Maiatzaren 11ren datarekin segitzen du Frantziako Gobernuak. Egun horretatik aitzina konfinamendutik ateratzen hasiko direla iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lehengo astean, eta gobernuari eskatu zion "plan bat" aurkezteko hamabost egun barne. Sailez sail, planaren lehen zirriborroak aurkeztu dituzte gaur Frantziako Ministroen Kontseiluan. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak lerro nagusiak aurkeztu zituen atzo.
Maiatzaren 11ko astean, lehenik, irakasleak sartuko dira, eta, ondoren, ama eskolako azken urtekoak, eta lehen mailako lehen eta bosgarren urtekoak; maiatzaren 18ko astean, kolegioko seigarren eta hirugarren mailakoak, eta lizeoko leheneko eta terminaleko ikasleak itzuliko lirateke; maiatzaren 25eko astean, ikasle guziak itzuliko lirateke, betiere talde txikika.
Blanquerrek erran zuen "pixkanaka" eginen dela Ikasgelarako itzulera: "ikasle guziak ez dira batera itzuliko ikasgelara". Gehienez ere, hamabost ikasle batuko dituzte ikasgeletan. Hala ere, ez zuen zehaztapenik eman praktikan hori nola gauzatzen ahalko den: gaur egun, 30 ikasle inguru izan ohi dira ikasgelarik gehienetan.
Unibertsitatean ez dira ikasgelara itzuliko heldu den iraila aitzin, baina, gaur-gaurkoz, ikasturte bukaerako azterketak atxikiko dituzte.