Ikasle mugimendua indarberritzeko asmoz

Gora Ikasleon Borroka dinamikak urtarrilean jarri zuen abian Kargatzen prozesua, «euskal hezkuntza sistema propio eta eraldatzaile bat» martxan jarri nahian. Konfinamenduak modua baldintzatu dien arren, eztabaidan segitu dute hilabeteotan, ikasle subjektu berria sortzeko.

Ekhiñe Zapiain Arlegi. Berako Toki Ona institutuko ikaslea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Maiatzerako prest nahi zuten «ikasle subjektu berria», baina konfinamenduak erditik moztu zien eztabaida prozesua, eta atzeratu egin zaie, pixka bat. Konfinamenduan klaseak hala moduz egin behar izatea ez ezik, ikastetxeen irekieraren nahasmena eta ikasturte bukaera korapilatu zaizkie orain. Zailtasunak zailtasun, Internet bidez segitu dituzte Kargatzen prozesuko eztabaidak Gora Ikasleon Borroka dinamikako kideek, «metodologia moldatuta», eta, ikasturte honen bukaeran ez bada, hurrengoaren hasierarako espero dituzte emaitzak.

Urtarrilean abiatu zuten Kargatzen eztabaida prozesua Euskal Herriko dozenaka ikastetxetan, eta eztabaidaren oinarria den liburuxka 700 ikasleri banatu zieten. Testu horri jarraika egin dituzte eztabaidak, hiru saiotan: lehenean, orain arteko ikasle mugimenduari egin diote begiratua; bigarrenean, nolako hezkuntza sistema nahi duten eztabaidatu dute; eta azkenekoan, nola eginen duten izan dute hizpide.

«Propioa eta eraldatzailea»

2019ko ekainean hasi ziren biltzen Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikasleak Gora Ikasleon Borroka dinamikaren barruan, ikasle mugimenduan «hutsune» bat zegoela ikusita. Iparra argi dute hasieratik: «Euskal hezkuntza sistema propio eta eraldatzailea». Prozesuak leku bakoitzean izan duen bilakaera azaldu diote BERRIAri Ekhiñe Zapiain Arlegik, Adur Tolosa Berasategik eta Aitzol Gil de San Vicentek.

«Gure hezkuntza sistemanez dugu kritikoki lantzen gure pentsamendua»

Ekhiñe Zapiain Arlegi Berako Toki Ona institutuko ikaslea

Konfinamendutik, baina ikasle subjektu berriaren prestakuntzan gogoz aritu da Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Toki Ona institutuko ikaslea.

Aipatu izan duzue hutsune batetik abiatzen dela Kargatzen prozesua. Zein hutsunetatik?

Batez ere ikusten genuen martxan zegoen ikasle mugimenduak eramaten zituen dinamikak ez zirela egiatan ikasleok genuen errealitateari erantzuten ziotenak: hortik kanpoko zerbait zirela. Guk uste dugu ikasle mugimenduak hezkuntzan zentratzen den zerbait izan behar duela, eta azpimarratu nahi dugu tokian-tokian errealitate desberdina dugula, ikastetxe ezberdinetan, eta dinamikak egiterakoan hori kontuan hartu behar dela.

Baina nazionala izanen da, ez?

Proposatzen dugu behetik goiti joanen den dinamika bat: tokiko errealitatetik gero osatuko da nazionala. Politikoki hiru eremu administratibotan banatzen gaituzte, baina gu herri bat gara, eta hori erakutsi behar dugu.

Zure ikastetxean, nola joan da prozesua?

Ikasle anitz ziren inon militatu gabekoak, eta gehienbat interesatzen zitzaien arlo teorikoa, ez baitzekiten apenas ikasle mugimenduaren inguruan. Jendeak hagitz erantzun ona izan du, parte hartu du... Gogoz daude ikasleak.

Atera duzue ondoriorik?

Ondorio nagusia izan da orain arte ez dugula landu kritikarako joerarik eta ez garela gai izan aztertzeko gure ingurua. Gure hezkuntza sisteman ez dugu kritikoki lantzen gure pentsamendua: ikasten dugu erakusten digutena, eta kito.

Zeir kritika egiten diozue hezkuntza sistemari?

Hezkuntza da sistema birproduzitzeko tresna bat: sistemak balio jakin batzuk baldin baditu, hezkuntzan jasoko ditugu balio horiek. Adibidez, edukietan: guk sentitzen dugu herri bat garela, baina ez dugu ikasten gure herriaren historia. Denak ari gara ikasten, gure kasuan, Espainian zer gertatu den. Mila zapalkuntza gehiago ere bai: adibidez, zergatik ditugu komun bereiziak mutilek eta neskek? Irakasleekiko botere harremanak ere bai: irakasleek denetarik erraten ahal digute, eta guk ezin diegu deus erran.

Nafarroako kasuan, euskararekiko egin diren erasoek ere eragin nabarmena dute hezkuntzan. Gu, justu, bizi garen eskualdean lasai gaude, baina Tutera inguruko ikasleekin-eta izan dugu harremana, eta ikusi dugu herrialde berekoak izanda zein egoera ezberdinak ditugun, eta zein egoera larria dagoen Nafarroan.

«Hezkuntzak publikoa, feministaeta euskalduna izan behar du»

Adur Tolosa Berasategi Donostiako Luberriko ikaslea

Hezkuntza feminista eta publikoa ditu helburu Adur Tolosa Berasategik (Donostia, 2003). Antiguako Luberri ikastetxean ez ezik, Euskal Herri mailako bileretan ere parte hartu du.

Zer moduz joan da prozesua?

Euskal Herriko ikastetxe eta leku ezberdinetako ikasleak elkartzen hasi ginen, eman genuen lehen prentsaurrekoa Gasteizen, eta greba deialdia egin genuen... Egin ditugu asanbladak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta jendetsuak izan dira: 150-200 ikasle inguru elkartu gara, eta hortik hasi da.

COVID-19aren ondorioz, eten egin da, baina ikastetxeetan hirutik bi saio gutxienez egin genituen presentzialki, eta beste bi saio online. Ontzat jotzen dugu egindakoa.

Zer eztabaida nagusi atera dira zure ikastetxean?

Hamabost ikasle inguru elkartu gara, eta ikusi dugu, adibidez, feminismoak zer-nolako garrantzia duen hezkuntzan, eta, oro har, hezkuntzak izan behar duela publikoa, feminista eta euskalduna. Eztabaida guztietan hori ateratzen zen: gure hezkuntza sistema propioa nahi badugu, ezaugarri horiek izan beharko dituela.

Zergatik kritikatzen duzue egungo hezkuntza sistema?

Batez ere ez dutelako kontuan hartzen ikasleon ahotsa: zenbaki huts nahi gaituzte. Ez gaituzte nahi aktibo, baizik eta sakabanatuta, kontrolatuagoak egoteko eta indarrik ez edukitzeko haiei aurka egiteko.

Koronabirusarekin, adibidez, sistema ez da gai izan moldatzeko egungo egoerara: ez dituzte kontuan hartu ikasleok ditugun errealitate ekonomikoak, eta, gainera, baldintzatu egin dituzte genituen zaintza lanak. Berriro ikusten da kapitala jarri dutela aurretik, eta hezkuntza, osasuna eta bizitza alde batera utzi.

Euskal Herriko zazpi lurraldeak batzen dituen subjektua sortu nahi duzue. Zer garrantzi du zuretzat horrek?

Sinesten dugu gure herrian, baina, gero, hiru eremu administratibotan dago banatuta, eta bi herrialderen artean. Elkartzeak ematen du poza, ilusioa, indarra.

«Hezkuntza sistema ez dago sortua gure herriari erantzuteko»

Aitzol Gil de San Vicente Bernat Etxepareko ikaslea

Ipar Euskal Herriko euskarazko lizeo bakarrean ikasten du Aitzol Gil de San Vicentek (Hendaia, 2003), Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Harago joan nahiko luke, ordea: Ipar eta Euskal Herri osora.

Zer moduz joan da prozesua Bernat Etxepare lizeoan?

Lehengo urtean ikasle asanblada sortu genuen, eta Bernat Etxepareko bizitzan eragitea lortu genuen, gure ustez. Hainbat mobilizazio jendetsu egin genituen, azaroaren 28ko greban ere kalera atera ginen… Ikastetxeko errealitateari erantzunez eta ikastetxean militatzeaz gain, nazionalki saretzen hasi ginen, eta esango nuke ekarpena egin dugula eta nahiko ongi joan dela.

Zertaz eztabaidatu duzue?

Ikasle mugimenduak izan behar dituen ezaugarri eta funtzioei buruz hitz egin dugu bereziki, eta Ipar Euskal Herrian ikasle mugimenduak izan behar duen garrantziaz ere aritu gara. Gu Etxeparen gaude, baina badakigu hemen Ipar Euskal Herriko ikasleen zati txiki bat baino ez dela elkartzen: Etxeparetik harago doan ikasle estrategia bat behar dugu, besteak beste Ipar Euskal Herriko ikasle guztiek euskaraz ikasteko eskubidea izan dezaten.

Zer zailtasun ikusten dituzu Ipar Euskal Herrian?

Hezkuntza sistema hau ez dugu guk erabakitzen, eta ez dago sortua gure herriari erantzuteko. Madrildik eta Paristik hartzen dira erabakiak, eta gure hizkuntza eta herria zapaltzen dituzte. Gure kasuan, konkretuki, oztopoak jartzen dizkigute euskaraz ikasteko eta azterketak euskaraz pasatzeko, eta, gure herriaren inguruko edukiak landu ordez, Frantziak osotasuna hartzen duen edukiak ematen ditu hezkuntza nazionalak. Erabaki horien guztien atzean dago Frantziako Estatuak desagerrarazi egin nahi dituela Euskal Herria eta gure kultura.

Euskal Herriko zazpi lurraldeak batzen dituen mugimendua izateak zer garrantzi du zuretzat?

Problematika batzuk ikastetxe askotan birproduzitzen dira, eta beharrezkoa iruditzen zitzaigun nazionalki antolatzea, euskal hezkuntza sistema propio bat daukagulako helburu: horren alde nazionalki ere borrokatu behar da. Euskal Herrian, ikasle mugimenduak garrantzi handia izan du beti historian zehar, eta Euskal Herrian egondako borrokekin oso lotua egon da ikasleon borroka. Garaiak eskatzen duenari erantzuten dion ikasle mugimendu bat behar dugu, indartsua.

Nolako sistema nahi duzue?

Amesten dugu euskal hezkuntza sistema propio batekin, burujabea, publikoa, euskalduna, askatzailea… Azken finean, merkatu produktu bat izango ez dena eta hezkuntza ikasle askeak sortzeko prozesu bilakatuko lukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.