Ikamak unibertsitateetara eta Lanbide Heziketara ere zabalduko du bere jarduna

Gogoeta prozesuan jardun dute ikasle antolakundeko kideek, eta txosten batean jaso dute hemendik aurrera zerk eta nola zedarrituko duen bere jarduna; Durangon egin duten ekitaldi batean aurkeztu dute, gaur.

Ikamaren kongresua, Durangon. ANDONI CANELLADA/FOKU
Ikamaren kongresua, Durangon. ANDONI CANELLADA/FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 7a
13:30
Entzun

Ikama izena bera ikasleria eta martxan berbak batuta sortua dute, eta gaur ikasle mugimenduko kideek aurrera segitzeko asmoa berretsi dute Durangon (Bizkaia) egin duten ekitaldi batean. Hemendik aurrerako jardunbideak zedarrituko dituen oinarria aurkeztu dute horretarako: Ihaurri. Ikamako II. Kongresuaren ponentzia. Bertan jakitera eman dituzten berritasunen artean hau da nabarmenetarikoa: zabaldu egingo dute jarduera eremua, unibertsitateetan eta Lanbide Heziketako zentroetan ere ariko dira hemendik aurrera.

Gogora ekarri dute COVID-19aren izurriaren ondorioei aurre egite aldera jarri zutela martxan Ikama. Lehen urteotan beren jardunbidea Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan bideratu badute ere, harago egiteko borondatea dute orain. «Antolakundea estrategia integral bat izateko jaio zen, eta orain du hezkuntzako hiru eremu nagusietan antolatu eta jardun politikoa garatzen hasteko momentua», azaldu dute. «Beraz, gaurdanik Ikama Bigarren Hezkuntzan, unibertsitatean eta Lanbide Heziketan antolatuta egongo den ikasle antolakundea izango da», jaso dute txostenean. Horretarako urratsak abiaraziak dituzte hainbat ikasketa zentrotan.

Urteotan «handitu» egin direla azaldu dute ikasleek, eta ezinbestekoa dela orain haragoko urrats bat egitea: «Jauzi organizatibo eta politikoa». Beren xede nagusia zein den ere gogora ekarri dute: «Ikasleok Euskal Herrirako behar dugun hezkuntza sistema eraikiko dugu». Trabak handiak direla gogoratu dute. «Azken hamarkadetan, hezkuntza sistemaren agorpen eta inboluzio fase bat bizitzen ari gara Mendebaldeko gizartean eta, beraz, baita Euskal Herrian ere». Eta kapitalaren itzal luzeak dituen ondorioez ohartarazi dute. «Hezkuntza sistema enpresa pribatuaren mesedetara dago. Ibilbide akademikoa lan munduratzera bideratuta dago, lan esku izatera, zehazki».

Hori aintzakotzat hartuta, berariaz aipatu dute txostenean unibertsitate pribatuetan ere jardutearen garrantzia. Horien funtzionatzeko eran «merkatuaren logikak» aparteko indarra duela adierazi dute, eta hor ere «erreferente» izateko ahalegina egin behar dute lan aldaketaren alde ari diren eragileek.

Zenbait zentrotan egoera agerikoagoa bada ere, gizartean txertatutako gaitz asko guztiz zuztartuta ikusten dituzte, oro har, hezkuntza sistema osoan, eta areago horiek betikotzeko eta oraindik sakonago sustraitzeko bidea ere badela uste dute. «Digitalizazioarekin» batera, eskoletan-eta «kontrolerako mekanismoak» handitu egin direla gogoratu dute, adibidez, «patriarkatuaren» itzala oso luzea dela, eta «autoritarioa» dela usu ikastetxeetan jarduteko era. «Edukiak jaso eta barneratzera mugatzen da, ikuspegi kritikorik garatzeko tresnarik gabe».

Helburuak

Hiru helburu nagusi jarri dituzte beren jardunerako: eredu propio bat eraikita ikas baldintza duinen alde borrokatzea, ikasleen artean independentismoa sustatzea, eta bideak lantzea gazteak burujabeagoak eta kritikoagoak izateko. Helburu horiek gogoan dituen «proiektu politikoa» landu dute, eta horren bidez etorkizunean zer lorpen irudikatu nahi duten ere argi adierazi dute: «Euskal hezkuntza sistema publiko komunitarioa eskuratzea».

Horretarako landu duten proiektu politikoaren ezaugarriak bost dira. Nazionala izan behar du: «Gure erreferentziazko eremu politikoa Euskal Herria da». Komunitarioa: «Egun gailentzen diren joera indibidualisten gainetik, gure proiektuak elkartasuna eta auzolana lantzen dituen eredua izan nahi du». Publikoa: «Hezkuntzarako eskubidea pertsona ororen eskubidea izanik, eskubide hau bermatzea erantzukizun sozial eta kolektiboa da». Feminista: alegia, «sistema zisheteropatriarkalak birproduzitzen dituen logiketatik at» dagoena. Eta euskalduna: «Hezkuntza euskalduna zein euskaltzalea beharrezkoa dugu». Ezaugarri horien araberako lan ardatzak eta barne funtzionamendua zehaztu dituzte txostenean.

Ikasleen artean egun martxan diren gainerako antolakundeekin lankidetzan jarduteko asmoa agerian utzi dute Ikamako kideek. Adibide bat ipini dute: «Euskararen aldeko borrokan eta borroka feministan Ikamak euskara taldeak eta ikasle feminista taldeak bidelagun izango ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.