Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 28 ikastetxetara hedatu du iritsi berri diren ikasleei euskarazko komunikazio gaitasuna ematea helburu duen programa, Eusle. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak eman zuen atzo programaren nondik norakoen berri, Lucia Torrealdai Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera Bilbon eginiko agerraldian. Finean, hauxe da Eusle: iritsi berri diren ikasleak bost eta hamar kide bitarteko taldeetan elkartzea aparteko gela batean, euskarazko komunikazio gaitasuna eskuratzeko.
24 eta 36 hilabete bitarteko iraupena du programak, eta Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako ikasleentzat da. Iritsi berri diren ikasleek astean hamar eta hamabi ordu bitartean igarotzen dituzte aparteko gela horietan, ohiko gelan sartzeko hizkuntza gaitasunak eskuratu arte.
Ikasleek euskaraz A2 maila eskuratzea da helburua, horrekin batera ikasleen inklusioa eta «hezkuntza arrakasta» lortuko dutelakoan. Hau da, baliagarria iruditzen zaie, eskolan harremanak izateko ez ezik, gainerako ikasgaietarako ere. Ikasgelako tutoreaz gain, Eusle programako tutorea ere izaten dute bidelagun ikasleek.
Programaren helburuak lortzeko, Hezkuntza Sailari «giltzarri» iruditzen zaio irakasleak prestatuta egotea. Hori dela eta, ohar bidez azaldu dutenez, irakasleak trebatzeko programa bat ere ondu dute. Gainera, beste baliabide bat ere izango dute eskura parte hartzen duten ikastetxeek: dagoeneko proba egin duten eskolek erabilitako material didaktikoa.
Iaz, «emaitza positiboak»
Eusle iazko ikasturtean jarri zuten lehenengoz martxan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau ikastetxetan. Hezkuntza Sailak «emaitza positiboak» izan dituela ziurtatu du. Esaterako, nabaritu dute Eusle taldeetan ikasketarako «giro positiboa eta kohesionatzailea» sortu dela, eta, horri esker, ikasleak «lasai eta ziur» sumatu dituzte ohiko gelara igarotakoan: «Horrela, zailtasun handirik gabe egin dute bat ikasle hauek euren erreferentziazko taldearekin». Gainera, haien hitzetan, ohartu dira Eusle geletan egon diren ikasleak A2 maila lehenago lortzen dutela.
Hori ikusita, 2021-2022ko ikasturtean eskola gehiagotara zabaltzea erabaki dute. Orotara, 28k parte hartuko dute: Arabako zortzik, Gipuzkoako hamalauk eta Bizkaiko seik. Gainera, berrikuntza bat ere sartu dute: unibertsitateen parte hartzea; Hezkuntza Sailarekin batera, haiek arduratuko dira programa ebaluatzeaz.
Ikasle iritsi berriei euskara irakasteko Eusle programa 28 eskolatara zabaldu dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lau ikastetxetan ezarri zuen programa iaz, eta, «emaitza positiboak» izan dituela ikusita, hedatzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu