Teresa Toda. 'Egin'-eko zuzendariorde ohia

«Ikaragarria da ikustea jendea hil ostean ere ez dutela bakean uzten»

MONIKA DEL VALLE.
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Teresa Toda (Porto Alegre, Brasil, 1950) zuzendariordea zen Egin itxi zutenean. Egunkariaren kontrako jazarraldiaren alderik makurrena bizitzea egokitu zitzaion: 18/98 auzian epaituetako bat izan zen, sei urteko zigorra ezarri zioten, eta azken egunera arte bete behar izan zuen. Azken urteotan, eta Foro Soziala desegin arte, lan handia egin du elkargune horretan gatazkaren ondorioen konponbidearen alorrean.

Zer gogoratzen duzu Egin-en kontrako prozesu luze hartaz?

Alde politikoa albo batera utzita, nik nabarmenduko nuke auzi honetan min handia dagoela. Erabaki politiko bat izan zen, eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso bortitz bat. Ez hori bakarrik: gizarteari informazio desberdina jasotzeko eskubidea ukatu zioten.

Pentsatzekoa da aurtengo urteurrena berezia izango dela, Jabier Salutregiren heriotza hain gertu egonda.

Bai, eta hasiera-hasieratik aipatu nahiko nuke Salutregi, nire zuzendari eta lagun handia izandakoa. Egin-en azken etapan, egunkaria berriztatu genuenetik, oso pertsona garrantzitsua izan zen. Kazetari ausarta zen, ausartegia beharbada, eta sekulako gaitasuna zuen gauzak abian jartzeko eta gaiak beste ikuspuntu batetik lantzeko. Hildako beste lagun batzuk ere gogoratu nahiko nituzke: Isidro Murga eta Jose Ramon Aranguren Administrazio Kontseiluko kideak, eta Manu Aranburu, epaiketa hasi aurretik hila. Hori guztia ere minaren barruan sartzen da. Ikaragarria da ikustea jendea hil ostean ere ez dutela bakean uzten, orain Salutregirekin gertatu den bezala.

Egin-en kontrako erasoak lehenagotik zetozen, ezta?

Hasiera-hasieratik etengabeak izan ziren: Xabier Galdeanoren eta Josu Muguruzaren hilketak, Pepe Reyren kontrako auzibideak, presioak, erakundeen publizitatea ukatzea eta abar. Adibidez, batzuetan irainez betetako fax mordoa jasotzen genuen, Espainiako hedabide batzuek bidalita.

Uste duzu Egin-eko langileek aitortzaren bat merezi dutela?

Bai, nik uste dut ondo legokeela aitortzaren bat zenbait instituzio, alderdi, hedabide eta kazetariren aldetik. Duela hiruzpalau urte Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Egin-en egoitzan zeuden argazki eta bestelako material batzuk artxibatzea. Ordurako, eta denboraren poderioz, gauza asko hondatuta zeuden, baina erabaki hura nolabaiteko aitortza txiki bat izan zen. Edonola ere, formalki inork ez digu halakorik egin. Nik ez dut ezer eskatzen: badakit orain egoera bestelakoa dela, gauza askok hobera egin dute, eta zenbait sufrimenduren aitortza egin da. Gurea ere aitortzea eskertzekoa litzateke.

Zer ekarpen egin zion Egin-ek euskal kazetaritzari?

Batez ere, kazetaritza beste ikuspegi batetik egitea. «Ahotsik gabeko ahotsa» izatearen esapide hori topiko bilakatu da, baina egia da: ni Madrilen berriemaile aritu nintzenean, batez ere baztertutako jendea elkarrizketatzen nuen. Gauza interesgarri asko egin genuen: Euskal Herrian egindako lehen igandekaria geuk atera genuen, Gaztegin gehigarria oso berezia zen, mendizaletasunari eskainitako orriak, txirrindularitzari buruzko lehiaketak... Gauza asko daude Egin-en historian.

Gaur egun, nola ikusten duzu adierazpen askatasunaren egoera?

Oso baldintzatuta dago. Alde batetik, kazetari gazte askok oso modu prekarioan egiten dute lan, eta, beste aldetik, hedabide handiek prentsa oharren arabera funtzionatzen dute. Kazetariaren jakin-min hori oso apalduta dago. Eta Pablo Gonzalez ere aipatu nahiko nuke: haren egoera pentsaezina litzateke Europan, baina badirudi beste interes politiko batzuk gailendu direla, eta Espainiako Estatuak ez du ezer egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.