bildu ziren, ezinegona adierazteko. Egun hartan bertan unibertsitateko lehen urteko ikasleen erdizkako bueltatzea ahalbidetu zuen Vidalek: ikasgela erdibanatu, eta talde bakoitzak aste bat ikasgelan, eta hurrengoa etxean gauzatu du harrezkero. Honekin batera, abantaila batzuk eskaini zituzten, hala nola egunean bi otordu euro baten truke —lehen otordu bakarra, eta 3,30 euroan saltzen zen—, edota laguntza psikologikorako txeke bat, ikasle bakoitzak nahieran baliatu dezan.

Ikasleek, ordea, neurriak urriak zirela estimatu zuten, eta kalera irteten jarraitu zuten. Frantziako Estatuko hainbat herritan izan ziren protestak, baita Ipar Euskal Herrian ere. Urtarrilaren 26an manifestazioa egin zuten Baionan. Bertan, Louveauk hartu zuen hitza. Honela gogoratzen du: «Twitterren aurkitu nuen gutun bat irakurri nuen. Denok sentitzen genuenari hitzak jartzea zela ohartu nintzen, eta ingurukoen emozioa ikustean, malkoak atera zitzaizkidan».

Hilabete pasatuta, martxorako unibertsitateak berriz beteko direla iragarri dute, pandemia hasi eta urtebete beranduago. «Sozialtasun orotatik moztuta egotea benetan zaila izan da», laburbildu du Cauchoisek. Harekin bat egin du Ihintza Malharinek, Neuropsikologia masterra Bordelen (Okzitania) egiten ari den zuberotarrak: «Normalean, ikasle zarelarik, badira alde txarrak eta alde onak: bada estres eta lan zama handia, baina badira ere laguntasun berriak, festak, zoriontsu egiten gaituzten gauzak. Jendeak aurten ikasle biziaren alde txarrak baino ez ditu bizi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.