Nahia Garcia DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan dago, Gasteizko Lakua institutuan. Gelakideek baino zailtasun handiagoak ditu. Haren aita Pedro Garciak azaldu duenez, alabak gorreria du, eta ez da ahozko hizkuntza erabiltzeko gauza; keinu hizkuntzan soilik mintzo da, eta, gorreria motagatik, ezin diote kokleako inplanterik jarri. Eskolan duen egoeraz kexu da. Esaterako, azaroaren 23tik urtarrilaren 29ra keinu hizkuntzako interpreterik gabe egon zen ikasgelan, horretan ari zen profesionalak baja hartu behar izan baitzuen. Asteon arazo bera izan du berriro ikasle gazteak. Eta kexua ozendu nahi izan du familiak: «Nahiak behar du, gutxienez, interpretea edukitzea jardunaldi osoan».
Aurrez ere egin izan duen salaketa berritu du sendiak: pedagogo terapeutikoen eta komunikazio bitartekarien bidez bideratu nahi ditu Jaurlaritzak tankerako premiak dituzten ikasleen premiak. Hezkuntza Sailak argudiatu izan du, momentuan, zerrendetan ez dagoela interpreterik, eta horregatik kontratatu dituztela bestelako soslaidun profesionalak. Berez, formakuntza apalagoa dute horiek. Familiaren arabera, Jaurlaritzaren argudioak ez dira zuzenak: kontratatzeko eran badira interpreteak, baina ez dituzte lan poltsan sartzen. Kexuak jarri dituzte horregatik, EAEko Arartekora ere jo dute, baina esaten dute inork konponbiderik ez diela ematen.
Garciaren irudiko, interpreteen lana egingo duten pedagogo terapeutikoak eta bitartekari komunikatiboak kontratatzera egiten bada ere, funtzioak eta jakintzak ez dira berdinak: «Interpreteak dauka keinu hizkuntzaren ezagutza zabala». Hori ikasgelan islatzen dela dio: «Nire alaba pedagogo terapeutiko batekin badago ikasgelan, eta irakasle batek hitzaldi bat ematen badu, adibidez, naturari buruz, galdetu edozein pedagogo terapeutikori, eta zera esango dizu: ‘Ni ez nago prestatuta hori keinu hizkuntzan interpretatzeko’. Nire alabak zalantza bat badu, profesional horrek lagun diezaioke keinu hizkuntzan emandako azalpenekin, baina hitzaldiak-eta interpretatu behar ditu horretarako prestatuta dagoenak: interprete batek».
Segurtasun falta eragiten dio interprete faltak ikasle gazteari, eta ateak ixten dizkio. Familiak kontatu du lehengo hilean, adibidez, astebeteko udaleku batzuetara joan gabe geratu zela, interpreterik ez zegoelako. Pedagogo terapeutiko batekin egotea proposatu zioten orduan ere: «Norbait etorriko zen hitzaldi bat ematera edo ekintza bat egin beharko zuten, eta nire alaba ez zen ezertaz jabetuko».
Urteetako borroka
Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetan interprete bat eduki zuen eskola ordutegi osoan, Gasteizko San Prudencio ikastetxean. «Interprete horrek erakutsi zion keinu hizkuntza nire alabari, bere egitekoa izan gabe, ze interpretearen eginkizuna interpretatzea da. Ordura arte, ahal genuen bezala komunikatzen ginen alabarekin», gogoratu du aitak. Urte haietan, «gustura» egon zirela nabarmendu du, nahiz eta hobetzekoak ikusten zituzten.
Alabaina, egoera aldatu egin zen bigarren hezkuntzara igarotzean. Garciak azaldu duenez, bitartekari komunikatibo bat jarri zioten DBH1en. «Ikusi genuen oso gaizki zebilela». Horregatik, ikastetxez aldatzea erabaki zuten: «Hain zuzen ere, pentsatu genuen, itunpeko ikastetxetik atera eta gure etxe aurreko institutu publikoan matrikulatuta, Nahiari behar dituen baliabideak eman beharko zizkiotela». Hala izan zen irailean, baina profesional horrek baja hartzen duen aldiro, batere gabe geratzen da.