Koronabirusa

Ikasle gehienek ikasturtea gainditzeko irizpidea eman die Madrilek erkidegoei

Zelaa hezkuntza sailburuekin bildu da ikasturtea nola bukatu erabakitzeko. Ekainean amaituko dute, baina udan errefortzuko ekintzak antola ditzakete. Unibertsitateek ere ebaluazioak egingo dituzte

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroa azalpenak ematen, atzo arratsaldean. EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Azken hilabetean buruhauste ugari sortzen ari den gaia da ikasturte amaiera. Atzo argitu ziren zalantzetako batzuk, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa eta Espainiako erkidegoetako hezkuntza ordezkariak bildu ostean. Arratsaldean emandako agerraldian iragarri zuen ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutela eta errepikatzea «salbuespenezko neurria» izango zela. Halere, zehaztu zuen ez dietela ikasle guztiei gainditutzat emango kurtsoa. Ikasleek hirugarren ebaluazioan «oinarrizko konpetentziak» landuko dituztela esan zuen, eta aurten landu ez dituztenak hurrengo ikasturtean garatuko dituztela. Horretarako, plangintza egokitzen hasiko dira. Irizpide orokor horiek erkidegoetan onestea espero du orain Zelaak.

Ikasturtearen amaiera eguna ere erabaki dute. Ekainean bukatuko dute, eta azpimarratu zuen ez dela «ikasturtea galtzea» izango. Gainera, udan errefortzurako ekintza boluntarioak antolatuko dituzte. Mota askotakoak eta ekintza ludikoekin batera egiteko izango direla ziurtatu zuten. Planifikatzen ari dira hori.

Lanbide Heziketako eta unibertsitatera sartzear diren ikasleek ere jaso zituzten argibideak. Carla Sanz Lanbide Heziketako idazkari nagusiak azaldu zuen lanbide heziketako ikasleek praktiketan malgutasuna izango zutela, esaterako, orduak murriztuta 400 ordutik 220ra igaroko dira. Zelaak esan zuen unibertsitatera sartzeko proban ere «aukera gehiago» eskainiko dizkietela.

Bileran parte hartu zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. «Irizpideak eta orientazioa» ontzat jo zituen. Nabarmendu zuen berak gidatzen duen saila lanean ari dela ikasturtea nola amaitu erabakitzeko, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hezkuntza arloan dituzten eskumenen arabera. Plan horretan zehaztuko dituzte zein diren ikasleek ezagutu behar dituzten oinarrizko edukiak, nola ebaluatuko dituzten eta horretarako zein irizpide eta tresna erabiliko dituzten. Gainera, aztertzen ari dira hainbat egoeratan aurrez aurreko eskolak nola berreskuratu, osasun egoerak hori baimentzen badu. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilaria ere Zelaak zuzendutako bilera telematikoan egon zen. Ohar bidez erantsi zuen «osasun baldintzak» betetzen direnean itzuliko direla ikasleak ikasgeletara. Gainera, azpimarratu zuen lortu dituzten akordioek modua ematen diotela Nafarroari lantzen jarraitzeko aurtengo curriculuma datorrenarekin batzeko proposamena, horrela egungo egoeran gertatzen ari diren «desberdintasunak» zuzentzen jarraitu ahal izateko formakuntza prozesuak.

Unibertsitateak epe barruan

Unibertsitateek ere ezarritako egunean amaituko dute kurtsoa, eta ebaluazioak eginda. Hala erabaki dute Politika Unibertsitarioko Konferentzia Orokorrean, Manuel Castells Espainiako Unibertsitateetako ministroak erkidegoetako unibertsitateetako ordezkariekin bilera egin ostean. Madrilgo ministroak irizpide orokorrak ezartzen dituen gidalerro batzuek biltzen dituen dokumentua ezagutarazi die erkidegoetako ordezkariei, eta ordezkariek, nork bere konpetentziak aintzat hartuaz ebatziko du nola amaitu ikasturtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak