Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan elkartu dira eguerdian elbarriak diren ikasleen laguntzaileak, FSU-Snuipp eta FO sindikatuek grebarako eguna deitu ondoan. Dozena bat laguntzaile bildu dira; «guti» antolatzaileen arabera, baina salatu dute lan baldintza oso txarrak dituztela, eta greba egitea «zaila» zaiela.
Izan ere, laguntzaileak ikasgeletan egoten dira ikasle elbarriak jarduera desberdinak egitera bideratzeko, ama eskolatik goi mailako ikasketetaraino. Eskola ordutegietan baizik ez dute lan egiten, eta, horren ondorioz, «lanaldi partzialak» egitera «behartuak» egotea deitoratu dute. Prestaketa lan guzia, gainera, ez da kontuan hartua lan kontratuan. Horiek horrela, pobrezia mailaren azpitik bizi dira, hilabetean 900 bat euroko lansaria baitute.
Margaux Declerq Baionako Albert Camus kolegioan laguntzailea da, eta lau ikaslez arduratzen da. Lehen aldiz, greba egin du egun, «leporaino» delako. «Azkenaldian gauza anitzek kexua eragin didate. Nik ahal bezain bat ordu egin nahi ditut lanean, baina behartua naiz %60ko lanaldia egitera. Eta, gainera, ez dut horren araberako lansaria izan, arazo administratibo batengatik». Kontatu du Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministro berriak sari gehigarri bat hitzeman diela laguntzaileei, baina ez dela oraindik etorri. «Ez dut uste Hezkuntza Ministerioan postu garrantzitsuak dituztenek lansariekin arazo administratiborik dutenik. Gu beti gara galtzaileak».
Egoera berean da Geraldine Baud, bera ere laguntzailea da, eta «lanbidearen etorkizunari begira kezka handia» duela erran du. Izan ere, Attalek proposatu du elbarria duten haur laguntzaileen eta zaintzaileen lanbideak bateratzea, eta postu bakarra sortzea bi lanbideak batuz. «Gure lanekiko ezezagutza eta mespretxu handia erakusten du horrek. Ez ditugu batere zeregin berak betetzen, ez da posible». Hark ere lansariarekin arazoak izan ditu: izan ere, lanaldia doi bat emendatu diote iaztik, baina irailean, iazko lansari bera ukan du, hots, ordu gutiago lan egin balitu bezala.
Baudek eta Declercqek esplikatu dute, gainera, kontratupeko ordutegia baino ordu gehiago pasatzen dituztela lanean. Declercq: «Ikasleen inguruko profesionalekin eta gurasoekin koordinazio lana egiten dugu, gure ordutegiak kudeatzen ditugu, klaseak prestatzen ditugu: argiki, ordu gehigarri anitz egiten ditugu, urririk».
Egoera horren aitzinean, FSU-Snuipp sindikatuak, laguntzaileen egoera hobetzeko, funtzionario estatusa ematea eskatu dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Ezinbestean, hiru urteren ondotik, kontratu mugagabeak egiteko galdegin dute, eta lansariak «nabarmen» igotzea. Eskatu dute, era berean, zaintzaileen eta laguntzaileen lanbideen bateratzea bertan behera uzteko, eta jardunaldi osoko lanpostuak eskaintzeko.