Euskararen arnasgune diren udalerrietako hizkuntza ezagutza eta erabilera maila jaitsi dela ikusita, hezkuntza programa bat jarri du martxan Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Soziolinguistika edukiak ikasgeletan txertatzeko helburuarekin diseinatu dute programa; irailean hasi zuten esperimentazio fasea, Alegiako, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako (Gipuzkoa) zazpi ikastetxeetan. Programa 400 ikaslerekin landu ondoren, emaitzak aurkeztu zituzten atzo Zarauzko Berritzegunean. Ondoren, programa hobeto ezagutzeko hainbat ariketa praktiko egin zituzten bertaratutako ikasle, euskara teknikari eta irakasleekin.
Uemako teknikari Xabi Aizpuruak diseinatu du hezkuntza programa, eta 2016-2017ko ikasturtean martxan jartzea espero du Uema osatzen duten 73 herrietan. Esperimentazio fasearekin gustura dago Aizpurua; azken hiru hilabeteetan bost jardunaldi egin dituzte, eta saio horietan euskararen normalizazioari buruzko galdetegiak bete dituzte ikasleek. Batxilergoan, gainera, sei gelako ikastetxe batean probako esperientzia egin dute:«Herri euskaldunek eragile rola betetzen dutela kontuan izanda, ezinbestekoa da udalerri euskaldunetako joera gelditzea eta, eredu izaten jarrai dezaten, tontorrean mantentzea, besteak gorantz erakartzeko».
Ikasleei hizkuntzaren egoera aurkeztu die Aizpuruak, eta egin dezaketenaz ohartarazi ditu: «Hizkuntzen arteko harremanak erakutsi nahi dizkiegu, euskaldun gisa ahaldundu eta aktibatzeko». Bereziki DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako proiektua da, baina adin guztietara zabalduko dute. «Asmoa da Uemako herriekin hasi eta ahalik eta udalerri gehienetara iristea: Haur Hezkuntzako 90, Lehen Hezkuntzako 87, DBHko 48, Batxilergoko 20 eta Lanbide Heziketako 13 gelatan hasiko gara oraingoz».
Proiektu iraunkorra eta integrala izan dadin espero du Aizpuruak: «Epe luzerako ikuspegiarekin diseinatu dugu, eta pixkanaka, hezkuntza ziklo guztietara zabalduko dugu». Erakunde eta elkarteekin elkarlanean ariko dira, irakasleei heziketa eskainiz. Hala, curriculum-dokumentuetan txertatuta joango da.
Programaren bidez, ikasle eta irakasleen artean jarrera aldatzea bilatzen du Uemak, eta hizkuntza bat mantentzeak dakarren erronka ulertarazi. «Hizkuntza bat ez da soilik gramatika, bizirik dagoen ekosistema bat da. Horregatik da horren garrantzitsua hainbat kontzeptu ezagutzera ematea». Aizpuruaren esanetan, arnasguneak, ofizialtasuna eta berezko hizkuntza terminoak arrotzak egiten zaizkie hainbat ikasleri: «Arnasguneen kontzeptua ez dator liburuetan, eta ofizialtasunaz ere ez zaie nahikoa azalpen eskaintzen. Esperimentazio fasean parte hartu zuten ikasleek ulermen sakonagoa bereganatu zuten tailerretan parte hartu ondoren».
Atzerakada geldituz
Duela urte batzuk hasi zen Uema euskararen arnasgunetzat hartutako herrietan atzerakada nabaritzen, eta, atzerakada hori gelditzeko asmoz, udalerrietan euskararekin zuten pertzepzio soziolinguistikoa ikertzen hasi zen Aizpurua: «1981ean erabat euskaldunak ziren herri askotako maila %60-70 da egun. Kezkatzekoa iruditzen zaigu. Edozein hizkuntzak behar du nagusi den eremu bat; horregatik, arnasbide diren udalerrietan atzerakada gelditu nahi dugu, eta gainontzeko herrietan hazkunde joera mantendu».
Euskara. Hezkuntza arnasguneetan
Ikasgeletan soziolinguistika edukiak emango ditu Uemak
Udalerriak euskaldundu eta herritarrak ahalduntzeko hezkuntza programa aurkeztu du Xabi Aizpurua Uemako euskara teknikariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu