Ikasle erdaldunak euskarara hurbiltzeko leiho bat

Nafarroan, euskara ikasgaia unibertsalizatzeko eskatzen dute zenbait adituk, euskararekin kontakturik ez duten ikasleek sarbide bat izan dezaten. Orain arte, UPNk eta PSNk bide hori trabatu dute.

Zigako eskola. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Adituak bat datoz: A ereduak ez du balio ikasleak euskalduntzeko. Eduki ia guztiak gaztelaniaz eman eta euskara ikasgai gisara eskaintzen duen eredu bat ez da aski ikasle eleaniztunak sortzeko. Eta, hala ere, egoera eta baldintza jakin batzuetan, tresna oso eraginkorra izan daiteke. Akaso ez elebidun osoak hezteko, baina bai gazteak euskarara hurbiltzeko. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, adibidez, euskarari bizkarra emanda bizi dira ikasle gehienak, hizkuntzarekin kontakturik txikiena ere izan gabe. Preseski, zenbait eragilek adierazi dute halakoetan mesedegarria izanen litzatekeela euskara ikasgai bat unibertsalizatzea, eta Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdi batzuek ere mahai gainean jarria dute kontua. Alta, alderdi espainiarzaleek «inposiziotzat» jo dute urrats hori ere, mugatua izanagatik.

«Egoera zeharo ezberdina da EAEn eta Nafarroan», azaldu du Juan Pedro Urabaien A ereduko irakasle eta ELA sindikatuko kideak. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, euskara ofiziala da, eta ikasle guztiek jasotzen dute eskolan, gehiago ala gutxiago. Nafarroan, arkitektura juridiko hori falta dugu, eta hemen, ikasle gehienek hitz bakar bat ere ez dute aditzen euskaraz».

Urabaienek La Compasion ikastetxe erlijiosoan ematen zituen eskolak —orain liberatua dago sindikatuan—, Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta uste du euskara ikasgaiak «ekarpen handia» egiten diela familia erdaldunetako seme-alabei: «Astean lau ikastordu ematen dituzte euskaraz, eta DBHn, berriz, hiru. Ikasleek B1 titulua lor dezakete 16 urterekin, eta B2a Batxilergoa bukatzean. Ez da nolanahiko kontua». Haren irudiko, A ereduaren helburua ez baita «euskara menperatzea», sarbide izatea baizik: «Tituluak gorabehera, ikasleek pixkanaka-pixkanaka egiten dute euskararako bidea. Batzuek euskaltegian edo hizkuntza eskolan osatzen dute euskalduntze prozesua, eta hori da inportanteena, funtsean: euskara propio sentitu dezatela eta oinarrizko maila bat eskuratu dezatela».

A eta D ereduak osagarriak direla uste du Urabaienek, eta Nafarroako hezkuntza sisteman horiek «orokortzearen» alde dago. Ez da bakarra. Paula Kasares soziolinguistak ere hauxe adierazi zion BERRIAri iazko abenduan: «Nafarroan, ikasleen erdiak baino gehiago bizi dira inguru erdaldunetan, eta eskolaldi osoa egiten dute euskararen igurtzirik txikiena izan gabe». Horri buelta emateko, «egiturazko aldaketa handi bat» galdegin zuen hezkuntza sisteman, «bermatzeko belaunaldi berriek gutxieneko harreman bat dutela euskararekin».

Nafarroako Gobernu barruan ere, bada euskara ikasgaia ikasle guztiei ematearen alde agertu denik. Iragan legealdian, esaterako, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak mahai gainean jarri zuen aukera hori, Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroan: horrek de facto desagerraraziko luke erdara hutsezko G eredua, ikasle guztiek euskarazko hiru edo lau ikastordu izanen bailituzkete astean. UPNk eta PPk gogor kritikatu zuten proposamena, eta, azkenerako, haiekin lerratu zen PSN, aukera hori baztertuta. Kazetariek auziaz galdetu ziotenean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esan zuen ez zuela asmorik indarrean diren hizkuntza ereduak aldatzeko. Argudiatu zuen familiei «askatasuna» bermatu behar zaiela, «nahiago duten eredua aukeratzeko». Iaz, gobernua osatzeko negoziazioetan ere desadostasunen multzoan utzi zuten plana, eta tiraderan dago ordutik.

Gain behera, PAIren eraginez

Nafarroan, ikasleen herenek aukeratzen dute D eredua, eta A eredukoak, bestalde, %19 inguru dira. PAI programa ezarri izanak zeharo baldintzatu du bi eredu linguistiko horien bilakaera. Gaur egun, adibidez, nekez aurkitu daiteke A eredua bere hartan eskainiko duen ikastetxerik: PAI programan sartu zituzten gehienak. «Familiei buruan sartu zieten ingelesa dela seme-alabek ikas zezaketen gauzarik inportanteena, anglofilia absurdo bat, eta orain ari gara hori nabaritzen», esan du Urabaienek. «A-PAI ereduko ikastetxeetan, adibidez, naturaltzat daukate ingelesa, eta arraro begiratzen diote euskarari. Arrotz bihurtu dute euskara, ikasle horien begietara. Are okerragoa da egoera G ereduko eskoletan: horietan, euskara ez da beste erkidego bateko hizkuntza besterik».

Horregatik, ELAko kideak uste du PAI programak «desagertuz» joan behar lukeela, euskarazko ereduek gora egin dezaten: «Ongi deritzot ikasle guztiek ingelesa ikasteari, baina sasi-murgiltze hori aldrebeskeria hutsa da, eta ez dio inori mesederik egiten. D ereduan ere ingelesa ikasten dute, eta emaitza onak atera». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko bidea galdegin du Nafarroarako ere: «A eta D ereduak izan beharko lirateke aukeran, ikasle guztientzat, eta, hori eginda, bilakaera EAEn azken hamarkadatan izan dutenaren parekoa izanen litzateke: hasieran, ikasle gehienek hautatuko lukete A eredua, baina, urte gutxiren buruan, gehienek D eredura joko lukete».

Horretarako lehen urratsa, baina, euskara ikasgaia «derrigorrezko» bihurtzea dela uste du: «Hizkuntza propio bat duten erkidego guztietan, hizkuntza horri dagokion ikasgai bat gutxienez derrigorrezkoa da ikasle guztientzat. Izan Katalunian, izan Valentzian, izan Galizian... Tamalez, hemen ez da urratsik egin legedia aldatzeko eta Nafarroa beste erkidegoekin berdintzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.