Ikama ikasle antolakundeak grebara deitu ditu Euskal Herriko ikasleak martxoaren 20rako; hain zuzen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Lanbide Heziketarako eta unibertsitaterako egin dute deialdia. Aurreratu dute datozen asteetan emango dutela mobilizazioen berri.
Zera izango da leloa: Behar dugun hezkuntzarako, independentzia!. Izan ere, Ikama «kezkatuta» dago gaur egungo egoerarekin: «Espainiako eta Frantziako estatuek gidatutako hezkuntza sistemek goia jo dute, sistema kapitalista zisheteropatriarkala betikotu dute, eta Euskal Herriaren asimilazioarako tresnak dira. Gure herriak eta euskal ikasleok jasaten dugun zapalkuntzaren erantzule zuzenak dira». Horrenbestez, iruditzen zaie badagoela zer hobetua hezkuntzan: «Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa eraikitzea ezinbestekoa da; beraz, gure betebeharra da ikasleen artean eta oro har hezkuntza sistema osoan independentziaren aldeko aldarria zabaltzea. Izan ere, horrek eskainiko dizkio Euskal Herriari behar beste botere egitura hezkuntza sistema hemen eraikitzeko eta erabakiak hartzeko».
Ez hori bakarrik. Ikamaren ustetan, gero eta agerikoagoa da faxismoaren aurrerakada ere: «Ezin du hezkuntza sisteman lekurik izan, eta euskal ikasleriari hori borrokatzea dagokigu, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balio independentistak aldarrikatuz. Faxismoa borrokatu eta ateak itxiko dizkion ikasle olatu bat osatu behar dugu».
Asmo horrekin antolatu dute ikasle greba martxoaren 20rako: «Kaleak hartuko ditugu. Ikasleok ezkerretik eta independentismotik harrotuko den olatu bat sortuko dugu. Etorkizuneko hezkuntza sistemaren
diseinurako balio eraldatzaileak transmititu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dugu».