Ekainaren 17an, Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 ikaslek filosofiako azterketa euskaraz egin zuten, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Gazteek erabaki zuten baxoa ikasturte osoan ikasketetarako darabilten hizkuntzan egitea, euskaraz. Ikasleek prentsaurreko batean ohartarazi zuten azterketa ez gainditzeko arriskua zutela horregatik.
Iban Thikoipe, Etxepare Lizeoko zuzendaria: «Frantziak hizkuntz eskubideak errespetatu behar ditu»
Astelehenean eman zizkieten azterketen emaitzak. Ikasle gehienei ez zizkieten azterketak zuzendu «arrazoi politikoak» edo «arrazoi militanteak» ematen zituztela argudiatuta. Hala ere, salbuespen bat izan zen astearte goizean. Beste ikasleei 1 eta 6 arteko notak jarri dizkiete; ikasle batek, aldiz, gainditu egin du azterketa: 20tik 12 atera du. Zuzentzaileak honela justifikatu du nota, ohar batean: «Proposamen koherentea. Arrazoinamendu eraikia. Egindako baieztapenak justifikatuak dira, eta gaiari erantzuten diote».
Zuzendu ez dituzten azterketa gehienetan bestelako justifikazioak idatzi dituzte zuzentzaileek: «Euskaraz egindako kopia. Argi eta garbi arrazoi militanteengatik. Oinarrizko arauak ez dira errespetatzen, eta edukia ezin da baloratu. Zigor egokia azterketa nazional baten ikuspuntutik». «Arrazoi politikoak» tartean daudela aipatu dute beste zuzentzaile batzuek.
«Pozik eta harro»
Maialen Errekart baxoa euskaraz egitea erabaki duen ikasle baten ama da. Azaldu duenez, azterketa askatasunaren inguruan egitea tokatu zitzaion alabari, eta, hori baliatuz, sarrera frantsesez idatzi zuen eta, ostean, euskaraz jarraitu. Haren hitzetan, alabak ez zituen aipatu «politika gaiak» idatzitako testuan. «Pozik eta harro» sentitzen da ikasleek egindako ekintza sinbolikoaren harira.
Ikasle batek soilik gainditu du filosofiako baxoa, oraingoz
Bernat Etxepare ikastetxeko 40 ikaslek filosofiako azterketa euskaraz egitea hautatu zuten; gehienek ez dute gainditu azterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu