Ikas-Bi, Senatuaren erabakiarekin uros

Senatuak onartutako hizkuntza legeak irakaskuntza elebiduna bultzatzen duela uste du elkarteak

Baiona
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ikas-Bi eskola elebiduneko guraso elkarteak balorazio positiboa helarazi duFrantziako Senatuak onartutako Eskola Legearen inguruan. Mixel Esteban Ikas-Biko hizkuntza garapenaren arduradunak esan du lege onarpen hori kontuan hartu beharreko «onarpen historiko bat» dela: «Garaipen historiko bat da, lehen aldikotz lege berri honek irakaskuntza elebiduna eta tokiko hizkuntzen irakaskuntza kontuan hartzen baititu». Gaineratu du orain arte ele bitan ikastearen aukera ez zela legeetan agertzen.

Bide beretik, gogoratu du lege onarpena «puntu baikor handia» dela. Izan ere, tokian tokiko hizkuntzaren inguruko azken legea orain dela 70 urteko legea baitzen, eta «gaur egungo egoerarekin lotura handirik» ez duela.

Senatuak onarturiko lurralde hizkuntza legeak frantsesa eta euskara «maila berean» uzten dituela uste du Estebanek. Horrez gain, legean aipatzen da tokian tokiko hizkuntzan ikastea onuragarria dela eta euskaraz ikasten duten haurrek «errestasun handiagoa» dutela Europako beste hizkuntza handiak ikasteko orduan.

Frantziako Senatuak Eskola Legeari egindako lehen zuzenketa onartu eta, bide batez, zirrikitu txiki bat ireki die hizkuntza gutxituei. Parlamentuak aztertu ondoren, senatuak ekin zion Eskola Legearen azterketari. Senatuak onartu duen zuzenketaren bidez, lege egitasmoaren 27-bis artikulua moldatu da. Artikulua aldatu aurretik, gurasoek edo legezko ordezkariek hizkuntza gutxituan ikasteko traba ezar zezaketen.

Gainera, Europako hizkuntza gutxituen gutunean irakaskuntzari buruzko legeak aplikatzen dira, eta, Ikas-Bi elkartearen ustez, bertan agertzeak «puntu garratzitsu bat ekarriko du» irakaskuntza elebidunarentzat.

«Familiak jakinean egon behar dira, frantsesez ikasteaz gain elebidunez ere ikasten ahal dela», esan du Estebanek. «Informazio hori ez bazaie ematen, automatikoki eskola frantsesetara bideratuko dituzte beren haurrak, lekuko hizkuntzan ikasteko aukerarik eman gabe».

FLAREP tokian tokiko hizkuntzen irakaskuntza publikoa bultzatzen duen elkartearen laguntza nabarmendu du Ikas-Bik.

Lehen eskola elebidunaren sorrera ere aipatu du elkarteak. Orain dela 30 urte, 1983ko apirilean, urte bat lehenago publikatutako Savary zirkularrari segida emateko, hezkuntza nazionalak lehen aldiz ireki zizkion ateak irakaskuntza elebidunari. 30 urte horietan egindako lana modu alaitsuan ospatzeko, egun osoko besta «euskalduna» antolatu dute Saran, ekainaren 16an.

Amaiurren osoko zuzenketa

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformatzeko lege proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko dio Amaiur koalizioak. EH Bilduko legebiltzarkideekin zein Aralar-NaBai eta Bilduko Nafarroako parlamentariekin bilera egin zuten atzo Amaiurreko diputatuek, «herri gisa erreformari erantzuna» emateko asmoz. «Legeak ez die gure beharrei erantzuten, eta gure hizkuntza errealitatetik eta gizartetik at dago», esan zuten Iruñean Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi Amaiurreko diputatuek. Erreformaren ikuspuntua «uniformatzailea» dela salatu dute.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak erreforma aztertzeko bilerara deitu ditu gaurko, Lakuan, hezkuntza sektoreko hamabost eragile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.